Edoskitzeagatiko baimena

2024/01/10

— Langileen Estatutuko 37.4 artikulua
— Enplegatu Publikoen Oinarrizko Estatutuko 48.f) artikulua
— 6/2019 Lege-Dekretuaren 2.9. artikulua
— 7/2023 Lege-Dekretuaren 1.1. artikulua

Edoskitzeagatiko baimena Langileen Estatutuko 37.4 artikuluak eta Enplegatu Publikoen Oinarrizko Estatutuko 48.f) artikuluak dakarte, langileok dauzkagun ordaindutako baimenen artean.

Baimen ordaindu guztiak zeintzuk diren jakin nahi baduzu, bota begirada bat beste artikulu honi:

Zertan datza?

Umeak 9 hilabete bete arte, egunean ordubete libre hartzeko eskubidea daukagu. Hau hiru modutan egin daiteke:

— Esan bezala, egunean ordubete libre har dezakegu, segidan edo ordu erdiko tarte bitan.

— Lanera beranduago sartu edo lehenago irten ahal gara. Hau aukeratzen badugu, ordu erdiz baino ezingo genuke jardunaldia laburtu, sarreran edo irteeran.

— Jardunaldi osoetan metatu ahal dugu. Edoskitzegatik dagozkigun ordu libre guztiak pilatu eta jardunaldi osoetan har dezakegu baimena.

⇒ Bikiak edo hirukiak izan badituzu (erditze, harrera zein adopzioetan), denbora hau ere horren arabera handituko da; hau da, hiru ume, hiru ordu, esaterako.

Langile bakoitzaren eskubide indibidual eta transferiezina da. Hau da, guraso biek disfruta dezakete, baina batek ere ezin dio uko egin beste gurasoak baimen bikoitza har dezan.

Sektore publikoaren kasuan

Hasieran esan bezala, Langileen Estatutuak ez ezik, Enplegatu Publikoen Oinarrizko Estatutuak ere jasotzen du baimen hau. Kasu bietan oso antzekoa den arren, zenbait ezberdintasun badaude:

— Baimena umeak 12 hilabete bete arte disfruta daiteke (sektore pribatuko langileek aukera hau ere badaukate, nahiz eta ez izan ordaindua, geroxeago ikusiko dugunez)

Jardunaldia murriztea aukeratzen badugu, ordubetez egin ahal izango dugu. Gogoratu enpresa pribatuko langileek ordu erdiz baino ezin dutela murriztu, sarreran edo irteeran. Enplegatu publikoen kasuan, ordea, ordu erdiz sarreran eta ordu erdiz irteeran ala ordubetez sarreran edo irteeran murriztu ahal izango dugu.

⇒ Langile laboralak, jaiotza eta edoskitze baimenei dagokienez, Enplegatu Publikoen Estatutuaren menpe daude. Hortaz, baldintza hauek aplikatuko zaizkie eta ez Langileen Estatutuak ezartzen duena. (EPOEaren 7. artikulua eta Langileen Estatutuko 22. Xedapen Gehigarria).

Ordutegia

Egunean ordubeteko baimena hartzen badugu edo jardunaldia murriztea nahiago badugu, geuri dagokigu ordutegia erabakitzea, ez enpresari (zenbait hitzarmen kolektibotan honen inguruko gidalerroak egon daitezke). Hala ere, enpresak ukatu ahal digu, baina, beti ere, arrazoi tekniko edo antolakuntza arlokoak eman beharko lituzke.

Ukatzen badigu eta ez bagaude ados, demanda sartu ahal dugu. Lana eta familia bateratzeko eskubide guztiekin jarraitzen den prozedura izango litzateke:

Enpresak ukatu eta 20 egun daude Lan Arloko Epaitegian demanda jartzeko

— Premiazko prozedura da: demanda onartu eta hurrengo bost egunetan izango litzateke bista eta sententzia hiru eguneko epean eman beharko litzateke.

— Kalte-galerak eska daitezke, baldin eta enpresak ez badu onartu langilearen proposamena epaiketa egiten den bitartean.

Prozedura hau Jurisdikzio Soziala arautzen duen 36/2011 Legearen 139 artikuluan kontsulta dezakezue.

Jardunaldi osoetan metaturiko edoskitzea

Langile gehienek aukeratzen duten modua hauxe izaten da: ordubeteko baimena pilatzea eta jardunaldi osoetan metatzea. Aukera honekin, zelan edo halan esateko, praktikan, gurasotasun baimena hainbat egunetan luzatuko genuke. Zein da formula? Umeak 9 hilabete bete arte falta diren lan egunak zenbatu (lan egun bakoitzetik ordubete dagokigu) eta langilearen jardunaldiaz zatitu. Hau da, baimen ordu guztiak jardunaldi bihurtu behar ditugu.

Nahiz eta Ministeriotik egun kopuru zehatza bota eta komunikabideek bere horretan jaso, ez da horrela. Edoskitzeagatik egokituko zaigun denbora ezberdina izango da kasu bakoitzean, zenbait aldagairen menpe dagoenez gero:

— Seme-alaben kopurua. Lehen aipatu dugunez, ume bakoitzeko ordubeteko baimena izango genuke eta, hortaz, erditze, harrera edo adopzio anizkoitza izan bada, egokituko zaigun denbora biderkatuko da.

— Langilearen jardunaldia. Jardunaldiaren iraupena edozein dela ere, ordubeteko baimena izango genuke berdin-berdin. Hori bai, ordu horiek guztiak batu eta jardunaldi bihurtzen ditugunean, egun libre gehiago hartzeko aukera izango dugu, beherago emango ditugun adibideetan ikus daitekeenez.

– Zein egunetan itzuli den langilea gurasotasun baimena disfrutatzetik, oporrak hartu ote dituen eta zenbat lan-egun falta diren umeak 9 hilabete bete arte

Adibideak:

Gurasotasun baimena disfrutatu ostean (16 aste) oporrak hartu ditugu (30 egun). Berriro lanera itzuli garenetik umeak 9 hilabete bete arte, 130 egun natural daude eta, hauetatik, 98 lan egunak dira, adibidez. Hortaz, 98 ordu egokituko litzaiguke edoskitzeagatiko baimenerako. 98 ordu hauek gure jardunaldiaren iraupenaz zatitu behar ditugu:

– Jardunaldi osoz (8 ordu egunean): 98 / 8 = 12,25 egun

Oporrak hartu ez bagenitu, 30 egun natural gehiago izango lirateke: 22 lan egun gehiago = 22 ordu gehiago. Hortaz, orotara 120 egun/ordu:

120 / 8 = 15 egun

Jardunaldi partzialaz aritzen bagara, zatikatzailea baxuagoa denez, emaitza handiagoa izango da. Adibideari jarraiki, demagun 120 ordu dagozkigula:

– Jardunaldi osoz (8 orduz): 120 / 8 = 15 egun
– Jardunaldi partzialaz (6 orduz): 120 / 6 = 20 egun
– Jardunaldi erdiz (4 orduz): 120 / 4 = 30 egun

* Kasu bakoitzean kalkulu zehatzak egin beharko dira. Hemen egin duguna hurbilpena baino ez da, azalpena zertxobait argitzearren.

 

⇒ Gogoratu langile publikoek umeak 12 hilabete bete arte disfruta dezaketela baimena. Hortaz, metatuz gero ere, halaxe egin beharko dira kalkuluak.

 

• Azken aldaketak

2023ko abendura arte, hitzarmen kolektiboak ez bazuen aukera hau ematen edo ez bazegoen enpresarekiko itun edo akordiorik, ezinezkoa zen edoskitzeagatiko baimena honela disfrutatzea. 7/2023 Lege-Dekretuak hau aldatu du eta, hortaz, gaur gaurkoz langile guztiok aukera daukagu baimena jardunaldi osoetan metatzeko. Hitzarmenak dakarrena kontuan hartuko da, baldin eta baldintza orokorrak hobetzen baditu.

Lege-Dekretuaren izenburuan ikusten dugunez, Europako 2019/1158 Zuzentarauaren transposizioa amaitzea omen du helburutzat. Izenburu ponpoxoa, areago kontuan hartzen badugu dekretuan hartzen den neurri bakarra hauxe berau dela: hitzarmenak jasotzen ez duen kasuetan ere edoskitzeagatiko baimena metatu ahal izango dela. Ez da baimen edo neurri berri bat, baizik eta jadanik existitzen zen zerbaiten zabalpena.

Zuzentarau honetaz beste artikulu batzuetan aritu gara, Estatuak jadanik hainbat neurri hartuak dituelako bertan ezartzen dena betetzeari begira, hala nola, gurasoek orain disfruta dezaketen 8 asteko baimen berria. Batetik eta besteak beste, 8 asteko baimen hau ordaindua izan beharko litzateke, bere artikulu espezifikoan azaltzen dugunez, eta bestetik, edoskitzeagatiko baimena metaturik ere, ez ginateke helduko lana eta familia bateratzeari begira Europatik ezartzen den gutxieneko denborara. Hortaz, nekez esan daiteke neurri honekin Zuzentarauaren transposizioa amaituta dagoenik.

Baimena luzatu umeak 12 hilabete bete arte

Esan dugunez, edoskitzegatiko baimena umeak 9 hilabete bete arte irauten du. Hala ere, aukera daukagu 12 hilabete bete arte luzatzeko. Hori bai, gainontzeko hiru hilabete horietan baimena ez litzateke ordaindua izango. Gainera, honetarako, beharrezkoa da guraso biek lan egitea eta biek edoskitzeagatiko baimena eskatu izana.

Horrela, lanik egingo ez genukeen jardunaldi proportzioa ez litzateke kobratuko. Hala ere, Gizarte Segurantzari subsidio bat eskatu ahal zaio diru-galera honi aurre egiteko (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko II. Tituluko VII. Kapitulua: “Bularreko umearen erantzunkidezko zaintza”). Adi! Guraso bakar batek baino ezin du eskatu.

Gizarte Segurantzaren ORRIALDE HONETAN irakurri ahal duzue prestazio honen inguruko guztia eta BESTE HONETAN zein den beharrezko dokumentazioa kontsultatu eta eskaera-orria jaitsi ahal izango duzue.

Guraso biek enpresa berean lan egiten badute

Guraso biek enpresa berean lan egiten badute, enpresak baimena aldi berean disfrutatzea mugatu ahal du. Edozelan, langile biek baimena aldi berean hartzeak enpresaren funtzionamendua oztopatu beharko luke eta enpresak arrazoi objektibo horiek idatziz azaldu beharko lituzke. Honetaz gain, alternatiba bat eskaini beharko luke, langile biek baimena disfrutatuko dutela eta kontziliazio eskubideak errespetatuko direla bermatzeko.

Langabezian egonda, disfruta daiteke?

Badakizuenez, langabezian bagaude eta prestazioa jasotzen ari bagara, posible daukagu jaiotzagatiko prestazioa eskatu. Honetaz gehiago jakin nahi baduzu, beste artikulu honetan kontatu dizugu:

Jaiotzagatiko baimena eta prestazioa langile guztion eskubidea da, aktiboan egon ala ez egon, Gizarte Segurantzak bere gain hartu eta ordaintzen duena. Edoskitzeagatiko baimena, ordea, enpresak ordaintzen du. Horregatik ez da posible eskatzea langabezian bagaude.

Era berean, langile autonomoek, jaiotzagatiko prestazioa Gizarte Segurantzari eska diezaioketen arren, ez daukate edoskitzeagatiko baimenerako aukerarik.

Aurreabisua

Enpresari 15 egun lehenago abisatu beharko diogu.

Bertan adierazi beharko dugu ze ordutegitan nahi dugun baimena disfrutatu (ordubeteko baimena, segidan edo ordu erdi biko tarteetan), jardunaldia ordu erdiz murriztu nahi ote dugun (sarreran edo irteeran) edo metaturik disfrutatu nahi ote dugun.