Zer dira jardunaldi partzialetako ordu osagarriak?

Jardunaldi partzialaz aritzen diren langileek kontratuak ezartzen dituen baino ordu gehiago egin ahal dituzte. Ordu osagarriak deitzen zaie honelakoei.

Ikusiko dugunez, ordu osagarrien erabileraren erruz, jardunaldi partzialaz kontrataturik dauden hainbat eta hainbat lagunek jardunaldi osoak edo ia osoak betetzen dituzte. Legeak jokabide hau baimentzen du; izan ere, ordu osagarrien gaur egungo arauketa –Langileen Estatutuko 12.5 artikuluan aurki daitekeena- 16/2013 Dekretuak ekarri zuen (dekretu hau 2012ko PPren erreformaren “bigarren botea” izan zen).

Ordu osagarriak lehendik ere existitzen ziren, baina lehen kontratu mugagabea zeukaten langileek baino ezin zituzten ordu osagarriak egin eta baimenduta zegoen ordu osagarrien kopurua txikiagoa zen. Gainera, ordu osagarriak kontsolidatzeko aukera egoten zen, hau da, langile batek jardunaldi partzialaz ordu osagarriak egiten bazituen, aukera zeukan bere gutxieneko jardunaldia apurka handitzen joateko. Kontsolidaziorako aukera hau 2001ean deuseztatu zuen, berriro ere, PPren beste gobernu batek. Gaur egun aukera hau posible da, baina negoziazio kolektiboaz hitzarmenean jasotzea lortuz gero besterik ez.

Beraz, ikusten dugunez, iruzur legal hau aspalditik jorratzen hasia den jokamoldea da. Emaitza? Gaur egun milaka eta milaka langile kontratu partzialarekin jardunaldi osoak betetzen dituztela, enpresarioarentzako askoz malgutasun handiagoarekin eta, gainera, askotan beltzean ordaintzen edo ordaintzen ez diren ordu kopuru itzela sartzen. Jokamolde hau ohikoa da zerbitzuetan, beste sektore batzuetan ere erabiltzen bada ere, eta, batez ere, emakumeei eta gazteei eragiten die, kontratu partzial gehienak kolektibo bi hauei inposatzen zaizkie eta.

Adostutako ordu osagarriak eta “borondatezko” ordu osagarriak

Esan bezala, jardunaldi partzialaz aritzen diren langileek baino ezin dituzte ordu osagarriak egin eta, honetarako, euren jardunaldia ezin da astean 10 ordu baino gutxiagokoa izan.

Suposatzen da ordu osagarriak adostuta egon behar direla eta idatziz jaso behar dela ze kopuru egingo den. Hau kontratua sinatzen denean edota gerora egin liteke. “Suposatzen da” diogu, jakin badakigulako aurretik jartzen diguten hori ez onartzearen alternatiba lanik ez egitea dela. Baina garrantzitsua da jakitea idatziz jaso behar direla.

Itundutako ordu osagarri hauetaz gain, enpresak aukera dauka “borrondatezko” ordu osagarriak ere “eskaintzeko”. Honelakoak kontratu mugagabeen kasuetara daude murizturik, hau da, behin-behineko kontratua badaukazu, itundutako ordu osagarriez gain, enpresak ezin dizu ordu gehiagorik sartzeko eskatu. Suposatzen da honelakoei ezetz esan ahal diegula, baina jakin badakigu kasu honetan ere zein izaten den alternatiba.

Ordu osagarriak enpresaren malgutasunerako badira ere (hau da, enpresak nahi duenean sartu behar ditugula, alegia), zure kontratuan jardunaldia eta ordutegia ondo zehazturik egon behar dira. 20 orduko kontratua badaukazu, 20 ordu horiek noiz sartu behar dituzun zehaztu behar du. Ez du balio ordutegia “enpresaren beharren araberakoa” izango dela edo “X ordu astean” izango direla, baina ordutegia zehaztu barik.

Zenbat ordu osagarri egin daitezke?

Lehen komentatu dugu honelako orduen kopurua edo portzentajeak 2013an igo zituztela (eta itzel, gainera, 2013 baino lehen, ezin ziren jardunaldiaren %15 baino gehiago izan). Erreformaren ostean, ordea:

• Itundutako ordu osagarriak jardunaldiaren %30era arte hel daitezke eta, gainera, aukera eman zen, hitzarmen kolektiboen bitartez, ehuneko hau %60ra arte igotzeko.

• Borondatezko ordu osagarriak jardunaldiaren %15era hel daitezke eta, gainera, aukera eman zen, hitzarmen kolektiboen bitartez, ehuneko hau %30era arte igotzeko.

Taula batean ikusiko dugu zer esan nahi duen honek:

Asteko jardunaldia (kontratuan)

Itundutakoak (%30) + “borondatezkoak” (%15)

-Langileen Estatutuak dakarrena-

Itundutakoak (%60) + “borondatezkoak” (%30)

-Hitzarmenak ekar lezakeena-

10 ordu

14,5 ordu

19 ordu

15 ordu

21,75 ordu

28,5 ordu

20 ordu

29 ordu

38 ordu

25 ordu

36,25 ordu

39 ordu

30 ordu

39 ordu

39 ordu

35 ordu

39 ordu

39 ordu

Ikusten duzuenez, hainbat koadrotan 39 ordu agertzen dira (kalkuluaren arabera, gehiago izan arren). Kontua da jardunaldi partzialeko kontratuaz arituz gero, galarazita dagoela jardunaldi osoa egitea eta, hortaz, jardunaldi osoa 40 ordu badira, gehienez, 39 ordu sar litezkeela. Hori da legeak dioena, errealitatea beste gauza bat da.

Baina, azken batez, esaten genuenez, legeak aukera ematen du jardunaldi partzialeko langileek praktikan jardunaldi osoak egiteko, baina, gainera, baldintza txarragoetan, ordu osagarriek ez baitaukate ordutegi zehatzik eta, hortaz, enpresaren apetara egon gaitezkeelako, nahi duen momentuan sar ditzagun, honek gure bizi pertsonalari dakarzkion arazo, oztopo eta ziurgabetasunarekin.

Izan ere, Langileen Estatutuak dakarrenez, langileak jakin beharko luke 3 egun lehenago, gutxienez, ze egunetan eta ordutan sartu behar dituen ordu osagarri horiek (idatziz komunikatu behar digute). Hala ere, aukera ematen da hitzarmenak epe hauek laburtzeko eta puntu honetan ere, praktikan, badakigu askotan jakinarazpenak egun batetik bestera izaten direla eta, gainera, ahoz.

Atsedenaldiak

Ordu osagarriak izan arren, atsedenaldien inguruan ezarrita dagoena errespetatu behar da:

– Jardunaldi batetik bestera, gutxienez 12 ordu pasatu behar dira
– Egunean ezin dira 9 ordu baino gehiago sartu
– Gauez lan eginez gero, jardunaldia ezin da zortzi ordu baino luzeagoa izan
– Asteko atsedenaldia, gutxienez, egun eta erdikoa izan behar da
– Jardunaldia sei ordutik aurrera luzatzen denean, 15 minutuko atsedenaldi bat izan behar duzu, gutxienez

Jardunaldi eta atsedenaldi muga hauek Langileen Estatutuaren 34.3, 34.4, 36.1 eta 37.1 artikuletan daude ezarrita.

Zenbat kobratzen da ordu osagarriengatik?

Aparteko orduek (“ordu estrek”) ordu arruntek baino kostu handiagoa daukate, baina ordu osagarrien kasuan ez da horrela: ordu arrunt moduan ordaintzen dira.

Hori bai, eta hau oso inportantea da, nominan agertu behar dira eta kotizazio oinarrien barruan sartu behar dira. Honek esan nahi du egiten ditugun ordu osagarri horiek kontuan izango direla, esaterako, gabealdietarako (“periodo de carencia”), hau da, prestazioak jasotzeko eskatzen diren gutxieneko kotizazioetarako, eta prestazioen kalkuluetarako.

Jakiteko enpresa ordu hauengatik kotizatzen ari den, lehengo eta behin, begiratu nominan. Bertan agertu beharko litzateke zenbat ordu izan diren eta zein izan den ordainketa. Ez bada argi azaltzen eta egin dizuten ordainketa “hainbat osagarri/complementos varios” edo antzeko izenen batekin badator, seguruenik iruzurren bat egiten ari dira. Ondo konfirmatzeko, zure kotizazio oinarrien txostena eska zenezake Gizarte Segurantzan. HEMEN daukazu horren inguruko informazioa eta eskatzeko bidea.

Uko egin ahal zaio ordu osagarriak egiteari?
  • Itundutako ordu osagarriak:

Langileen Estatutuak zera dakar, ordu osagarrien ituna bertan behera utz dezakegula, urtebete pasa ondoren eta honako arrazoiren batengatik:

            • Zaintza betebeharrengatik: 12 urtetik beherako umeak edo desgaitasuna daukaten eta lanik egiten ez duten senideak (Langileen Estatutuaren 37.6 artikuluan zehazkiago azaltzen diren familia erantzukizunengatik)

            • Prestakuntza beharrengatik, ordutegiak bateraezinak balira

            • Jardunaldi partzialeko beste kontratu bat badaukagu eta ordutegia baterazina bada.

15 egun lehenago abisatu beharko genuke. Hobe idatziz eginez gero.

Bestetik, enpresak ez balitu beteko ordu osagarrien inguruko arauak (adostea eta idatziz jasotzea, hiru egun lehenago abisatzea, portzentaje handiagoa eskatzea…), uko egin geniezaioke eta ezingo ligukete zehapenik ezarri.

  • Borondatezko ordu osagarriak

Suposatzen da hauek, “borondatezkoak” direnez, ezetza eman dezakegula edozein kasutan.

Amaitzeko

Iruzurra lehen, normalean, langileak alta emanda ez edukitzean zetzan, bereziki, baina erreformatik hona, ohikoagoa da Gizarte Segurantzan altan emanda izatea, baina ordu gutxiagogatik. Hau da, enpresak askoz ordu gutxiago kotizatzen ditu benetan egiten direnak baino.

Hemen azaldu dizuegu zer dakarren legeak eta, horrekin batera, denok dakigula legea askotan urratzen dela. Baina ohitura bihurtu izanak ez du esan nahi onartu edo etsia hartu behar dugunik. Beti esaten dugunez, gure eskubideak defendatu ahal izateko, lehen pausoa da eskubide horiek ezagutzea. Eta iruzurra egiten badizute, izan seguru ez zarela enpresako bakarra. Antolatu eta egin indar!

Amaitzeko, honelako iruzurrak egiteagatiko isunak 280.000 eurotara hel daitezke, bost langile edo gehiago egoera irregularrean badaude, baita, zenbait kasutan, sei urtetara hel daitezkeen espetxe zigorrak ere. Guk hortxe utziko dugu informazioa. Ondo legoke hainbati, agian, honelako ondorioei aurre egin beharko lieketela argi uztea. Guri aurrean jartzen diguten alternatiba kaleratzea bada, euren alternatiba txarragoa izan litekeelako. Eta badakizue beti ere sindikatuarekin kontaktuan jar zaitezketela.