Errotze modalitate hau ere nahiko aldatu da.

Lehen, errotze laboralerako, aldez aurretik, 6 hilabetez lan egin izana frogatu behar zen.

Orain, errotze soziolaboralerako, lan kontratua behar da, baina ez da beharrezkoa aldez aurretik lan egin izana (edo, hobeto esanda, ez dago hori frogatu beharrik).

Artikuluan erresidentzia baimen honen inguruko guztiak aurkitu ahal izango dituzue. Ze nolako lan kontratua (edo, zehatzagoak izateko, “aurrekontratua”) izan behar den ekarri dizuet, besteak beste: iraupena, jardunaldia, soldata, kontratu bat baino gehiago atxikitzeko aukera…

Eta, zelan ez, betiko moduan, eskaera moduak eta tokiak ere bai, beharrezko dokumentazioa azaltzeaz gain.

Zer da errotze soziolaboralagatiko erresidentzia baimena?

Atzerritarren Legearen Arautegi berriak errotzeagatiko baimenak ere berregituratu ditu. Gaur gaurkoz bost errotze kasu daude: errotze soziala, errotze soziolaborala, prestakuntza bidezko errotzea, bigarren aukerako errotzea eta familia errotzea. Figura hauen artean, bigarren aukerako errotzea da berri  bakarra. Beste lauak lehenagotik ere existitzen ziren, nahiz eta hainbat aldaketa izan diren.

Aparteko prozedura honen bitartez, egoera irregularrean dauden lagunek Estatuan bizitzeko baimena lor dezakete, beti ere baldintza batzuk betetzen badira. Honela, errotzea  erresidentzia lortzeko bide erabilienetako bat da, bere helburua Estatuan jadanik bizi diren lagunen egoera erregularizatzea da eta.

Europar Batasunetik kanpoko lagunei begirakoa da.

Aldi baterako baimena da: urtebete irauten du eta, denbora hau pasaturik, berriztatu behar da.

Esan bezala, Atzerritarren Legea aplikatzeko araudi berriak hainbat aldaketa ekarri ditu baimen mota hauetan. Honela, esan genezake, errotze soziolaboralak, zelanbait esateko, lehengo errotze soziala eta errotze laborala bateratu dituela.

Gogora dezagun lehengo errotze sozialerako lan kontratua beharrezkoa zela eta, errotze laboralerako, eskatzaileak frogatu behar zuela, gutxienez, 6 hilabetez lanean aritua zela (nahiz eta modu irregularrean izan). Orain, errotze sozialerako ez da lan kontraturik behar. Lan kontratua baldin badaukagu (oraindik sinatu ez badugu ere), errotze soziolaborala eskatu beharko genuke. Hortaz:

  • Lehen, errotze laboralerako, aldez aurretik, 6 hilabetez lan egin izana frogatu behar zen.
  • Orain, errotze soziolaboralerako, lan kontratua behar da, baina ez da beharrezkoa aldez aurretik lan egin izana (edo, hobeto esanda, ez dago hori frogatu beharrik).

Errotze soziolaborala eskatzeko, inoren kontura lan egin behar da; norberaren kontura, hau da, autonomo moduan, lan egin nahi izanez gero, errotze soziala eskatu beharko litzateke.

Zeintzuk baldintzak bete behar dira?

  • Aurreko BI URTEETAN Estatuan.

Eskatzaileak egiaztatu behar du aurreko urte bietan Estatuan bizitzen egon dela. ADI! urte bi segidan; hortaz, denbora honetan zehar, Estatutik kanpora irtenez gero, egonaldi hauek, guztira, ezin izan dute 90 egun baino gehiago iraun.

  • Asilo eskatzaileek ezin dute baimen hau eskatu.

Baimen hau eskatzen duen pertsona ezin da izan, aldi berean, asilo eskatzailea. Gainera, asilo eskatzailetzat ematen den denbora ez da kontuan hartuko erresidentzia baimena eskatzeko eta, beraz, asilo eskaera ukatzen badute edo eskatzaileak prozedura lagatzen badu, zerotik zenbatzen hasi beharko da. Azken araudiak ekarri duen aldaketa larria da hau.

  • Errotze soziolaborala eskatzeko lan kontratu bat izan behar duzu:

Lan kontratu bakarra edo bat baino gehiago izan ahal dira. Edozein kasutan, lanbidearteko gutxieneko soldata (edo hitzarmenik balego, hitzarmenak markatzen duen soldata) jaso beharko zenuke. Ez da ezinbestekoa jardunaldi osoko lana izatea, baina, gutxienez, astean 20 ordu izan beharko lirateke. Lan kontratuari dagokion guztia hurrengo atalean azalduko dugu zehatzago.

  • Enplegatzaileak edo enplegatzaileek honako baldintza hauek bete behar dituzte

Ezin dute zorrik eduki Ogasunarekin edota Gizarte Segurantzarekin.

— Beren enpresa proiektua aurrera ateratzeko baliabide ekonomiko, material eta pertsonal nahikoak izan behar dituzte, eta langilearen soldata, Gizarte Segurantza eta abarrak ordaintzeko beste ere bai.

  • Aurrekari penalik ez.

Ezin da aurrekarik penalik izan, azken bost urteetan, ez Espainiako Estatuan, ezta bizitzen egon den herrialdeetan.

  • Tasa bat ordaindu behar da (790 eredua, 052 kodea).

Tasa hau eskaera egiten denean (eta, hortaz, tramitera onartzen denean) ordaindu behar da. 10 egun daude honetarako. 2025. urtean 38,28 euro dira. Tasa hau ONLINE ere ordaindu ahal da.

Lan kontratua

Jakina, lehenbiziko galdera da ea zelan den posible lan kontratua aurkeztea oraindik ez badaukazu paperik. Eta halaxe da. Lan kontratua indarrean hasteko, lehenengo eta behin, erresidentzia baimena eman behar dizute. Eta orduan? enpresak edo enplegatzaileak kontrataziorako eskaintza edo konpromisoa egin beharko lizuke (“aurrekontratu” moduko zerbait) eta horixe aurkeztu beharko zenuke. Gerora, baimena eskuratzen duzunean, enpresak edo enplegatzaileak jadanik kudeatu ahal izango luke zure alta Gizarte Segurantzan.

  • Kontratu mota:

Ez du ardura ze kontratu mota den. Honela, ez da beharrezkoa kontratu mugagabea izatea (hau da, “finko” deitzen den hori), aldi baterako kontratua, aldizkako finkoa edo ordezkapen kontratua ere izan daitezke.

Gainera, iraupenari eta jardunaldiari dagokienez, segidan azalduko ditugun baldintzak bete behar direnez, posible da kontratu bat baino gehiago aurkeztea.

  • Kontratuaren iraupena:

90 egun baino gehiago iraun behar ditu. Zehaztapen hau 1/2025 Argibideek dakarte.

Honela, kontratu mugagabea balitz, ez legoke arazorik, baina ADI! aldi baterako kontratua balitz, gutxieneko iraupen hori bete beharko luke.

Lehen esan dugunez, kontratu bat baino gehiago atxiki ahal dira. Honela, 90 egun hauetara heldu ahal izateko, aldi baterako kontratu bat baino gehiago aurkeztu ahal dira. Hori bai, segidakoak izan behar dira (esan nahi baita, kontratu bat amaitu eta, horren segidan, bestea hasi beharko litzateke; ez du balio, adibidez, 60 eguneko kontratu bat eta, handik hiru hilabetera, 40 eguneko beste bat).

  • Jardunaldia

Jardunaldia, gutxienez, 20 ordukoa izan behar da (20 ordu astean).

Esan bezala, kontratu bat baino gehiago atxiki daitezke. Adibidez, demagun etxeko langilea zarela, baliteke 15 orduko lan kontratu bat izatea etxe batean eta 5 orduko beste bat beste etxe batean. Biak batuta, 20 orduko jardunaldira helduko litzateke.

  • Soldata

Aurreratu dugunez, jasoko den soldata, gutxienez, lanbidearteko gutxieneko soldataren bestekoa izan behar da.

Lanbidearteko gutxieneko soldata 2025ean:

Urtean (soldata gordina): 
Hilean (soldata gordina): 

16.576€
1.184€ -14 ordainsaritan (12 ordainsari + aparteko paga bi)-
1.381€ -12 ordainsaritan (aparteko paga biak hainbanaturik edo prorreaturik)

Gutxieneko hauek 40 orduko jardunaldi osoari dagozkio. Zure jardunaldia baxuagoa balitz, betetzen dituzun orduen arabera kalkulatu beharko litzateke. Honela, lehen aipatu dugunez, 20 orduz lan eginez gero, urtean 8.288€ gordin eta hilean 592€ (14 ordainsaritan) edo 690€ (12 ordainsaritan) izan beharko litzateke, gutxienez.

Zenbateko hauek soldata gordina dira; hau da, zergak eta Gizarte Segurantzaren kenkariak aplikatu baino lehen; hortaz, soldata garbia -ingresatuko digutena- baxuagoa izango da.

Dokumentazioa

Eskaera-orria (EX10 eredu ofiziala)

Identifikazioa: pasaportearen kopia osoa, inskripzio zedularen kopia edo bidaia tituluaren kopia

— Estatuan, gutxienez, bi urteko egonaldia egiaztatzen duen dokumentazioa. Modurik zuzenena errolda da, jakina, baina, ondo dakigunez, migranteek gero eta arazo eta oztopo gehiago pairatu behar dituzte erroldatu ahal izateko. Oso garrantzitsua da, beraz, bestelako dokumentu batzuk gordetzea egonaldia egiaztatu ahal izateko. Eskatzailea hemen bizitzen egon dela egiaztatzen duen edozein dokumentu atxiki ahal da, hala nola fakturak edo diru bidalketak (dokumentuan eskatzailearen datuak agertu behar dira) eta bereziki kontuan hartuko dira administrazio publikoren batek emandakoak, hala nola ospitalizazioak, kontsulta medikoak, udalarekin egindako izapideak edo kontsultak…

Aurrekari penalen egiaztagiria

Lan kontratua(k), enplegatzaileak eta langileak sinatuta.

Enpresaren dokumentuak:

– Identifikazio Fiskalerako Zenbakiaren kopia (baliteke sozietatearen estatutuak edota enpresaren eskriturak ere eskatzea, kontratua sinatu duen pertsona horretarako gai dela egiaztatzeko)
– Enpresaren PFEZ, BEZ edo Sozietateen Zergaren aitorpena edo enpresaren bizi laboralaren txostena (VILE), enpresak kaudimen nahikoa badaukala egiaztatzeko

Lanbide horretarako zure gaitasuna edota kualifikazio profesionala egiaztatzen duen dokumentazioa (titulazioa, adibidez).

⇒ ADI! Oro har, dokumentuen kopiak eman behar diren arren, izapidea egiteko momentuan dokumentu originalak ere erakutsi behar dira. Hortaz, kopiak ez ezik, eraman bulegora jatorrizkoak ere bai. Izan kontuan beste herrialde batzuetako dokumentuak direnean, gaztelera edo euskarara itzulita egon behar direla (zinpeko itzultzaile batek egin behar du).

Dokumentazioaz eta betebehar hauetaz informazio zabalagoa Ministerioaren azalpen orri honetan kontsultatu ahal duzu:

Nora jo errotze soziolaboralagatiko erresidentzia eskatzeko?

Herrialdeko atzerritarren bulegoak:

                      ARABA:
Olagibel 1 (Gasteiz)
945 759 480 (informazioa eta aldez aurretiko hitzordua)

Ordutegia: 9:00etatik 14etara

                      BIZKAIA:
Berroeta Aldamar 1 (Bilbo).
944 509 435

Informazioa (aldez aurretiko hitzorduen inguruan)
Informazioa (eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko)

Ordutegia:
– Astelehenetik ostegunera: 9:00etatik 17:00etara; ostiraletan: 9:00etatik 14:00etara
– Udako ordutegia. Ekainaren 16tik irailaren 15era: 9:00etatik 14:00etara (astelehenetik ostiralera)

                      GIPUZKOA:
Plaza Pío XII, 6 -sarrera Javier de Barkaiztegitik- (Donostia)
943 989 110
Posta-e: oficina_extranjeros.gipuzkoa@correo.gob.es

Ordutegia:
– 9:00etatik 17:30etara
– Udako ordutegia. Ekainaren 16tik irailaren 15era: 8:00etatik 15:00etara

                      NAFARROA:
Gipuzkoa etorbidea, 40 (behea – Buztintxuri) (Iruñea)
948 979 200

Ordutegia: 9:00etatik 14:00etara

⇒ Gogoratu bulegoetara jo baino lehen, aldez aurretiko hitzordua hartu behar dela. Hau internetez egin daiteke, hurrengo helbide honetan:

⇒ Kontsultarik edo zalantzarik izanez gero, galderak online egin daitezke, honako helbide hau erabilita:

Errotze sozialagatiko erresidentzia baimena ONLINE ere eskatu ahal da. Hemen utziko dizkizuegu honetarako sarrera zuzena eta izapide honen argibide liburua jaisteko lotura:

Erresidentzia eskuratuta, TIE eskatu behar da

⇒ ADI! Erresidentzia baimena jaso ostean, TIE eskatu behar da. Hau da, kalean hatz markaren izapidetzat ezagutzen den hori egin behar da.

TIE atzerritarren identifikazio txartela da eta hobeto azalduta daukazu beste artikulu honetan.

Honako hauek behar dira identifikazio txartela ateratzeko:

  • Eskaera-orria (EX-17 eredu ofiziala)
  • Tasa bat ordaindu beharko duzu (790 eredua 012 kodea). 2025ean 16,08€ dira.
  • Gizarte Segurantzako alta egiaztagiria (dokumentu hau beharrezkoa da, baldin eta lanean hasi behar bazara, bai inoren kontura, bai autonomo moduan)
  • Nortasun agiri tamainako hiru argazki (argazki dendan atera)

Izapide hau polizia komisaldegian egiten da (helbideak HEMEN)  eta aldez aurretiko hitzordua behar da. Bertan hatz marka hartuko dizute eta frogagiri bat emango dizute. Handik hilabetera txartel fisikoa hartu ahal izango duzu.