Amaitzeko…
Ordu osagarriak 1998an sortu ziren (honezkero indarrean ez dagoen 15/1998 Dekretuaz). Ordudanik, legedia aldatzen joan da, baina ez nahiko genukeen norabidean. Izan ere, desarauketa eta malgutasuna areagotu da: erabilera zabaldu, aurreabisurako denbora laburtu, kontratu mugagabeetan ez ezik, aldi baterako kontratuetarako ere ezarri, “borondatezko” ordu osagarriak ere sortu, gehienezko muga handitu…
Sorrera eta aldaketak PPren gobernu ezberdinen eskutik etorri ziren, Aznar lehendik, Rajoy gerora. Izan ere, azken aldaketak PSOE derogatu behar omen zuen lan erreformak ezarri zituen. Baina beste hainbat neurri kaltegarrirekin batera, bere horretan dirau. PSOEk ez du sekula asmorik izan esplotazio modu honi eskurik sartzeko.
Enpresei primeran etortzen zaie ordu osagarrien bitarteko hau. Honela, malgutasun maila handiak izan ditzakete eskura, aparteko kostu ekonomikorik gabe. Jardunaldi partzialaz aritzen diren langileek, euren aldetik, ordu osagarriekin diru-sarrerak handitu ahal dituzte, prekarietatea eta soldata baxuak bereziki pairatzen dituen langile kolektiboa denez gero. Gogora dezagun, gainera, jardunaldi partzialaz aritzen diren langileen gehiengo handi batek jardunaldi osoz lan egin nahiko lukeela.
Edozelan, ordu osagarriek prekarietate dinamika areagotu baino ez dute egiten: ordu osagarriekin soldata osatzeak ez digu ziurtasunik edo egonkortasunik ematen, ohiko jardunaldia ez direnez, ez dakigulako egoera denboran luzatuko den; gainera, ordu osagarriak enpresak nahi edo behar duenean egin behar ditugunez, ez gara gure denbora librearen jabeak, eta zer esan balizko “borondateaz”. Kontziliazioan eragiten dute zuzen-zuzenean, bizi proiektuak eragozteaz gain. Gainera, ordu osagarriek ez dute partzialitate koefizientea aldatzen eta, hortaz, hainbat prestazio, hala nola, langabezia, askoz baxuagoak izango dira, nahiz eta, praktikan, ordu gehiago lan egin.
Hemen azaldu dizuegu zer dakarren legeak eta, horrekin batera, denok dakigula legea askotan urratzen dela. Baina ohitura bihurtu izanak ez du esan nahi onartu edo etsia hartu behar dugunik. Beti esaten dugunez, gure eskubideak defendatu ahal izateko, lehen pausoa da eskubide horiek ezagutzea. Eta iruzurra egiten badizute, izan seguru ez zarela enpresako bakarra. Antolatu eta egin indar!