Jardunaldi osoetan metaturiko edoskitzea
Langile gehienek aukeratzen duten modua hauxe izaten da: ordubeteko baimena pilatzea eta jardunaldi osoetan metatzea. Aukera honekin, zelan edo halan esateko, praktikan, gurasotasun baimena hainbat egunetan luzatuko genuke. Zein da formula? Umeak 9 hilabete bete arte falta diren lan egunak zenbatu (lan egun bakoitzetik ordubete dagokigu) eta langilearen jardunaldiaz zatitu. Hau da, baimen ordu guztiak jardunaldi bihurtu behar ditugu.
Beheratxoago azalduko dugun azken aldaketa batekin Ministeriorik saldu zuten edoskitzeagatiko baimena 28 egunekoa izatera pasatuko zela eta hainbat komunikabidek bere horretan jaso zuten, baina hau gezur hutsa da. Edoskitzeagatik egokituko zaigun denbora ezberdina izango da kasu bakoitzean, zenbait aldagairen menpe dagoenez gero (eta, gainera, ez dago apenas 28 eguneko kasurik, ez bada erditze anizkoitza izan, adibidez):
— Seme-alaben kopurua. Lehen aipatu dugunez, ume bakoitzeko ordubeteko baimena izango genuke eta, hortaz, erditze, harrera edo adopzio anizkoitza izan bada, egokituko zaigun denbora biderkatuko da.
— Langilearen jardunaldia. Jardunaldiaren iraupena edozein dela ere, ordubeteko baimena izango genuke berdin-berdin. Hori bai, ordu horiek guztiak batu eta jardunaldi bihurtzen ditugunean, jardunaldi partzialaz kontrataturik bagaude, egun libre gehiago hartzeko aukera izango dugu, beherago emango ditugun adibideetan ikus daitekeenez.
— Zein egunetan itzuli den langilea gurasotasun baimena disfrutatzetik, oporrak hartu ote dituen eta zenbat lan-egun falta diren umeak 9 hilabete bete arte.
Balizko kasu zehatz batzuk emango ditugu adibide moduan::
1. kasua: Gurasotasun baimena disfrutatu ostean (17 aste) oporrak hartu ditugu (30 egun). Berriro lanera itzuli garenetik umeak 9 hilabete bete arte, 130 egun natural daude eta, hauetatik, 98 lan egunak dira, adibidez. Hortaz, 98 ordu egokituko litzaiguke edoskitzeagatiko baimenerako. 98 ordu hauek gure jardunaldiaren iraupenaz zatitu behar ditugu:
– Jardunaldi osoz (8 ordu egunean): 98 / 8 = 12,25 egun
2. kasua: Oporrak hartu ez bagenitu, 30 egun natural gehiago izango lirateke: 22 lan egun gehiago = 22 ordu gehiago. Hortaz, orotara 120 egun/ordu:
120 / 8 = 15 egun
3. kasua: Jardunaldi partzialaz aritzen bagara, zatikatzailea baxuagoa denez, emaitza handiagoa izango da. Adibideari jarraiki, demagun 120 ordu dagozkigula:
– Jardunaldi osoz (8 orduz): 120 / 8 = 15 egun
– Jardunaldi partzialaz (6 orduz): 120 / 6 = 20 egun
– Jardunaldi partzialaz (4 orduz): 120 / 4 = 30 egun
* Kasu bakoitzean kalkulu zehatzak egin beharko dira. Hemen egin duguna hurbilpena baino ez da, azalpena zertxobait argitzearren.
⇒ Gogoratu langile publikoek umeak 12 hilabete bete arte disfruta dezaketela baimena. Hortaz, metatuz gero ere, halaxe egin beharko dira kalkuluak.
∗ Azken aldaketak (2/2024 Lege-Dekretua)
Aipatutako 2/2024 Lege-Dekretua indarrean hasi arte, hitzarmen kolektiboak ez bazuen aukera ematen edo ez bazegoen enpresarekiko itun edo akordiorik, ezinezkoa zen edoskitzeagatiko baimena jardunaldi metatuetan disfrutatzea. Horixe da, hain zuzen ere, aldatu zena: edoskitzea jardunaldi osoetan metatzeko aukera langile guztiei zabaldu zitzaien, hitzarmenak islatu ala ez. Honela, hitzarmenak dakarrena kontuan hartuko da, baldin eta baldintza orokorrak hobetzen baditu.
Aldaketa hau, bere momentuan, Europako 2019/1158 Zuzentarauaren transposizioa amaitzea omen zuen helburutzat. Zuzentarau honek Europako Estatuak, Espainiakoa barne, gurasotasun baimenak zabaltzera behartu zituen. Bere momentuan azaldu genizuenez -lehen ere aipatu dugun gezurra tarteko- neurri honekin ez zen heltzen Zuzentarauak ezartzen zituen gutxienekoetara. Ez zen heltzen neurri honekin, ezta 2023an sortu zen 8 asteko baimen EZ ordainduarekin. Hori dela eta, 8 asteko delako baimenaren inguruko artikuluan zein gurasotasun baimenari buruzko artikuluan irakurri ahal duzuenez, Estatuak isuna jaso zuen. Badirudi, 2025eko uztailean, gurasotasun baimena 19 astera luzatzearekin, azkenik, heldu egin dela.
Informazio gehiagorako: