Irailaren 30ean argitaratu da BOEn 30/2020 Dekretua, ERTEen hirugarren luzapen honekin. Komunikabideetako lerro-buruetan irakurri ahal izan duzuenatik harago, hemen zehaztapen gehiago emango dizkizuegu, langileontzat garrantzitsuak direnak, hala nola…

  • Ze kasutan kontsumituko den langabezia hemendik aurrera (eta ze kasutan ez).
  • Jardunaldi partzialeko hainbat enplegu daukaten langileek, enplegu hauetako batean ERTEagatiko langabezia prestazioa jasotzen egon badira, konpentsazio ekonomikoa eskatu ahal izango dutela SEPEn.
  • Arrazoi ekonomikoengatiko ERTEak luzatu ahal direla, baina ordezkaritza sindikalarekiko adostasuna beharrezkoa izango dela.

Eta beste hainbat gai errepasatu eta berrikusiko ditugu.

IRAKURRI GEHIAGO

ERTEen luzapena III

2020/09/30

Irailaren 30eko BOEn argitaratu den 30/2020 Dekretuaz, ERTEak 2021eko urtarrilaren 31ra arte luzatu dira; langabezia prestazioak ez dira jaitsiko oinarri erregulatzailearen %50era, hau da, %70 jasoko da baita lehen sei hilabeteak behin pasaturik ere; eta, honetaz gain, jardueraren eragozpenagatiko eta jardueraren mugapenagatiko ERTEak sortu dira. Baina ikus ditzagun puntu guztiak zehatz eta mehatz:

Indarrean dauden ERTEak

Ezinbesteko kausengatik (“fuerza mayor”) martxan jarri ziren eta oraindik indarrean dauden ERTEak (8/2020 Dekretuaren 22. artikuluaren arabera tramitatu zirenak, alegia) 2021eko urtarrilaren 31ra arte luzatu ahal izango dira automatikoki.

Espediente hauek etenaldikoak (suspentsio-espedienteak) edo jardunaldi murrizketakoak izan daitezke.

Honetaz gain eta, esan bezala, figura berri bi sortu dira: eragozpenagatiko ERTEak eta mugapenagatiko ERTEak (esan behar da Legeak ez duela behar bezala zehazten zerk eragiten duen eragozpena edo mugapena eta ulertu behar dugu, Lan Agintaritzari eskaera egiten zaionean, beronek ebatziko duela ezinbesteko kausa egiaztatzerakoan):

ERTEak jardueraren eragozpenagatik

Urriaren 1etik aurrera, osasun egoeragatik, administrazioek –Estatukoek zein Estatuz gaindikoek- enpresaren jarduera eragozten duen neurririk hartuz gero, enpresek honelako ERTE bat tramitatu ahal izango dute, neurri horiek euren lantokiren bati eragiten badiote. Edozein sektore edo jardueratakoak izan daitezke enpresa hauek.

Espediente hauek ezinbesteko kausengatiko espedienteen tramitazio berbera izango dute, hau da, legeak ez du derrigortzen langileekin ezer adostera. Baina, inoiz edo behin esan dizuegunez, honek ez du esan nahi guk ezin diogunik enpresari mahaigaineratu ERTE honen terminoak gurekin adosteko.

Enpresak ERTE eskaera Lan Agintaritzari helarazi behar dio eta, honekin batera, ordezkaritza sindikalari ere jakinarazi behar dio. Lan Agintaritzak 5 egun izango ditu erantzuteko, baina, badakizuenez, Lan Agintaritzaren erantzuna mugatzen da esatera ea ezinbesteko kausak existitzen diren ala ez, baina balizko kontratu etenaldien inguruan enpresak erabakiko du (Langileen Estatutuaren 47.3 eta 51.7 artikuluak).

Espediente hauek iraungo dute jarduera eragozten duten neurriek dirauten beste. Hau da, administrazioek neurriak bertan behera uzten dituzten arte.

Enpresak kotizazioak ordaintzeaz salbuetsita egongo dira:

— %100ean, 50 langile baino gutxiago baziren 2020ko otsailaren 29an.
— %90ean, 50 langile edo gehiago baziren 2020ko otsailaren 29an.

ERTEak jardueraren mugapenagatik

Estatuko administrazioek enpresaren baten jarduera arrunta mugatzen duen neurririk hartu edo hartzen badute, enpresa horiek, irailaren 30etik aurrera, kaltetutako lan zentroetan honelako espediente bat martxan jarri ahal izango dute. Hau ere ezinbesteko kausengatiko espedientea izango litzateke eta, hortaz, aurreko atalean azaldu dugun moduan tramitatuko da, aipatutako Langileen Estatutuko artikuluen arabera, alegia.

Enpresak kotizazioak ordaintzeaz salbuetsita egongo dira honako portzentajeetan:

 

URRIA

AZAROA

ABENDUA

URTARRILA

50 langile baino gutxiago

(2020ko otsailaren 29an)

%100

%90

%85

%80

50 langile edo gehiago

(2020ko otsailaren 29an)

%90

%80

%75

%70

⇒ Aipatu ditugun kotizazioen salbuespenek (kasu guztietan) ez dute eraginik izango langileengan. Hau da, denbora hau langileentzat efektiboki kotizatutzat hartuko da, eragin guztietarako.

Arrazoi ekonomikoengatiko ERTEak

(Arrazoi ekonomiko, tekniko, antolakuntzako edo ekoizpenekoak, gaztelerazko “ETOP”)

2021eko urtarrilaren 31ra arte, covid-19arekin lotuta, arrazoi ekonomikoengatiko ERTErik eginez gero, hauen prozedura 8/2020 Dekretuaren 23. artikuluaren arabera izango da.

Dakizuenez, ezinbesteko kausengatiko espedienteetan ez bezala, arrazoi ekonomikoengatiko ERTEak ordezkaritza sindikalarekin negoziatu behar dira (kontsulta epealdia deritzona). Honen inguruko guztia azalduta daukazue ERTEak galde-erantzunak artikuluan eta ERTEen luzapena I artikuluan.

Aurretiaz ezarri zen bezala, arrazoi ekonomikoengatiko ERTE bat tramitatu ahal izango da ezinbesteko kausengatiko ERTE batean gauden bitartean. Hau da, ez da beharrezkoa ezinbesteko kausengatiko espedientea amaitzea besteari hasiera emateko, zelanbait esateko, kateatu ahal dira.

Honezkero arrazoi ekonomikoengatiko ERTE baten barruan bazaudete, ERTEaren amaiera data izan beharko da espedienteak dakarrena. Hala ere, luzatu ahal izango da, baina, horretarako, aldez aurretik, kontsulta epealdi berri bati ekin beharko zaio eta akordiora heldu beharko da. Laburbilduz, ERTEa luzatu ahal izateko, adostasuna egon behar da.

Enpresei mugapenak

18/2020 Dekretuan eta 24/2020 Dekretuan ezarritako neurri berberak dira.

Mugapen hauek, besteak beste, zera dira, paradisu fiskaletan dauden enpresek ezin dutela ezinbesteko kausengatiko espedienterik martxan jarri eta kotizazioetan salbuetsita dauden 50 langiletik gorako enpresek ezin dutela dibidendurik banatu.

Edozelan, hau hobeto azalduta daukazue aurreko luzapen biak azaltzen dituzten artikuletan, “Enpresei mugapenak” atalean.

ERTEen luzapena I
ERTEen luzapena II

Kaleratzeen balizko “debekua” eta aldi baterako kontratuak

Neurri hau ere luzatu da. Honela, kotizazioetan salbuetsita dauden enpresek enplegua babestera “behartuta” egongo dira sei hilabete gehiagoz. Enpresa lehenagotik honelako konpromiso bati lotuta balego, sei hilabateko epea hasiko da zenbatzen aurreko konpromisoaren iraunaldia amaitu ostean.

Hala ere, jadanik azaldu dizuegun bezala, ez da egia kaleratzeak debekatu direnik. Enpresak ez daude ezertara behartuta eta ez da euren kontra ondoriorik edo zehapenik aurreikusten. Beraz, botatzen bagaituzte, gehienez, kaleratze hori epaitegietan borrokatuz gero, bidegabetzat joko litzateke eta kalteordaina zertxobait handiagoa izango litzateke.

Era berean, 9/2020 Dekretuaren 5. artikuluak zekarren neurria ere luzatu da. Hau da, aldi baterako kontratu batekin baldin bagaude eta enpresaren jarduna eteten bada, gure kontratuaren iraunaldia ere eten beharko litzateke. Honek esan nahi du gure kontratua hiru hilabetekoa bazen eta hilabetez baino ez badugu lanik egin, enpresa berriro bere jarduerara itzultzen denean, geratzen zaizkigun bi hilabete horietan lan egin beharko genukeela. Edozelan, neurri honek ere ez gaitu kaleratzeetatik babesten, honezkero hainbatetan gertatu den bezala.

Neurri bi hauek hobeto azaldurik dauzkazue “Kaleratzeen balizko debekua eta aldi baterako kontratuak” artikuluan:

Aparteko orduak eta jardueraren kanporaketak

ERTEan egon bitartean ezin izango da aparteko ordurik egin, enpresaren jarduera ezin izango da kanporatu eta ezin izango da kontratazio berririk egin.

Hala ere, jardueraren kanporaketaz eta kontratazio berriez salbuespen bat dago: enpresak halakoak egin ahal izango ditu, baldin eta espedientean dauden langileek ez balute lan horiek egiteko prestakuntza edo gaitasunik. Edo bestelako arrazoi objektibo eta justifikaturen batengatik. Edozelan, langileen ordezkaritza sindikalari asmo hau aldez aurretik jakinarazi beharko litzaioke.

Kasu honetan bai ezartzen da enpresak zehapena jaso lezakeela Lan Ikuskaritzan salatuz gero.

Langabezia prestazioak

Prestazioaren zenbatekoa:

Araudiaren arabera, ERTEetan %70 kobratzen da lehen 180 egunetan eta, hortik aurrera, %50 jasotzera pasatzen da. Hala ere, dekretu berri honek %70a 2021eko urtarrilaren 31ra arte luzatu du eta, hortaz, nahiz eta sei hilabete pasatu, ez zaigu prestazioaren kopurua %50era jaitsiko.

Gogoratu, bestalde, badaudela gutxieneko eta gehieneko batzuk ezarrita legez:

Gutxienekoak:
Seme-alabarik ez badaukazu: 501,98 euro
Seme-alabarik badaukazu (bat edo gehiago): 671,40 euro

Gehienekoak:
Seme-alabarik ez badaukazu: 1.098,09 euro
Seme edo alaba bakar bat badaukazu: 1.254,96 euro
Seme-alaba bat baino gehiago badauzkazu: 1.411,83 euro

Aldez aurretiko kotizazioen beharra (gabealdia):

8/2020 Dekretuaren 25. artikuluaren 1.a atala urtarrilaren 31ra arte luzatu da. Honek esan nahi du ezinbesteko kausengatiko ERTEetan dauden langileek (dekretu berri honek ekarri dituen modalitate bietan barne) langabezia prestazioa jaso ahal izango dutela, nahiz eta aldez aurretiko kotizazio nahikorik ez izan.

Langabezia kontsumituko da?

[Dekretua eta, batez ere, zati hau nahiko modu nahasian dago idatzita, beherago ikusiko duzuenez, balizko akatsak barne; beraz, baliteke hemendik aurrera zehaztapenen bat egin behar izatea]

8/2020 Dekretuaren 25. artikuluaren 2.b atala, ordea, irailaren 30ean iraungitu da. Neurri hark zioen ERTE epealdi hauetan egon bitartean, langabezia denborarik ez litzatekeela kontsumituko edo, bestela esanda, pilatuta geneuzkan hilabeteak gordeko genituzkeela hurrengorako. Beraz, ulertu behar dugu urriaren 1etik aurrera langabezia kontsumitu egingo dugula ERTEa luzatzen bada.

Hala ere, ez genuke kontsumituko ondoko kasuetan:

• 2026ko (sic.) urriaren 1tik aurrera, ERTEa dela-eta, hasten diren prestazio berriei (uste dugu hau akatsa dela eta 2020ko urriaren 1etik aurrerako prestazioei egin nahi zaiela erreferentzia.

Ezta 2022ko urtarrila baino lehen eskatzen diren prestazio berriei ere, beti ere arrazoia honako hau bada:

Aldi baterako kontratuen amaiera
Kaleratze indibidual edo kolektiboak arrazoi ekonomiko, tekniko, antolakuntzako edo ekoizpenekoengatik (gaztelerazko “ETOP”)
Kaleratze bidegabeak

Jardueraren eragozpenagatiko edo jardueraren mugapenagatiko ERTEetan dauden eta langabezia prestazioa jasotzeko eskubiderik ez daukaten langileek, edozein kasutan, alta egoera asimilatuan egongo dira suspentsioan edo jardunaldi murrizketan dauden sasoietan eta epe horiek efektiboki kotizatutzat hartuko dira.

Aldizkako finkoentzako aparteko prestazioa

Neurri hau 2021eko urtarrilaren 31ra arte luzatuko da. Neurriaren nondik-norakoak ondoko artikulu honetan azalduta dauzkazu:

Jardunaldi partziala eta langabezia prestazioaren bateragarritasuna. Konpentsazio ekonomikoa.

Langile askok, batez ere emakumeak, jardunaldi partzialeko hainbat kontratu bateratu behar izaten dituzte. Honelako kasu batzuetan gertatu da kontratuetako batekin ERTEan egotea, baina ez besteetan. Langile hauek ERTEagatiko prestazioa jaso dute enplegu batengatik eta lanean jarraitu dute bestean edo besteetan.

Prestazio hauetarako, SEPEk ERTEak eragindako kontratuaren kotizazio oinarriak hartzen zizkioten kontuan (oinarri berez txikituekin), baina, honetaz gain, prestazioa are gehiago txikitu dizkiete, murriztapen portzentaje bat aplikatu zaielako (beste lan batean aritzeagatik). Hortaz, kolektibo honek zigor bikoitza pairatu izan du.

LABek erreklamazio kolektibo bat gauzatu zuen hau salatzeko eta, ikusten dugunez, dekretu berri honen bitartez bidegabekeria honi erantzuna eman zaio. Izan ere, hemendik aurrera bateragarria izango da jardunaldi partzialaz aritzea eta langabezia prestazioa jasotzea eta prestazioak ez du arrazoi honengatik murrizketarik pairatuko. Gainera, honezkero murrizketa izan duten langile hauek SEPEtik konpentsazio ekonomiko bat jasoko dute, prestazioan kendu zitzaien kopurua berreskuratzeko.

Egoera honetan egon diren langileek konpentsazio hau eskatu beharko dute egoitza elektronikoaren bitartez 2021eko ekaina baino lehen. Zalantzarik badaukazu, jarri kontaktuan sindikatuarekin.