Honezkero kontatu dizuegunez, maiatzaren 28an argitaratu zen 11/2021 Dekretua martxan zeuden hainbat neurri luzatzera etorri da. Hala gertatu da enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteekin (gaztelerazko ERTEekin) edo Mecuida planarekin.

Bada, dekretu berean autonomoei begira hartutako hainbat neurri edo prestazio ere luzatu egin dira.

Aparteko prestazioez gain (autonomo sasoilarientzako prestazioa barne) hurrengo lau hilabeteetako kotizazio salbuespenak ere aurreikusi dira.

👉🏼 IRAKURRI GEHIAGO

Autonomoentzako neurrien luzapena

2021/06/03

11/2021 Dekretua, maiatzaren 28an BOEn argitaratua

Beste artikulu bitan azaldu dugunez, Dekretu hau jadanik martxan zeuden hainbat neurri luzatzera etorri da, hala nola, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak (gatelerazko ERTEak) edo Mecuida plana.

Honela, autonomoei begirako neurri bereziak ere luzatu dira irailaren 30era arte.

Jarduera amaieragatiko aparteko prestazioa

11/2021 Dekretuaren 6. artikulua

– Prestazio hau bere jarduera bertan behera utzi behar izan dutenei begirakoa da.

– Jarduera bertan behera uztearen arrazoia: agintaritzak horretara behartu duen osasun neurriren bat hartu izana.

– Jarduera ekainaren 1etik aurrera bertan behera utzi behar duten autonomoek, zein lehenagotik egoera horretan zeudenek, eskatu ahal izango dute.

– Zenbatekoa: gutxieneko kotizazio-oinarriaren %70.

– Autonomoen rregimenean altan jarraituko da, baina ez da kotizatu beharko (ez da kuotarik ordaindu beharko)

– Prestazioa bateragarria izango da inoren konturako lanarekin, baldin eta diru sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata x 1,25 baino txikiagoa bada, hau da, 1.187,5 euro hilean (14 ordainsaritan).

Norberaren konturako lanarekin bateragarria den aparteko prestazioa

11/2021 Dekretuaren 7. artikulua

Aurreko puntuan azaldu dugun aparteko prestazioa negozioa guztiz itxi behar den kasuei begirakoa da. Ez baduzu zure jarduera guztiz bertan behera utzi, baina, hala ere, diru-sarreren jaitsiera esanguratsua pairatu baduzu eta prestazio hau jasotzen ari bazara, irailaren 30era arte luzatuko da.

• Bete beharreko baldintzak:
            — 2021eko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan fakturazioa %50 jaitsi behar izan da 2019ko tarte berberarekin konparatuta
            — 2021eko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetako diru-sarrera garbiak ezin izan dira izan 7.980 euro baino altuagoak.

Aparteko prestazioa

11/2021 Dekretuaren 8. artikulua

Ezin baduzu jaso jarduera amaieragatiko prestazio arrunta eta aparteko prestazioren bat jasotzen egon bazara (maiatzaren 31ra arte), beste hau eska zenezake:

• Bete beharreko baldintzak:
            — 2021eko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetako fakturazioa 2020ko lehen hiruhilekoa baino baxuagoa izan behar izan da.
            — 2021eko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetako diru-sarrera garbiak 6.650 euro baino baxuagoak izan behar izan dira.

• Zenbatekoa: gutxieneko kotizazio oinarriaren %50

Autonomo sasoilarientzako aparteko prestazioa

11/2021 Dekretuaren 9. artikulua

2018 eta 2019 urteetan egindako lana -lan bakarra- autonomoen erregimenean izan bada. Lan honen iraupena , gutxienez, lau hilabetekoa eta, gehienez, sei hilabetekoa izan behar izan da urte bakoitzean. Edozelan, 2018an eta 2019an inoren kontura lanean egon bazara, hau ez da kontuan hartuko, baldin eta 120 egun baino gutxiago izan bada.

• Bete beharreko baldintzak:
            — 2018 eta 2019 urteetan autonomoen erregimenean altan egon behar izan zara, gutxienez lau hilabetez eta, gehienez, zazpi hilabetez urte bakoitzean. Altan emandako denbora honetatik, hilabete bi, gutxienez ekaina eta iraila bitartean izan behar izan da.
            — 2021eko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan ezin izan zara egon altan inoren konturako langile moduan 60 egun baino gehiagoz.
            — 2021eko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetako diru-sarrera garbiak ezin izan dira izan 6.650 euro baino altuagoak.

• Zenbatekoa: gutxieneko kotizazio-oinarriaren %70.

• Prestazio hau jaso bitartean ezin izango duzu inoren kontura lanik egin.

Kotizazio salbuespenak

11/2021 Dekretuaren 5. artikulua

Jardueraren amaieragatiko aparteko prestazioren bat jasotzen egon bazara 2021eko maiatzaren 31n, honelako salbuespenak aplikatuko zaizkizu kotizazioetan:

  • Ekainean: kotizazioen %90
  • Uztailean: kotizazioen %75
  • Abuztuan: kotizazioen %50
  • Irailean: kotizazioen %25

Salbuespen hauek jaso ahal izateko, autonomoen erregimenean altan egon behar da, gutxienez, 2021eko irailaren 30era arte.

Jarduera amaieragatiko edozein prestazio jasotzen ari bazara, salbuespen hauek ez dira aplikatuko.