Askotan, laneko istripu edo gaixotasun bat daukagunean, hau ez da horrela aitortzen. Hau da, bere jatorria lan gertakizun edo kontingentzietan baino, gertakizun arruntetan sailkatzen da. Horrelako kasuetan, lan gertakizun moduan aitortua izatea nahi badugu, kontingentzien zehaztapenerako erreklamazio prozedurari ekin behar zaio (“procedimiento de determinación de contingencias”).

Prozedura administratiboa da. Hala ere, aldeko ebazpenik lortu ezean, lan arloko epaitegietan ere jar liteke salaketa.

Honen inguruko informazioa emango dizuegu gure webgunean. Hala ere, egoera honetan egonez gero, sindikatuarekin kontaktuan jartzeko gomendatzen dizugu. Borrokan lagunduko zaituen jende aditu eta aritua alboan izango duzu eta.

IRAKURRI GEHIAGO

Nora jo baja arrunta laneko bajatzat aitortua izan dadin? Kontingentzien zehaztapena

2020/05/28

Askotan, laneko istripu edo gaixotasun bat daukagunean, hau ez da horrela aitortzen. Hau da, bere jatorria lan gertakizun edo kontingentzietan baino, gertakizun arruntetan sailkatzen da. Horrelako kasuetan, lan gertakizun moduan aitortua izatea nahi badugu, kontingentzien zehaztapenerako erreklamazio prozedurari ekin behar zaio (“procedimiento de determinación de contingencias”).

Gogoratzeko gertakizun arruntak eta profesionalak zertan dautzan eta ze nolako aldeak dauden euren artean, bota begirada bat Kontingentzia arruntak eta kontingentzia profesionalak atalari .

Prozedura honen helburua da kontingentzia arruntetan sailkatua izan den baja edo aldi baterako ezintasuna lan kontingentziatzat hartua izan dadin (kontrako norabidean ere izan liteke, baina ohikoena da laneko jatorria daukaten gaixotasun edo istripuak halakotzat aitortuak ez izatea, enpresa eta mutualitatearen mesedetan eta langilearen kaltetan, noski). Prozedura administratiboa da. Hala ere, aldeko ebazpenik lortu ezean, lan arloko epaitegietan ere jar liteke salaketa.

Esan barik doa hemen honen inguruko informazioa emango dizuegula, informazioa boterea delako. Zerbait egin daitekeela eta zelan egiten den jakite hutsak gure perspektiba zabaldu eta aukerak biderkatzen dizkigu. Hala ere, egoera honetan egonez gero, sindikatuarekin kontaktuan jartzeko gomendatzen dizugu. Borrokan lagunduko zaituen jende aditu eta aritua alboan izango duzu eta.

Prozedura

Prozedura hau 1430/2009 Dekretuaren 6. artikuluan dator zehaztuta.

Esan bezala, alde bitarako izan liteke, hau da, arruntatzat hartu den gaixotasun edo istripu bat gertakizun profesionaletara pasarazteko edo, lan gaixotasun edo isriputzat hartu dena gertakizun arruntetara pasatzeko. Eta, hiru subjektuk ekin diezaiokete:

– Gizarte Segurantzak zuzenean, ofizioz edo Lan Ikuskaritzak hala eskatuta
– Mutualitateak
– Langileak berak, zuzenean edo ordezkari bitartez

Guri azken hau interesatzen zaigu eta, batez ere, aitortu ez zaizkigun lan gaixotasun edo istripuei dagokienez:

• Eskaera-orria. Lehenengo eta behin, Gizarte Segurantzaren Institutuan eskaera bat aurkeztu behar da. Gizarte Segurantzaren idatzia HEMENDIK jaitsi ahal duzue.

• Dokumentazioa. Eskariarekin batera, gertakizuna zehazteko beharrezkoa den dokumentazioa ere atxiki behar da. Eskaera orrian azaltzen denez, ezinbestekoak dira identifikazio dokumentuak (norberarenak eta ordezkariarenak), ez dira beharrezkoak administrazioak jadanik badauzkan horiek eta aukera ematen da egoki ikusten dugun edozein dokumentu atxikitzeko, txosten medikoak barne.

Zerbait faltako bazenu, ez larritu, hamar egun dauzkazu falta dituzunak emateko (bulegoan bertan, posta arruntaz edo internetez –egiaztagiri digital edo cl@ve bitartez). Gogoratu Gizarte Segurantzarekin edozein izapide egin ahal izateko, aldez aurretiko hitzordua eskatu behar dela.

• Gizarte Segurantzak Osakidetza/Osasunbideari edo mutualitateari prozeduraren hasieraren berri emango dio. Osasun zerbitzuak edo mutualitateak zure kasuarekin lotutako aurrekariak eta kontingentziaren inguruko informazioa helarazi beharko dizkio Gizarte Segurantzari. Lau egun dauzkate, gehienez, informazioa helarazteko.

• Langilearen eta osasun zerbitzuaren edo mutualitatearen dokumentazioaz gain, Gizarte Segurantzak bestelako txosten batzuk ere eska ditzake edota ikuskaritza medikotik pasatzeko eskatu ahal dizu.

• Izan ere, gertakizunak edo kontingentziak zehazteko, ezintasunen baloraziorako taldeak eman behar du bere txostena. Txosten hau Gizarte Segurantzari helarazi eta Gizarte Segurantzak ebazpena emango du (Gizarte Segurantzaren Herrialdeko Zuzendaritzak, alegia).

Ebazpena

Gizarte Segurantzak ematen duen ebazpen honetan adieraziko da zure baja gertakizun arruntengatik edo profesionalengatik ote den Gizarte Sergurantzaren aburuz.

Ebazpena aldekoa bada, hau da, baja lan gertakizunengatik izan dela ebatziz gero, hala joko da bajaren hasieratik. Hortaz, mutualitateak prestazioan egon den diru aldea ordaindu beharko dizu. Hau da, baja arruntatzat sailkatu bazen, jaso duzun prestazioa txikiagoa izan da eta, beraz, mutualitateak benetan jaso behar izan duzun zenbatekora arte osatu beharko dizu.

Ebazpena kontrakoa bada, lan arloko epaitegian salaketa jar liteke (36/2011 Legearen 71. artikuluak ezartzen duenaren arabera). 30 eguneko epea dago honetarako.