Borondatezko eszedentzia sektore pribatuan
Borondatezko eszedentzia hartzeko arrazoiak, eszedentzia eskatzen duten langileak bezainbeste izan daitezke. Horixe da bere ezaugarri nagusia: borondatezkoa dela eta guk egoki ikusten dugun zergatia izan dezakeela, nahiz eta zenbait baldintza bete behar diren
• Borondatezko eszedentzia enpresan gutxienez urtebete eman duen langile orok eska lezake.
• Eszedentzia bat disfrutatzen amaitu dugunetik hurrengoa eskatu ahal izan arte, gutxienez, 4 urte pasatu behar dira.
• Borondatezkoa denez, esan bezala, edozein arrazoigatik izan liteke. Izan ere, ez gaude behartuta enpresari arrazoia edo azalpenak ematera.
• Eszedentziak 4 hilabetetik bost urtetara iraun lezake.
• Eszedentzia borondatezkoa da langilearentzat, baina enpresarentzat derrigorrezkoa da ematea, eskatu duen langileak baldintzak betetzen baditu.
• Antzinatasuna: eszedentzian ematen duzun denbora ez da antzinatasunerako zenbatuko, ez plusei begira, ezta, kaleratzerik egonez gero, kalteordainari begira ere. Honen salbuespena dira zaintza betebeharretarako eskatzen diren eszedentziak. Kasu honetan bai hartuko da kontuan eszedentzian emandako denbora antzinatasunerako, horren inguruko atalean azalduko dugun bezala.
Zelan eskatu borondatezko eszedentzia
Gomendagarria da idatziz eskatzea. Bertan adierazi zure antzinatasuna enpresan, ze kategoriatan aritzen zaren eta, batez ere, noiztik nora hartu nahi duzun eszedentzia (data zehatzekin). Berriz ere diogu, ez gaude behartuta arrazoia azaltzera.
Ez dago aurreabisurako eperik. Hala ere, normalena da behar besteko denboraz eskatzea enpresak zerbitzua edo jarduera antolatu ahal dezan. Enpresak idatziz erantzun behar du, eskaera onartzeko edo ukatzeko. Lehen esan bezala, enpresa onartzera behartuta dago, baldintzak betetzen badituzu, eta, hortaz, ezezkoa borrokatu eta sala liteke.
Eszedentzian hasi baino lehenago, enpresak oporren eta aparteko pagen zatia likidatuko dizkizu.
Lanera itzultzea
Honek arazoak sortu ahal dizkigu. Izan ere, enpresak beste langile bat kontratatu ahal du gure lanpostua betetzeko eszedentzian gauden bitartean, baita kontratu mugagabeaz ere.
Borondatezko eszedentzian gaudenean ez daukagu gure lanpostura itzultzeko eskubiderik edo, bestela esanda, enpresak ez du gure lanpostua zertan gorde (beste eszedentzia batzuekin bai, ordea). Kategoria berean edo antzekoan hutsik dagoen edo geratzen den lanposturen batera itzultzeko preferentzia izango genuke. Hala ere, lanpostua gordetzeko eskubiderik ez egon arren, enpresarekin adostu daiteke, edo baliteke hitzarmen kolektiboan arauturik egotea.
Itzultzeko eskaera egin behar duzu, lanean berriro hastea ez baita automatikoa. Eta, egin ezean, jurisprudentziak ulertzen du langileak bere lanpostuari uko egin diola, borondatezko baja baten ondorio berberekin: ez kalteordainik, ez eta langabezia prestazioa jasotzeko eskubiderik ere. Hobe da idatziz egiten baduzu, eskaera egin duzula jasota gera dadin eta frogatu ahal izateko edozein arazoren aurrean. Itzulera eskatzeko ez dago epe zehatzik, ez bada hitzarmen kolektiboak eperen bat ezartzen duela. Edozein kasutan, eskatu denbora nahikorekin, baita eperen bat finkatuta badago ere.
Hainbat egoera gerta daitezke enpresaren erantzunaren arabera:
- Enpresak itzulera eskaera onartu eta lanpostu antzeko batean hasteko erantzun dizu.
Kasu honetan, berez, ez legoke arazorik, baina…
– Enpresak eskaini dizun lanpostua beste lantoki batean da: Langileen Estatutuan egiten den aipamen bakarra da langileak daukan “lehentasuna” edo “preferentzia”, baina ez du ezer esaten honetaz.
Berez, langilea onartzera behartuta egongo litzateke; bestela, borondatezko bajatzat hartuko litzateke, hau da, norberak lana utzi duela ulertuko litzateke. Ez bada lantokiz aldatzeak etxez aldatzera ere behartzen gaituela. Kasu honetan, borrokatzeko aukera handiagoak izango genituzke.
– Enpresak itzulera onartu du, baina beste ordutegi edo beste soldata batekin. Berez, itzulerarako eskubidea lan baldintza berberetan gauzatu beharko litzateke, nahiz eta beste lanpostu batean izan, kategoria berean edo antzeko batean izan beharko litzateke. Hala ere, enpresak honako hau edo goiko puntuan azaldutakoa erantzunez gero, jarri kontaktuan sindikatuarekin ahalik eta lasterren.
- Enpresak ez du eskaera onartu eta itzultzea ukatu dizu.
Ukapen argi bat egon behar da. Kasu honetan ez gabiltza berbetan enpresak erantzun dizula momentu horretan lanpostu hutsik ez daukala. Hori hurrengo puntuan jorratuko dugu. Enpresak itzultzea ukatzen badizu, kaleratze baten aurrean gaude eta kaleratze moduan borrokatu beharko litzateke. Gogoratu kaleratze bat salatzeko 20 laneguneko epea daukazula.
- Enpresak ez du zure eskaera onartu, baina ez dizu itzulera ukatu.
Hau da, enpresak erantzun dizu momentu horretan ez daukala zuretzako kategoria bereko edo antzekoko lanposturik. Momentu horretan linbo batean sartuko ginateke. Ez ginateke lanera berriro itzuliko, baina lan harremana eten ere ez litzateke egingo, hau da, ez zaituzte kaleratu.
Enpresa lanpostu huts bat daukan bezain pronto abisatu behar dizu. Hala ere, ordezkari sindikalik balego enpresan, jakinarazi eurei, egiazta dezaten hori egia ote den eta, bestela, etorri sindikatura eta egon kontaktuan zure lankideekin ziurtatzeko hala dela eta, gainera, ez dela beste kontrataziorik egiten zu berriro hartu baino lehen.
Itxaron zenezake beste lanpostu bat eskaini arte edo, lanposturen bat libre dagoela susmatzen baduzu, epitegietara ere jo daiteke. Gainera, kalte ordainak eskatu ahal dituzu. Hauek jaso ez dituzun soldatak izango liratezke, kontziliazio txartela aurkeztu zenetik edo berriro itzultzeko eskatu zenuenetik (eskaini ez zizuten lanpostu hutsa baldin bazegoen harrezkeroztik).
- Enpresak ez dizu erantzun.
Aurrreko puntuko egoera berean egongo ginateke. Kasu honetan ulertu behar da enpresak ez dizula itzulera ukatu, baina ez daukala lanpostu hutsik. Baina kaleratze ahalegin baten aurrean ere egon ginateke. Beraz, jarri kontaktuan sindikatuarekin ahalik eta lasterren.
Eszedentzian zauden bitartean beste enpresa batean egon zaitezke lanean.
Kontratu berri hau amaitzen bada, langabezia jaso zenezake. Beti ere kontratua amaitu bada edo kaleratu bazaituzte, baina ez zuk utzi baduzu. Prestazioa kalkulatzeko enplegu berrian emandako denbora ez ezik, beste enpresan emandako denbora guztia ere hartzen da kontuan.
Langabezia borondatezko eszedentzia amaitu arte kobratu ahal duzu. Momentu horretan SEPEk, seguruenik, enpresara itzultzea eskatu duzula egiaztatzeko eskatuko dizu. Ez baduzu eskatzen berriro itzultzeko, SEPEk prestazioa kenduko dizu.
Itzultzeko eskatu duzunean…
– Enpresak esaten badizu ez daukala zuretzako lanposturik, prestazioa kobratzen jarraitu ahal izango duzu.
– Enpresak lanpostu bat eskaintzen badizu, enpresara itzuli beharko zara. Bestela, borondatezko bajatzat hartuko da eta ez duzu langabezia prestazioa jasotzeko eskubiderik izango.