Badakizuenez, edoskitzeagatik, egunean ordubete libre hartzeko eskubidea daukagu umeak 9 hilabete bete arte. Baina baimen honek hainbat zirrikitu dauzka eta gehienak hemen azaltzen ahalegindu gara:

  • Ze modutan har daitekeen
  • Jardunaldi osoetan hartu nahi izanez gero, zelan kalkulatzen den
  • Zelako aldeak dauden sektore pribatu eta publikoaren artean
  • Baimen hau (beste biak bezala) etxeko langileek ere har dezaketela
  • Umeak 12 hilabete bete arte luzatu ahal dela eta zenbait kasutan subsidioa eskatu ahal dela
  • Zergatik ezin dugun edoskitzeagatiko baimenik hartu langabezian bagaude edo autonomoak bagara

Edoskitzeagatiko baimenaren inguruko guztia:

Edoskitzeagatiko baimena

2024/05/29
Azken eguneraketa: 2025/09/17

— Langileen Estatutuko 37.4 artikulua
— Enplegatu Publikoen Oinarrizko Estatutuko 48.f) artikulua
— 6/2019 Lege-Dekretuko 2.9. artikulua
— 2/2024 Lege Dekretuko 1. artikulua

 

Edoskitzeagatiko baimena Langileen Estatutuko 37.4 artikuluak eta Enplegatu Publikoen Oinarrizko Estatutuko 48.f) artikuluak dakarte, inoren konturako langileok, etxeko langileak barne, dauzkagun ordaindutako baimenen artean.

Baimen ordaindu guztiak zeintzuk diren jakin nahi baduzu, bota begirada bat beste artikulu honi:

Zertan datza?

Umeak 9 hilabete bete arte, egunean ordubete libre hartzeko eskubidea daukagu. Hau hiru modutan egin daiteke:

— Esan bezala, egunean ordubete libre har dezakegu, segidan edo ordu erdiko tarte bitan.

Jardunaldia murriztu: Lanera beranduago sartu edo lehenago irten ahal gara. Hau aukeratzen badugu, ordu erdiz baino ezingo genuke jardunaldia laburtu, sarreran edo irteeran.

— Jardunaldi osoetan metatu ahal dugu. Edoskitzegatik dagozkigun ordu libre guztiak pilatu eta jardunaldi osoetan har dezakegu baimena.

⇒ Bikiak edo hirukiak izan badituzu (erditze, harrera zein adopzioan), denbora hau ere horren arabera handituko da; hau da, hiru ume, hiru ordu, esaterako.

Langile bakoitzaren eskubide indibidual eta transferiezina da. Hau da, guraso biek disfruta dezakete, baina batek ere ezin dio uko egin beste gurasoak baimen bikoitza har dezan.

Sektore publikoaren kasuan

Hasieran esan bezala, Langileen Estatutuak ez ezik, Enplegatu Publikoen Oinarrizko Estatutuak ere jasotzen du baimen hau. Kasu bietan oso antzekoa den arren, zenbait ezberdintasun badaude:

— Baimena umeak 12 hilabete bete arte disfruta daiteke (sektore pribatuko langileek aukera hau ere badaukate, nahiz eta, berez, ez izan ordaindua, prestazioa eska daitekeen arren, geroxeago ikusiko dugunez).

Jardunaldia murriztea aukeratzen badugu (beranduago sartu edo lehenago irten), ordubetez egin ahal izango dugu. Gogoratu enpresa pribatuko langileek ordu erdiz baino ezin dutela murriztu, sarreran edo irteeran. Enplegatu publikoen kasuan, ordea, ordu erdiz sarreran eta ordu erdiz irteeran ala ordubetez sarreran edo irteeran murriztu ahal izango dugu.

⇒ Langile laboralak, jaiotza eta edoskitze baimenei dagokienez, Enplegatu Publikoen Estatutuaren menpe daude. Hortaz, baldintza hauek aplikatuko zaizkie eta ez Langileen Estatutuak ezartzen duena. (EPOEaren 7. artikulua eta Langileen Estatutuko 22. Xedapen Gehigarria).

Ordutegia

Egunean ordubeteko baimena hartzen badugu edo jardunaldia murriztea nahiago badugu, geuri dagokigu ordutegia erabakitzea, ez enpresari (zenbait hitzarmen kolektibotan honen inguruko gidalerroak egon daitezke).

Hala ere, enpresak aukeratu dugun ordutegia ukatu ahal digu, baina, beti ere, arrazoi tekniko edo antolakuntza arlokoak eman beharko lituzke. Ukatzen badigu eta ez bagaude ados, demanda sartu ahal dugu. Lana eta familia bateratzeko eskubide guztiekin jarraitzen den prozedura izango litzateke:

Enpresak ukatu eta 20 egun daude Lan Arloko Epaitegian demanda jartzeko

— Premiazko prozedura da: demanda onartu eta hurrengo bost egunetan izango litzateke bista eta sententzia hiru eguneko epean eman beharko litzateke.

— Kalte-galerak eska daitezke, baldin eta enpresak ez badu onartu langilearen proposamena epaiketa egiten den bitartean.

Prozedura hau Jurisdikzio Soziala arautzen duen 36/2011 Legearen 139 artikuluan kontsulta dezakezue.

Jardunaldi osoetan metaturiko edoskitzea

Langile gehienek aukeratzen duten modua hauxe izaten da: ordubeteko baimena pilatzea eta jardunaldi osoetan metatzea. Aukera honekin, zelan edo halan esateko, praktikan, gurasotasun baimena hainbat egunetan luzatuko genuke. Zein da formula? Umeak 9 hilabete bete arte falta diren lan egunak zenbatu (lan egun bakoitzetik ordubete dagokigu) eta langilearen jardunaldiaz zatitu. Hau da, baimen ordu guztiak jardunaldi bihurtu behar ditugu.

Beheratxoago azalduko dugun azken aldaketa batekin Ministeriorik saldu zuten edoskitzeagatiko baimena 28 egunekoa izatera pasatuko zela eta hainbat komunikabidek bere horretan jaso zuten, baina hau gezur hutsa da. Edoskitzeagatik egokituko zaigun denbora ezberdina izango da kasu bakoitzean, zenbait aldagairen menpe dagoenez gero (eta, gainera, ez dago apenas 28 eguneko kasurik, ez bada erditze anizkoitza izan, adibidez):

— Seme-alaben kopurua. Lehen aipatu dugunez, ume bakoitzeko ordubeteko baimena izango genuke eta, hortaz, erditze, harrera edo adopzio anizkoitza izan bada, egokituko zaigun denbora biderkatuko da.

— Langilearen jardunaldia. Jardunaldiaren iraupena edozein dela ere, ordubeteko baimena izango genuke berdin-berdin. Hori bai, ordu horiek guztiak batu eta jardunaldi bihurtzen ditugunean, jardunaldi partzialaz kontrataturik bagaude, egun libre gehiago hartzeko aukera izango dugu, beherago emango ditugun adibideetan ikus daitekeenez.

— Zein egunetan itzuli den langilea gurasotasun baimena disfrutatzetik, oporrak hartu ote dituen eta zenbat lan-egun falta diren umeak 9 hilabete bete arte

Balizko kasu zehatz batzuk emango ditugu adibide moduan::

1. kasua: Gurasotasun baimena disfrutatu ostean (17 aste) oporrak hartu ditugu (30 egun). Berriro lanera itzuli garenetik umeak 9 hilabete bete arte, 130 egun natural daude eta, hauetatik, 98 lan egunak dira, adibidez. Hortaz, 98 ordu egokituko litzaiguke edoskitzeagatiko baimenerako. 98 ordu hauek gure jardunaldiaren iraupenaz zatitu behar ditugu:

– Jardunaldi osoz (8 ordu egunean): 98 / 8 = 12,25 egun

2. kasua: Oporrak hartu ez bagenitu, 30 egun natural gehiago izango lirateke: 22 lan egun gehiago = 22 ordu gehiago. Hortaz, orotara 120 egun/ordu:

120 / 8 = 15 egun

3. kasua: Jardunaldi partzialaz aritzen bagara, zatikatzailea baxuagoa denez, emaitza handiagoa izango da. Adibideari jarraiki, demagun 120 ordu dagozkigula:

– Jardunaldi osoz (8 orduz): 120 / 8 = 15 egun
– Jardunaldi partzialaz (6 orduz): 120 / 6 = 20 egun
– Jardunaldi partzialaz (4 orduz): 120 / 4 = 30 egun

* Kasu bakoitzean kalkulu zehatzak egin beharko dira. Hemen egin duguna hurbilpena baino ez da, azalpena zertxobait argitzearren.

⇒ Gogoratu langile publikoek umeak 12 hilabete bete arte disfruta dezaketela baimena. Hortaz, metatuz gero ere, halaxe egin beharko dira kalkuluak.

 

∗ Azken aldaketak (2/2024 Lege-Dekretua)

Aipatutako 2/2024 Lege-Dekretua indarrean hasi arte, hitzarmen kolektiboak ez bazuen aukera ematen edo ez bazegoen enpresarekiko itun edo akordiorik, ezinezkoa zen edoskitzeagatiko baimena jardunaldi metatuetan disfrutatzea. Horixe da, hain zuzen ere, aldatu zena: edoskitzea jardunaldi osoetan metatzeko aukera langile guztiei zabaldu zitzaien, hitzarmenak islatu ala ez. Honela, hitzarmenak dakarrena kontuan hartuko da, baldin eta baldintza orokorrak hobetzen baditu.

Aldaketa hau, bere momentuan, Europako 2019/1158 Zuzentarauaren transposizioa amaitzea omen zuen helburutzat. Zuzentarau honek Europako Estatuak, Espainiakoa barne, gurasotasun baimenak zabaltzera behartu zituen. Bere momentuan azaldu genizuenez -lehen ere aipatu dugun gezurra tarteko- neurri honekin ez zen heltzen Zuzentarauak ezartzen zituen gutxienekoetara. Ez zen heltzen neurri honekin, ezta 2023an sortu zen 8 asteko baimen EZ ordainduarekin. Hori dela eta, 8 asteko delako baimenaren inguruko artikuluan zein gurasotasun baimenari buruzko artikuluan irakurri ahal duzuenez, Estatuak isuna jaso zuen. Badirudi, 2025eko uztailean, gurasotasun baimena 19 astera luzatzearekin, azkenik, heldu egin dela.

Informazio gehiagorako:

Baimena luzatu umeak 12 hilabete bete arte (subsidioa)

Esan dugunez, edoskitzegatiko baimena umeak 9 hilabete bete arte irauten du. Hala ere, aukera daukagu 12 hilabete bete arte luzatzeko. Hori bai, gainontzeko hiru hilabete horietan baimena ez litzateke ordaindua izango. Gainera, honetarako, beharrezkoa da guraso biek lan egitea eta biek edoskitzeagatiko baimena eskatu izana.

Horrela, lanik egingo ez genukeen jardunaldi proportzioa ez litzateke kobratuko. Hala ere, Gizarte Segurantzari subsidio bat eskatu ahal zaio diru-galera honi aurre egiteko (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko II. Tituluko VII. Kapitulua: “Bularreko umearen erantzunkidezko zaintza”). Adi! Guraso bakar batek baino ezin du eskatu.

Eta hau irakurrita, ziurrenik, niri gertatu bezala, zeuen buruari galdetu diozue ea zer gertatzen den ama bakarreko familietan, ea horrelako kasuetan ezin ote den prestazio hau eskatu. Gaiaren inguruan informazioa bilatzeari ekin nion eta bai, INSS halako kasuetan eskaerak atzera bota izan ditu. Hala ere, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak kontrako sententzia eman zuen 2022an. Esan nahi baita, ama batek salatu zuen INSSen erabakia eta, errekurtsoak tarteko, azkenik, Auzitegiak langileari arrazoia eman zion eta subsidio hau jasotzeko eskubidea aitortu zion.

Beraz, hau bada zure kasua eta Gizarte Segurantzak eskaera atzera botatzen badizu, ez etsi eta jarri kontaktuan sindikatuarekin.

Guraso biek enpresa berean lan egiten badute

Guraso biek enpresa berean lan egiten badute, enpresak baimena aldi berean disfrutatzea mugatu ahal du. Edozelan, langile biek baimena aldi berean hartzeak enpresaren funtzionamendua oztopatu beharko luke eta enpresak arrazoi objektibo horiek idatziz azaldu beharko lituzke. Honetaz gain, alternatiba bat eskaini beharko luke, langile biek baimena disfrutatuko dutela eta kontziliazio eskubideak errespetatuko direla bermatzeko.

Ez langabezian dauden langileak, ezta langile autonomoak ere

Badakizuenez, langabezian bagaude eta prestazioa jasotzen ari bagara, posible dugu jaiotzagatiko prestazioa eskatzea. Honetaz gehiago jakin nahi baduzu, beste artikulu honetan kontatu dizugu:

Jaiotzagatiko baimena eta prestazioa langile guztion eskubidea da, aktiboan egon ala ez egon, Gizarte Segurantzak bere gain hartu eta ordaintzen duena. Edoskitzeagatiko baimena, ordea, enpresak ordaintzen du. Horregatik ez da posible eskatzea langabezian bagaude.

Era berean, langile autonomoek, jaiotzagatiko prestazioa Gizarte Segurantzari eska diezaioketen arren, ez daukate edoskitzeagatiko baimenerako aukerarik.

Aurreabisua

Enpresari 15 egun lehenago abisatu beharko diogu.

Bertan adierazi beharko dugu ze ordutegitan nahi dugun baimena disfrutatu (ordubeteko baimena, segidan edo ordu erdi biko tarteetan), jardunaldia ordu erdiz murriztu nahi ote dugun (sarreran edo irteeran) edo metaturik disfrutatu nahi ote dugun.