Egun libreak edota baimen ordainduak, ze kasutan daukagu horretarako eskubidea?

2021/09/27an eguneratua

Langileen Estatutuko 37. artikulua

Langileen Estatutuaren 37. artikuluan ordaindutako baimenak azaltzen dira. Gogoratu Langileen Estatutuak gutxienekoak markatzen dituela, baina, askotan, gutxieneko hauek hitzarmen kolektiboan hobeturik daudela. Hortaz, kontsultatu zure hitzarmena, bertan zehazturik izango baituzu zeintzuk kasu hartzen diren barne zure enpresan eta zenbat denbora har dezakezun kasu bakoitzean.

Hemen dakartzagunak ohikoenak dira eta, esan bezala, langile guztiei onartu behar zaizkien gutxienekoak.

Ezkontza:
15 egun natural. Hitzarmen askotan, honezkero, ezkontza eta izatezko bikotea erregistratzea parekaturik daude.

Etxez aldatzea:
Egun bat

Senideen ospitaleratzeagatiko baimen ordaindua:
Odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasun bigarren gradura arteko senideen jaiotza edo heriotzagatik, istripu edo gaixotasun larriagatik, ospitalizazioagatik edo ospitalizaziorik ez dakarren ebakuntza kasuetan:
Bi egun. Lau egunetara luzatuko da desplazamendua beharrezkoa bada.

Honetaz gehiago jakin nahi baduzu, ondoko artikulu hau kontsulta zenezake:

Hainbat betebehar edo zeregin publiko betetzeko:
Honelakoetan beharrezkoa den denbora eman beharko digu enpresak, hala nola hauteskundeetan parte hartzeko (mahaian egotea egokitu bazaigu edota botoa emateko) edo epaiketetara joateko (zinpeko moduan aritu behar dugulako; zenbait hitzarmenetan lekuko moduan ere bai). Hitzarmen askotan bestelako premia batzuk ere jasotzen dira, hala nola NANa berriztatzea.

Zeregin publiko honek lan egitea eragozten badigu (erreferentziazkoa epea: gutxienez, jardunaldiaren %20 hiru hilabeteko epean), enpresak nahitaezko eszedentzia egoerara pasatu ahal izango gaitu. Kasu hau izan liteke, adibidez, aipatu dugun zinpeko epaimahaikidea (gaztelerazko “juzgado popular”) izateko hautatu zaituztela. Egoera honetaz eta nahitaezko eszedentziaz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat ondoko artikulu honi:

Funtzio sindikalak edo langileen ordezkaritza lanak egiteko.

Haurdunaldi bitartean:
Enpresak behar besteko denbora eman behar digu azterketa medikoak egiteko eta erditzea prestatzeko teknikak lantzeko, hauek lan orduetan egin behar badira.

Era berean, harrera edo adopzio kasuetan, behar besteko denbora eman beharko dizu informazio eta prestaketa saioetara joateko, baita administrazioak, aldez aurretik, prestatu behar dituen txosten psikologiko eta sozialak egiteko, beti ere lan orduetan izan behar badira.

Edoskitzea:
Umeak 9 hilabete bete arte edoskitzerako denbora hartzeko eskubidea daukazu: ordubete egunean, bi zatitan banatu daitekeena. Bikiak edo hirukiak izan badituzu (erditze, harrera zein adopzioetan), denbora hau ere horren arabera handituko da; hau da, hiru ume, hiru ordu, esaterako. Beste aukera bat da jardunaldia ordu erdiz laburtzea edo jardunaldi osoetan batzea, hitzarmenak ematen dituen aukeren arabera. Baimen hau guraso biek har dezakete eta 2019ko maiatzetik transferiezina izatera pasatu zen.

• Ume goiztiarrak:
Umea goiztiar jaio bada eta ospitalean geratu behar bada, gurasoak lanera huts egin ahal izango du egunean ordubetez. Honekin batera, aukera izango dute jardunaldia, gehienez, bi orduz murrizteko. Hori bai, jardunaldia murriztuko bagenu, soldata ere proportzio berean murriztuko litzaiguke eta, hortaz, hau ez litzateke “baimen ordaindua” izango, baizik eta jardunaldi murrizketa.

Langileen Estatutuaren artikulu berean bestelako jardunaldi murrizketa batzuk aipatzen dira, hala nola, 12 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko edo beste senide batzuk zaintzeko. Oraintxe esan dugunez, nahiz eta artikulu berean egon, ez dira ordaindutako baimenak, baizik eta jardunaldia -eta soldata- murrizteko aukera.

Jardunaldi murrizketa hauetaz gehiago jakin nahi baduzu:

• Kaleratze objektiboak:
Kaleratze objektiboen kasuan, eta kontratu mugagabea badaukazu, aurreabisuko denbora osoan zehar (15 egunetan, alegia) astean sei ordu har zenitzake lan berri bat bilatzeko. Behin-behineko kontratua badaukazu eta kaleratzea kontratu amaieragatik bada, ez zenuke izango aukera hau. Bestetik, jardunaldi erdiz arituz gero, baimena hiru ordutakoa izango litzateke.

Lizentzia hau ez da Estatutuaren 37. artikuluan islatzen, 53.2 artikuluan baino.

Norberaren eginkizunetarako egun libreak.
Gaztelerazko “asuntos propios” moduan ezagutzen direnak, alegia. Baimen hau ez da Estatutuan islatzen. Hala ere, hainbat hitzarmen kolektibotan honelako egunak jasota daude. Hortaz, ez da langile guztiek daukaten eskubidea eta, hitzarmenaren arabera, ordainduak izan daitezke ala ez. Honetaz gehiago jakin izanez gero:

Aurreabisua

Honelako baimen bat hartu nahi duzun guztietan, enpresari aldez aurretik jakinarazi behar diozu. Beti gomendatzen dugun bezala, egin idatziz, eskatu enpresak sinatzeko edo zigilatzeko eta gorde kopia bat zuretzat. Honela, arazorik egonez gero, enpresak ezin izango du esan ezer ez zekienik edo abisatu ez zenionik.

Zenbateko aurreabisua izan behar da? Estatutuak ez du epe zehatzik jartzen. Baliteke zure hitzarmen kolektiboak azaltzea, bai zenbat egun lehenago abisatu behar duzun, bai eta zein izan behar den prozedura ere. Ezer esango ez balu, hobe denbora nahikoz egiten baduzu.

Abisuaz gain, arrazoia justifikatu ere behar izaten da eta dokumentazioa aurkeztu. Dokumentazio hau, jakina, batzuetan ezinezkoa da aldez aurretik ematea, oraindik ez baitaukagu. Kasu horietan egiaztagiria gerora eman liteke, nahiz eta, edozein modutan, aldez aurretik abisatu behar izan dugun.

Kaleratze objektiboen kasuan, enpresak kaleratzearen aurreabisua eman behar dizu (15 egun lehenago), baina ez dago behartuta jakinaraztera 6 ordu libre hartzeko eskubidea daukazula. Aitzitik, langileak egin behar du ordu libre horiek hartzeko eskaera.

Etxeko langileak

Etxeko langileek Langileen Estatutuan azaltzen diren baimen guztiak hartzeko eskubidea daukate. Gogoratuko dugu etxeko langileek, gaur gaurkoz, negoziazio kolektiborako eskubiderik ez daukaten soldatapeko langile bakarrak direla. Hori dela eta, ez daukate baimen hauek hobetu litzakeen hitzarmenik, baina Langileen Estatutuak aitortzen dizkien gutxienekoak bai. 

Soldata

Langileen Estatutuan jasotzen diren baimen ordainduak lan efektibotzat jotzen dira eta, hortaz, ez ditugu berreskuratu behar. Bestela esanda, enpresak ezin dizu eman, esaterako, egun bat etxe aldaketa egiteko eta gerora esan lan egun hori berreskuratu behar duzunik. Esan bezala, lan efektiboko denboratzat hartzen dira.

Eta lan efektiboko denbora denez, soldata ere berdina izan beharko da. Hau da, ezin dizute soldatatik ezer deskontatu baimen hauek erabiltzeagatik eta oinarrizko soldata gehi osagarriak jaso beharko zenituzke berdin-berdin.

Azkenik, lehen aipatu ditugun norberaren eginkizunetarako egunen kasuan, ondo begiratu beharko duzu ea hitzarmenean lan efektibotzat jotzen diren ala ez. Ez bada horrela, soldataren zati hori deskontatu ahal dizute.