Zer da lanbidearteko gutxieneko soldata?
2020/02/05
Azken eguneraketa: 2023/02/15
Langileen Estatutuaren 27. artikulua
99/2023 Dekretua, 2023. urterako lanbidearteko gutxieneko soldata ezartzen duena
Lanbidearteko gutxieneko soldata langile orok jaso behar duen gutxieneko soldata da. Hau da, ezein langilek ezin du muga horretatik behera kobratu, bere egoera, sektorea edo kontratu mota edozein dela ere. Muga hau legez ezartzen da, Madrilgo Gobernuak Buletin Ofizialean argitaratutako dekretuen bitartez.
Azken urteetan gutxieneko soldatak, ia izoztuta egon ostean, azkenik igoera esanguratsuak izan ditu azken sasoian. Izan ere, Espainiako Estatuak gutxieneko soldata benetan baxua zeukan, batez ere bere inguruko eta ezaugarri sozioekonomiko antzekodun beste herrialdeekin konparatuta, Europako Kontseiluak behin eta berriro ohartarazi izan dion moduan.
Azken igoera 2023ko otsailean izan da (hilaren15eko BOEn argitaratua) eta gutxieneko soldata 1.080 eurotara altxatu du. Hala ere, 2023. urte osorako zenbatekoa da eta, hortaz, atzeraeraginez aplikatuko da.
Hau neurri pozgarria da, jakina. Hala ere, azken igoera honekin batezbesteko soldataren %60ra heldu dela saldu digute eta, hortaz, helburua lortutzat eman omen dute. Izan ere, aspaldiko aldarrikapena da Europako Karta Sozialak ezarritakoa betetzeko, hau da, gutxieneko soldata batezbesteko soldataren %60 izan dadila. Gogora dezagun Espainiak Europako Karta Soziala 2019an berronetsi zuela (nahiz eta 2000. urtean sinatua zuen) eta, hortaz, bere legedia horretara egokitzera behartuta dagoela.
Bada, artikulu amaieran hau gezurtatzen duten datuak aurkituko dituzue eta, seguruenik edo, behintzat, idazten dizuen honek susmatzen duenez, non kokatu ahal izan duten tranpa, zin egindakoa, gezurrik esan gabe, bete egin dutela defendatu ahal izateko.
Baina, goazen harira…
2023rako lanbidearteko gutxieneko soldata
- Egunean: 36€
- Hilean: 1.080€, 14 ordainsaritan / 1.260€, 12 ordainsaritan
- Urtean: 15.120€
- Etxeko langileak: 8,45 euro orduko (orduka lan eginez gero)
- Aldi baterako eta sasoikako langileak: 51,15 euro eguneko
Edozelan, 1.080 euroak jardunaldi osoari dagozkio. Hau da, astean 40 orduz lan eginez gero, kopuru hori jasoko genuke, baina gure jardunaldia laburragoa balitz, soldata ere proportzio berean murriztuko litzateke. Honela jardunaldi erdiz arituko bagina (astean 20 orduz), gutxieneko soldataren erdia aplikatuko litzaiguke: 540 euro, alegia.
Garrantzitsuena da jakitea zein den gure jardunaldiaren proportzioa, jardunaldiaren ze ehuneko zehatz egiten dugun, alegia. Hala ere, ideiatxo bat egiteko, hemen daukazue taula bat, asteko orduei legokiokeen soldata islatzen duena:
Oinarrizko soldata eta osagarriak
Azaldu ditugun kopuru guztiek soldata gordinari egiten diote erreferentzia: 1.080 euroak ez dira, berez, dirutan hilabete amaieran jasoko duguna, hau da, ez da soldata garbia, baizik eta soldata gordina. Gogoratu soldata gordinak gerora kenduko zaizkigun atxikipen eta kotizazioak barne hartzen dituela.
Baina gutxieneko soldata oinarrizko soldata al da?
Gutxieneko soldata gutxieneko ordainketa gordina da, langile orok jaso behar duen gutxienekoa, baina ez oinarrizko soldata. Azal dezagun apur bat hobeto:
Alde batetik, Langileen Estatutuaren 27.1. artikuluak dioenez, gutxieneko soldataren berrikuspenak ez dio eragiten soldaten egitura edo zenbatekoari, soldata hauek, oro har hartuta, gutxieneko soldata baino altuagoak badira. Bestela esanda, jasotzen dugun soldata osoa (oinarrizko soldata gehi osagarriak) gutxieneko soldata baino altuagoa bada, igoera honek ez digu eragingo.
Era berean, gutxieneko soldataren igoera ezarri izan duten dekretuetan zera adierazi izan da, lanbidearteko gutxieneko soldata kalkulatzeko, soldata osagarriak barne hartuko direla. Hortaz, gure oinarrizko soldata hilean 1.080€ baino gutxiago izan liteke, baina, oinarrizko soldata honetaz gain, osagarriren bat jasoko bagenu eta gure soldata, oro har eta osagarriak kontuan hartuta, kopuru horretara helduko balitz, legea beteko litzateke.
Gai honek interpretazio ezberdinak izan ditu eta epaitegietara heldu da behin baino gehiagotan. 2019an Espainiako Auzitegi Nazionalak ildo beretik (eta enpresen alde) ebatzi zuen: gutxieneko soldata ez da oinarrizko soldata eta, hortaz, osagarriak edo plusak ere hartzen ditu barne.
Denarekin ere, hurrengo atalean ikusiko dugunez, gutxieneko soldatara heltzen ote garen kalkulatzeko, dirutan jasotzen dugun kopurua baino ez da kontuan hartuko. Espezietan jaso dezakegun soldata zatia kalkulu honetatik kanpo gelditzen da.
Ordainketak espezietan
Batzuetan ordainketaren zati bat espezietan jasotzen da. Hau oso ohikoa da etxeko langileen kasuan eta, bereziki, barneko langileak badira (etxean bazkaltzeagatik edo bertan bizitzeagatik). Hala ere, edozein kasutan eta edozein sektoretan espezietan jasotzen den soldataren zati hori ezin da soldata osoaren %30 baino handiagoa izan.
Gutxieneko soldatari dagokionez, espezietan edozein ordainketa jasotzen dugula ere, hau ezin izango da gutxieneko soldata horretatik deskontatu. Gutxieneko soldata dirutan izan behar da derrigor, baita etxeko langileentzat ere.
Etxeko langileak
“Zenbat kobratu behar duzu etxeko langilea bazara?” atalean azaltzen dugunez, jardunaldi osoz, jardunaldi partzialaz edo orduka lan egin dezakegu. Hala ere, edozein kasutan gutxieneko soldata bermaturik izan behar dugu (kopuru horretatik aurrera negozia daitekeen arren).
Aipatutako artikuluan jardunaldi bakoitzari dagokion gutxieneko ordaina kontsulta dezakezu.
Autonomoak
Autonomoen kasuan gutxieneko soldatak ez du zuzenean eragiten, soldatapean ez dauden heinean. Hala ere, jo ezazu autonomo faltsuen atalera zure egoera iruzurrezkoa izan daitekeela uste baduzu.
Baina gutxieneko soldatak bai eragin izan die autonomoei zeharka. Izan ere, autonomoen gutxieneko kotizazio oinarria gutxieneko soldatari lotuta egon ohi da eta, askotan, hein berean igo izan dira. Hala ere, hau ez da zertan horrela izan.
Gainera, gogoratu 2023tik autonomoen kotizazio sistema aldatu egin dela eta benetako diru-sarrerengatik kotizatzera pasatu dela.
Enbargoak
Administrazio publikoarekin zorrik izanez gero edo prozedura judizialen baten ondorioz, hartzekodun erakundeak zure nomina enbargatzeko eska lezake. Hala ere, gutxieneko soldataren zenbatekoa enbargaezina da. Hau da, gutxieneko hori ezin dizute nominatik kendu.
Gutxieneko soldata baino gehiago kobratuz gero, Prozedura Zibilaren Legeak 607. artikuluan ezartzen duen moduan gauzatuko da enbargoa.
FOGASA
FOGASA (“Fondo de Garantía Salarial” edo Soldatak Bermatzeko Funtsa) enpresak langileei zor dizkien soldatak eta kalteordainak ordaintzeaz arduratzen da, enpresak kaudimenaik ez daulaka adierazten duenean edo hartzekodun konkurtsoan dagoenean.
Lanbidearteko gutxieneko soldata da FOGASAK ordainketen muga kalkulatzeko erabiltzen duen parametroa. Izan ere, FOGASAK ez du ordaintzen enpresak zor duen guzti-guztia, baina bai hartzen ditu bere kargu gutxieneko batzuk. Aipatutako muga lanbidearteko gutxieneko soldataren bikoitza da. Momentu honetan 72€ eguneko (36€ x 2) eta, gehienez, 120 egun ordainduko ditu. Honen inguruko informazio gehiagorako:
Lanbidearteko gutxieneko soldataren bilakaera
Ondoko taulan ikus dezakegu zein izan den gutxieneko soldataren bilakaera Estatu espainolean azken hamarkada luzean zehar:
Lanbidearteko gutxieneko soldata Europan
Hurrengo koadroan ikus daitezke ze nolako aldeak dauden Europako Estatuen gutxieneko soldatetan eta Espainiako Estatua ze mailatan kokatzen den. Hamabosten Europa hartu dugu kontuan, nahiz eta Brexita gauzatua izan zen. Balioak 12 ordainsaritan adierazita daude:
Lehen begiratu batean, argi geratzen da ze nolako ondorio eta desberdinkeriak dakartzan Espainia eta Frantzia arteko aldeak Ipar eta Hego Euskal Herriko langileontzat.
Batezbesteko soldataren %60ra heldu da?
Artikulu hasieran aurreratu dugun bezala, azken igoerarekin batezbesteko soldataren %60ra heldu dela saldu dute Ministeriotik eta hala jaso da komunikabide gehienetan. Eta, hori gutxi balitz, azken dekretuan ere helburu hau lortutzat jotzen da:
“[…] se culmina el objetivo de que el salario mínimo interprofesional alcance el 60 por ciento del salario medio en 2023, dando cabal cumplimiento a lo dispuesto por el Comité Europeo de Derechos Sociales en aplicación de la Carta Social Europea y satisfaciendo el compromiso adquirido por el Gobierno de alcanzar la equivalencia al término de la actual legislatura.”
Bada, ikus dezagun ea hau egia ote den. Estatistika Institutuaren azken azterketaren arabera (2022ko azarokoa), 2021ean Estatu mailako batezbesteko soldata 2.086,80€ izan zen. Kalkulu erraz bat eginda, arin ondorioztatzen da batezbesteko soldata honen %60 1.080€ baino gehiago dela, 1.252€, hain zuzen.
Egia da Gobernuak, batezbesteko soldataren %60ra helduko zela zin egin duen guztietan, ez duela sekula zifra zehatzik eman. Baina gobernukidea den Podemos alderdiak 1.200 euroak markatu zituen helburutzat, negoziazio mahaian dauden CCOO eta UGT sindikatuek egin zuten bezala.
Zein da tranpa, orduan? Batezbesteko soldataren ordez, baliteke erreferentziatzat soldata ertaina edo tarteko soldata hartu izana. Baina zer da soldata ertaina? Pertsona guztiek jasotzen duten soldatak ordenaturik, baxuenetik altuenera, tartean dagoen balioa izango litzateke. Labur esateko, soldatarik ohikoena izango litzateke. Honela, Estatuko soldata ertaina, Estatistika Institutuak azaltzen duenez, 1.757,40€ dira. Zenbateko honi %60 aplikatzen badiogu, 1.054,44€ dugu emaitza, ezarri den lanbidearteko gutxieneko soldataren kopurua, gutxi gorabehera (nahiko bete-betean 2021ko datuekin ari garela kontuan hartzen badugu).
Eta honetaz gain, zer gertatzen da Hego Euskal Herriko datuetan erreparatzen badugu? 1.080 euroko lanbidearteko gutxieneko soldata hau Hego Euskal Herriko langileontzat askoz beherengoa da. Alde batetik, soldatez berba egin den guztietan, bizi-kostuaz ere egin behar da derrigor. Bestetik, batezbesteko soldatei erreparatzen badiegu:
Estatua: 2.086,80 €
EAE: 2.452,90 €
Nafarroa: 2.250,40 €
Ikusten duzuenez, bertoko batezbesteko soldata askoz altuagoa da Estatukoa baino. Beraz, %60aren irizpidea betetzeko, gutxieneko soldata 1.400 euro gordin izan beharko lirateke, gutxienez.
Honek guztiak argi uzten du Euskal Herrirako lanbidearteko gutxieneko soldataren erreferentzia propioaren beharra. Gaur egun dauzkagun tresnekin ere posible izango litzateke, lanbidearteko akordio baten bitartez, esaterako. Behar den gauza bakarra borondatea da, Gasteiz eta Iruñeko Gobernuek, berau sustatzeko eta bultzatzeko, izan beharko luketen borondate politikoa, eta mahaian jesartzeko eta akordioetara heltzeko borondatea, patronalari falta zaiona, hain zuzen.