Baimena baino, enpresaren aldeko malgutasuna dugu figura berri hau. Gainera, abusuak ere izan daitezke enpresen aldetik. Hemen dena azaldu dizuegu.
Baimena baino, enpresaren aldeko malgutasuna dugu figura berri hau. Gainera, abusuak ere izan daitezke enpresen aldetik. Hemen dena azaldu dizuegu.
Martxoaren 29an, igandean, in extremis, 10/2020 Dekretua onartu zen, martxoaren 30ean indarrean hasi dena (egokitu ahal izateko, 24 orduko moratoria ezarri bada ere). Dakigunez, ezinbestekotzat jotzen ez den jarduera oro geldiarazi da martxoaren 30etik apirilaren 9ra bitarte. Dekretu honek, beraz, berreskuratu beharreko baimen ordaindua arautu du, gelditu behar diren jarduera hauetako langileei begira.
Ezinbestekoa ez den jarduera ekonomiko oro geldiarazitakoan, formula hau eman da gelditu beharreko enpresetako langileei begira. Laburbilduz, aste bi hauetan ez ginateke lanera joango, baina soldata berdin-berdin jasoko genuke (oinarrizko soldata eta osagarriak). Hori bai, aste bi hauetan lan egin ez ditugun orduak berreskuratu beharko liratezke urte amaiera baino lehenago. Ez da hautazkoa, derrigorra baino.
Esan behar da, halako izendapena eman arren, ez gaudela, benetan ordaindutako baimen baten aurrean. Esan bezala, alde batetik, derrigorra da eta, bestetik, ez da baimen ordaindu bat, baizik eta jardunaldiaren berrantolaketa, nolabait esateko. Ordu kopuru berbera bete beharko genuke urtean; alde edo ezberdintasuna bakarra da orain lan ez egindakoagatiko soldata enpresak “aurreratuko” digula baina, gerora, jadanik ordaindu zaizkigun ordu horiek berdin-berdin sartu beharko ditugula.
Berba bitan, ez da ordaindutako baimena, enpresaren aldeko malgutasuna baino.
• Honen BARNE sartzen dira, ezinbesteko jarduera ez diren enpresa guztiak, publiko zein pribatuak, alarma egoera deklaratu zuen 463/2020 Dekretuaren bitartez martxoaren 14an geldiarazi ez zirenak. Ezinbesteko jardueratzat zer jotzen den HEMEN kontsulta dezakezu.
• Hortaz, agindu eta baimen berri honetatik KANPO honako hauek gelditu dira:
– Honezkero geldituta zeuden enpresetako langileak
– Ezinbesteko jardueretan aritzen diren langileak (ezinbesteko sektoreetan edo ezinbesteko ekoizpen atal edo lerroetan aritzen diren langileak, alegia)
– Honezkero telelanaz aritzen diren langileak
– ERTE prozeduretan dauden langileak
– Aldi baterako ezintasun egoeran (baja medikoan) dauden langileak edo gurasotasun bajan dauden langileak.
• Esan bezala, ERTE barruan dauden langileak honen aplikaziotik kanpo geratzen dira.
• Dekretuak, hala ere, ez du galarazi enpresek bi aste hauetan ERTE bat martxan jartzea eta ez ditu geldiarazi jadanik egindako eskaerak. Hala aurreikusten da legean: sasoi honetan Lan Agintaritzak enpresaren bati ERTE baten aplikazioa baimenduz gero, langileak ERTE prozeduran sartuko liratezke eta baimen honen aplikaziotik kanpo geldituko lirateke.
• Jardunaldia murrizteko ERTEen kasuan, ordea, baimena aplikatuko litzateke, proportzionalki, lan egiten duzun jardunaldi zatian.
Honelaxe dio Dekretuaren 4. artikuluak:
“Artículo 4. Actividad mínima indispensable.
Las empresas que deban aplicar el permiso retribuido recuperable regulado en este artículo podrán, en caso de ser necesario, establecer el número mínimo de plantilla o los turnos de trabajo estrictamente imprescindibles con el fin de mantener la actividad indispensable. Esta actividad y este mínimo de plantilla o turnos tendrá como referencia la mantenida en un fin de semana ordinario o en festivos.”
Hortaz, ezinbestekoak ez diren enpresen esku utzi dute langileen gutxieneko kopuru bat lanean jarraitzea (jaiegun edo asteburu bateko kopuruarekin), baldin eta enpresak berak hori ezinbestekotzat jotzen badu. Beraz, enpresaren esku utzi da, azken batez, legea bete eta jarduera eteten duen edo lanean jarraitzen ote duen, langile gutxiagorekin bada ere. Esan behar da dekretuan ez dela aurreikusi ezelako zehapen edo ondoriorik legea betetzen ez duten enpresentzat.
ADI!
Zuen enpresan abusuzko kasua gertatzen ari dela uste baduzue, Lan Ikuskaritzara jo dezakezue salaketa jartzera:
• Esaterako, jarduera gelditu behar dela uste baduzue, enpresa salbuetsita ez dagoelako
Edo…
• Posible da enpresak “beharrezkotasunari” helduta (dekretuaren 4. artikuluari) gutxieneko jarduerari eutsi nahi izatea. Baina:
– Asteburuetan enpresa itxita egoten bada, orain ere bai!
– Asteburuetan etekin ekonomikoengatik badago zabalik, orain itxi behar dute!
– Salbuespen moduan eta segurtasun arrazoiek justifikaturik, jaiegunetako langile kopurua ezar dezake enpresak
4. artikuluaren arabera, gutxieneko jarduera burutzeko “gutxieneko zerbitzu” horiek erabakitzea enpresen esku utzi da. Hortaz, Lan Ikuskaritzak kontrolatu beharko luke benetan ezinbesteko jarduera ote den edo lan egitera behartutako langile kopurua gehiegizkoa ote den.
Esan bezala, aste biko “baimen” honek iraun bitartean lan egingo ez dugun denbora berreskuratu beharko dugu.
Noiz?
Alarma egoera amaitu eta hurrengo egunetik, 2020ko abenduaren 31ra arte.
Nola?
Berez, akordio bitartez adostu beharko da ze modutan berreskuratzen diren ordu horiek. Kontsulta epealdi bat hasi behar da, hortaz, enpresaren eta langileen ordezkaritzaren artean. Epealdi hau, zazpi egunetakoa izan behar da, gehienez.
Langileen ordezkaritzarik ez balego:
– Komisio bat osatuko da. Komisio honetan ordezkaritzarik handiena daukaten sindikatuek (oro har zein sektorean) osatuko dute (“sindicatos más representativos y representativos del sector”). Sindikatu bakoizteko lagun batek hartuko du parte.
– Honen ezean, enpresako hiru langilek osatuko lukete langileen ordezkaritza. Langile hauek aukeratuko dira Langileen Estautuaren 41.4 artikuluak ezartzen duen modura.
Zer adostuko da bertan?
• Baimenak iraun bitartean sartu ez ditugun ORDU GUZTIAK ALA ZATI BAT berreskuratu behar den. Hau da, legeak atea zabaltzen du akordioan lan ordu guztiak berreskuratu beharra ez dagoela adosteko.
• Lan orduak berreskuratzeko eguna eta ordua aldez aurretik jakin behar dugu. Beraz aurreabisua eman behar digute. Hori ere adostu behar da, hau da, ze aurerrapenez jakin behar dugun noiz tokatzen zaigun lan ordu horiek berreskuratzea.
• Lan denbora berreskuratzeko erreferentziazko epealdia.
Zer dago debekatuta?
– Eguneko eta asteko atsedenaldiak errespetatu behar dira, hala nola lan egun batetik bestera ezin direla 12 ordu baino gutxiago pasatu.
– Aurreabisua ezin izango da bost egun baino gutxiagokoa izan
– Kontziliazio eskubideak errespetatu beharko dira
Laburbilduz, Langileen Estatutuaren 34. artikuluak ezartzen duena errespetatu beharko da.
Bidali bizilan@lab.eus posta elektronikora ze gai nahi duzun jorratzea; guk webgunean txertatuko dugu eta horren berri emango dizugu.