Lan kontratua
Jakina, lehenbiziko galdera da ea zelan den posible lan kontratua aurkeztea oraindik ez badaukazu paperik. Eta halaxe da. Lan kontratua indarrean hasteko, lehenengo eta behin, erresidentzia baimena eman behar dizute. Eta orduan? enpresak edo enplegatzaileak kontrataziorako eskaintza edo konpromisoa egin beharko lizuke (“aurrekontratu” moduko zerbait) eta horixe aurkeztu beharko zenuke. Gerora, baimena eskuratzen duzunean, enpresak edo enplegatzaileak jadanik kudeatu ahal izango luke zure alta Gizarte Segurantzan.
Ez du ardura ze kontratu mota den. Honela, ez da beharrezkoa kontratu mugagabea izatea (hau da, “finko” deitzen den hori), aldi baterako kontratua, aldizkako finkoa edo ordezkapen kontratua ere izan daitezke.
Gainera, iraupenari eta jardunaldiari dagokienez, segidan azalduko ditugun baldintzak bete behar direnez, posible da kontratu bat baino gehiago aurkeztea.
90 egun baino gehiago iraun behar ditu. Zehaztapen hau 1/2025 Argibideek dakarte.
Honela, kontratu mugagabea balitz, ez legoke arazorik, baina ADI! aldi baterako kontratua balitz, gutxieneko iraupen hori bete beharko luke.
Lehen esan dugunez, kontratu bat baino gehiago atxiki ahal dira. Honela, 90 egun hauetara heldu ahal izateko, aldi baterako kontratu bat baino gehiago aurkeztu ahal dira. Hori bai, segidakoak izan behar dira (esan nahi baita, kontratu bat amaitu eta, horren segidan, bestea hasi beharko litzateke; ez du balio, adibidez, 60 eguneko kontratu bat eta, handik hiru hilabetera, 40 eguneko beste bat).
Jardunaldia, gutxienez, 20 ordukoa izan behar da (20 ordu astean).
Esan bezala, kontratu bat baino gehiago atxiki daitezke. Adibidez, demagun etxeko langilea zarela, baliteke 15 orduko lan kontratu bat izatea etxe batean eta 5 orduko beste bat beste etxe batean. Biak batuta, 20 orduko jardunaldira helduko litzateke.
Aurreratu dugunez, jasoko den soldata, gutxienez, lanbidearteko gutxieneko soldataren bestekoa izan behar da.
Lanbidearteko gutxieneko soldata 2025ean: