Dokumentazioa
ADI! Ez da beharrezkoa zuk dokumentu guzti-guztiak atxikitzea. Izan ere, administrazioak berak eskuratu eta kontsultatu ahal ditu. Beraz, eskaera egiten duzunean, posible izango duzu erantzukizunpeko adierazpena betetzea eta administrazioari baimena ematea datu horiek egiazta ditzan.
⇒ Derrigorrez atxiki behar duzun dokumentazioa:
• Alokairuan bizi zarela edo etxe bat erosi duzula egiaztatzeko:
– Alokairu kontratua. 2015etik derrigorra da EAEko Alokairu Kontratuen Erregistroan inskribatzea eta fidantza gordailuan uztea. Zure alokairua erregistraturik baldin badago, inskripzioaren ziurtagiria edo fidantza gorde izanaren egiaztagiria atxikitzea nahikoa izango litzateke. Hala ere, alokairua ez badago erregistraturik, alokairu kontratuaren kopia eman beharko duzu.
– Salerosketa kontratua. Jabetza Erregistroan inskribaturik badago, honen informazioa ematen duen ohar soila. Ohar soil hau ORRIALDE HONETAN eska dezakezu “Nota simple” atalean. Izapide honengatik ordaindu beharko duzu: 9,02€ + BEZa. Erregistraturik ez badago, salerosketa kontratuaren kopia eman beharko duzu.
• Etxebizitzaren ordainketa:
Alokairuaren edo hipotekaren azken ordainketaren egiaztagiria. Banku bitartez izan behar da: transferentzia, bizum, ordainketa elektronikoa…
Gogoratu, lehen esan dugun bezala, pisua konpartitzen baduzu eta beste lagun batek alokairu osoa ordaintzen badu, egiaztagiri orokor horretaz gain, lagunari zure zatia ordaindu izanaren egiaztagiria ere aurkeztu behar duzula.
• Hirugarrenen alta:
Administrazioak diru-laguntza kontu korrontean ordaindu ahal izateko, hirugarrenen erregistroan egon behar zara izena emanda. Hau kontu oso erraza da: administrazioari zure banku datuak ematea baino ez da. Dokumentua HEMENDIK jaitsi ahal duzu. Edo, bestela, telematikoki egiteko aukera ere badaukazu ESTEKA HONETATIK.
• Beste etxebizitza baten titularra ez zarela egiaztatzeko:
Hau Jabetza Erregistroaren bitartez egin behar da, kokapen-oharra deritzon dokumentazioa bertan eskatuta. ORRIALDE HONETATIK egin dezakezu “Nota de localización” atalean.
Adi! Online eskatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa beharko duzu. B@kq sistemak ez dizu balioko, zerbitzu estatala denez gero. Bestela, bulegoetan aurrez aurre eskatzeko, hemen utziko dizkizuegu bulego guztien helbideak herrialdeka:
ARABA
BIZKAIA
GIPUZKOA
Bulego bakoitzaren estekan sakatu eta beste orrialde bat zabalduko zaizu. Tanta bat behera egiten baduzu, bulego zehatz horretako telefonoa, mapa eta ordutegia aurkituko dituzu. Izapide honengatik ordaindu beharko duzu: 9,02€ + BEZa.
Esan bezala, ezin duzu etxebizitza bat jabetzan eduki. Honetan salbuespenak badaude, hala nola, banandu bazara eta etxetik irten behar izan bazara. Honela balitz, dagokion dokumentazioarekin egiaztatu beharko zenuke.
Harrigarria bada ere, Gaztelagun programako diru-laguntzak eskatzen badituzu, Jabetza Erregistroko konprobazioak administrazioak berak egiten ditu; hala ere, Emantzipa programako beste diru-laguntza hauen kasuan norberak eman (eta ordaindu) behar ditu. Enpin!
⇒ Administrazioak egiazta dezakeen informazioa
• Zure datu pertsonalak: NAN eta adina
• Errolda
• Diru-sarrerak
Errenta aitorpenaren datuak ikusiko ditu; ez bazaude errenta aitorpena egitera behartuta (gutxienekora heltzen ez zarelako) 10T, bizi laborala eta bestelakoak egiaztatuko ditu.
⇒ Erantzukizunpeko adierazpena.
Ez da beharrezkoa aparteko dokumenturik atxikitzea. Eskaera egiten duzunean laukitxoak markatu baino ez duzu egin beharko. Honen bitartez adieraziko duzu baldintzak betetzen dituzula eta, administrazioak eskatuz gero, horren inguruko dokumentazioa emango diozula.
Dokumentazioaz informazio gehiagorik nahi izanez gero, HEMEN kontsulta dezakezu.