Zertan datza? Nork dei dezake? Abisatu behar da aldez aurretik? Eta enpresak errepresaliarik hartzen badu? Etxeko langileek eta autonomoek greba egin dezakete? Eta ikasleek, zer?
Zertan datza? Nork dei dezake? Abisatu behar da aldez aurretik? Eta enpresak errepresaliarik hartzen badu? Etxeko langileek eta autonomoek greba egin dezakete? Eta ikasleek, zer?
Azken eguneraketa: 2026/03/09
— Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikulua
— 17/1977 Lege-Dekretua, lan harremanak arautzen dituena (I. Tituluko I. Kapitulua)
— Langileen Estatutua
— Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua
Greba oinarrizko eskubidea da, Espainiako Estatuko Konstituzioaren 28.2 artikuluan jasoa. Esan behar da greba eskubidea lege organiko bitartez arauturik ez dagoen oinarrizko eskubide bakarra dela. Lege organiko honen ezean, 17/1977 Lege-Dekretuak arautzen du eta Langileen Estatutuan zein lan legedian aitorturik dago. Bestetik, jurisprudentzia ere grebaren eskubidearen garapena arautzen joan da.
Grebarako eskubidea langile guztiek daukaten oinarrizko eskubidea da eta hala dago legedian jasota.
Titularitate indibidualeko eskubidea da, baina bere gauzapena kolektiboa da.
– Titularitate indibiduala: langile bakoitzak erabakitzen du greba egingo duen ala ez eta enpresak ezin du behartu, presionatu edo mehatxatu lanera joan dadin.
– Gauzapen kolektiboa: langileek, adostasunez eta elkarrekin, erabakitzen duten presio modua da; bestela esanda, langile bakar batek ezin du bere kabuz lanera joateari utzi eta esan greba egiten ari dela, hau ez litzateke legala izango eta ulertuko litzateke ez dela kontratua betetzen ari. Hala ere, badira protesta indibidualerako bestelako modu batzuk, lanera joateari utzi gabe, hainbat enpresetan egin izan direnak, enpresa barruko ekimenetatik gose grebetaraino.
Grebak hainbat eremutakoak izan daitezke: lantoki mailakoak, herrialde edo erkidego mailakoak, sektore bakar bati eragiten diotenak edo greba orokorrak. Azken hauek edozein sektoretan eta edozein jardueratan gauzatzen dira, beti ere greba deitua izan den eremu geografikoan. Gurean greba orokorrak Euskal Herri edo Hego Euskal Herri mailakoak izan ohi dira.
Greba feministak ere deitu eta aurrera atera ditugu azken sasoietan, eremu produktiboa ez ezik, eremu erreproduktiboan ere arrakasta handiz gauzatu direnak eta ikasle zein kontsumo greba ere barne hartu dutenak.
Greba deialdiak legeztatu behar dira. Ez da nahikoa deialdi publikoa egitea; deialdia lan agintaritzan (enplegu edo lan sailean, alegia) legeztatu behar da. Normalean, sindikatuak izaten dira honetaz guztiaz arduratzen direnak. Baina enpresa batean langileen asanbladak ere egin dezake greba deialdia.
Greba deitzeko legeztaturik dauden subjektu kolektiboak honako hauek dira:
• Sindikatuak. Sektore, herrialde edo enpresaz gaindiko eremu zabalagoetako deialdiak egin ditzakete. Ez da beharrezkoa enpresa bakoitzak berrestea.
• Enpresako langileen ordezkaritza legala. Batzarra deitu behar da eta erabakia gehiengoz hartu behar da. Akordioa aktan jaso eta batzarrera bertaratutako ordezkariek sinatu behar dute.
• Enpresako langileak zuzenean. Asanblada deitu behar da eta bertaratutako langileen gehiengo sinpleaz erabaki. Bozka sekretua izan behar da eta emaitzak aktan jaso behar dira. Asanblada egiteko ez da beharrezkoa gutxieneko langile kopuru zehatz batek eskatzea edo bultzatzea.
Inoiz edo behin gertatu da sindikatuek deialdi ezberdinak egitea. Hau da, sindikaturen batek egun osorako eta besteren batek ordu batzuetako lanuztea besterik ez; sindikaturen batek bere deialdiak bertan behera utzi eta besteren batek aurrera jarraitu… Kasu hauetan guztietan inportanteena da deialdiak legeztatuta eta erregistratuta egotea. Deialdiren bat erregistratuta dagoen neurrian, horrekin bat egin dezakegu, berdin zein sindikatuk egin duen. Esan barik doa, gure sindikatua edozein dela ere (eta sindikatu bateko partaideak ez bagara ere), greba egitea geure eskubide indibiduala dela eta geuk erabakitzen dugula egingo ote dugun, gure sindikatuak deitu ez badu ere.
Sindikatuek greba deitzen dutenean, esan dugunez, ez da beharrezkoa lantokiz lantoki berrestea. Hala ere, ziurtasun handiagoa izan nahi baduzue edo enpresan dena delakorako legeztapen hori behar baduzue, deitu sindikatu deitzaileei horren kopia bat eskatzeko.
Norberak erabakitzen duenean grebarekin bat egingo duela, ez da beharrezkoa aldez aurretik enpresari abisatzea. Greba deituta, legeztatuta eta erregistratuta dago eta, geroxeago aipatuko ditugun gutxieneko zerbitzuen kasuetan izan ezik, langile guztiek egin dezakete.
Baliteke enpresak aldez aurretik galdetzea ea greba egingo dugun. Hau, berez, ez da legala eta sala daiteke. Areago, greba egingo ez duzula esan zenezake eta, azkenean, greba egin; hori egiteko eskubidea daukazu. Hala ere, hau guztia beti izango da segun eta ze nolako harremana daukazun enpresarekin. Horren arabera baliteke egoki ikustea aldez aurretik enpresarekin komentatzea zein den zure asmoa, baina ez zaude behartuta.
Jakin badakigu hau nahi baino ohikoagoa izan daitekeela eta mehatxuak eguneroko ogia direla. Hala ere, gu kokiltzen uzten badiegu, gero eta gehiago estutuko gaituzte. Puztuta daude, bai, baina haize horiek gordearazteko eta burua apaltzeko modu eraginkorrenetako bat, hain zuzen, greba egitea daukagu.
Izan ere, esan dugunez, greba gure OINARRIZKO eskubidea da. Greba eskubidea mugatzeko edozein jokabide ARAU HAUSTE OSO LARRIA da eta zigortuak izan daitezke. Maila administratiboan, enpresek 7.501 eta 225.018 euro bitarteko isunak jaso ditzakete (Lan arloko arau hauste eta zehapenen legeko 40. artikulua).
Baina maila penalean ere jaso dezakete zigorra. Agian gogoratu beharko genieke horrelako jokabideek zelako ondorioak ekar diezazkieketen. Honelaxe dio kode penalaren 315. artikuluak:
Edozelan, esan bezala, ez daukagu dudarik ahaleginak mila eta bat egiten dituztela. Baina, greba egin izanagatik, enpresaren aldetik errepresaliatik baletor (zehapen, kaleratze, kategoria jaitsiera edo bestelakorik), hauek sala daitezke eta salatu behar dira, bai Lan Ikuskaritzan, bai epaitegietan. Greba egiteagatik enpresak ezartzen duen edozein zigor bertan behera geldituko litzateke. Honela, kaleratzea, esaterako, baliogabetzat joko litzateke, langilea lanpostura itzuliko litzateke, egoera eta baldintza berberetan, kaleratua izan denetik jaso ez dituen soldatak kobratuko lituzke eta, gainera, kalteordaina eska lezake.
Greba egiten duzun egunean enpresak ezin zaitu beste langile batekin ordezkatu, ez kanpokoa, ez enpresa barrukoa (zure funtzioak betetzen ez dituen edo zure kategoria berean aritzen ez den langile batekin, alegia), ezta beste lantoki bateko beste langile batekin ere. Hau ere enpresaren arau hauste oso larria izango litzateke.
Greba egiten dugunean, gure kontratua “eten” egiten da. Hortaz, ez dugu jasoko egun horretako soldata ezta aparteko pagen zati proportzionala ere. Honetaz gain, Gizarte Segurantzako kotizazioak ere etenda geratzen dira. Izan ere, Gizarte Segurantzan altan jarraitzen dugu, baina “alta berezian”.
Kalkuloak kasuan kasu egin behar dira eta jarraian dakargun adibide sinplea baino korapilatsuagoa izan daiteke, baina erraz eta labur azalduta eta ideia bat egin dezagun…
Adibidez
Demagun 1.800 euroko soldata gordina daukazula (adibide honetan, soldata garbia 1.400 euro ingurukoa izango litzateke).
Greba egun batengatik zenbat deskontatuko zaizun jakiteko, hilabeteko soldata zati 30 egin behar duzu: 1.800 euro zati 30 = 60 euro. 60 euro hauek gordinak dira. Zenbateko garbitik kenduko zaizuna 60 euro baino gutxiago izango da.
Aparteko pagak prorrateaturik jasotzen badituzu, hilabeteko soldata gordinaren kopuru horren barruan egongo lirateke. Bestela, aparteko pagen zati proportzionala ere kenduko zaizu: 1.800 euroko paga 2 = 3.600 euro, zati 365 egun = 9,86 euro. Berriro ere kopuru gordinetik.
Soldata barruan, askotan, beste kontzeptu batzuk ere sartzen dira: antzinatasuna, hainbat plus, partizipazioak mozkinetan… esan bezala, kasuan kasu aztertu beharko litzateke.
Bestetik, oso inportantea da egiten den deskontua esan dugun bezala egitea:
Eta, azkenik, ezin zaituzte behartu greba eguna beste egun batean “errekuperatzera”, jaiegun batean lanera joatera edo ordu gehiago sartzera.

Greba oinarrizko eskubidea da eta hala dago legedian jasota. Hala ere, greba eskubidea hainbat modutan erasotua izaten da, greba desaktibatzeko eta eraginak mugatzeko helburuz. Modu hauetako bat gutxieneko zerbitzu “abusibo” edo neurriz kanpokoak egitera behartzea izaten da.
Neurriz kanpoko gutxieneko zerbitzuak epaitegietan inpugnatu ahal dira. Baina noiz dira gehiegizkoak?
Gutxieneko zerbitzuak askotan greba eskubidea edukiz husteko erabiltzen dira. Gauzatu ezin diren eskubideak eskubide izateari uzten diote. Greba presio modua da bere horretan, baina inori eragingo ez dion eta enpresarioek ere nabarituko ez duten greba, ze nolako presio bitarteko izango litzateke?
Gutxieneko zerbitzuak ezartzea gobernuari dagokio. Gure eremuan, hortaz, zeregin hau Eusko Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuaren esku geratzen da (ezin dugu ahaztu, patronalarekiko lerrokatze handiago edo txikiagoaz gain, administrazioa enpleatzailea ere badela eta, hortaz, parte interesatua lan gatazketan).
Gutxieneko zerbitzuak derrigor bete beharrekoak dira. Beraz, greba egunean gutxieneko zerbitzua ematea tokatzen bazaizu, lanera joan behar zara ezinbestean. Hau ez betetzeak ondorio larriak izan ditzake, baita diziplinazko kaleratzea ere.
Hala ere, badira moduak lan egitera beharturik egon arren, grebarekin bat egin ahal izateko. Honela, garrantzitsua da greba egunean herritarrei gatazkaren berri ematea eta enpresan edo zerbitzuan normaltasunik eza irudikatzea. Honetarako, oso ohikoa izaten da gutxieneko zerbitzuetara behartuta dauden langileek grebarekiko atxikimendua erakusten duten pegatinak eta bestelako bereizgarriak gainean eramatea, euskarri informatiboak banatzea eta abar.
Etxeko langileek, beste edozein langilek bezala, greba egiteko eskubidea daukate, halaxe aitortzen du Espainiako konstituzioak, izan berton jaiotakoak, izan beste herrialderen batetik migratutakoak. Hala ere, kasu honetan ere gainontzeko soldatapeko langileek baino zailago daukate eta, gainera, menpeko pertsonak (nagusiak, umeak, gaixoak) zaintzen aritzen bazara, eskubide hau bereziki mugaturik izan dezakezu.
Etxeko langileek greba eskubidea espresuki aitorturik daukate, baina Estatu espainolak Nazioarteko Lan Erakundearen (“OIT”ren) 189. Hitzarmena berretsi duen arren eta beste eskubide laboral batzuk sektore honetan aitortu dituen arren, hala nola langabeziagatiko prestazioa, ez du greba eskubidea arautu. Gainera, greba eskubidearekin oso lotuta, gogoratu nahi dugu etxeko langileek oraindik ez daukatela negoziazio kolektiborako eskubidea aitorturik eta, hortaz, hitzarmen kolektiborik ere ez daukatela.
Azken aldaketekin aitortu ziren etxeko langileen eskubideei begirada bat bota nahi badiezu, hurrengo artikulu honetan daukazu:
Aurreko atalean aipatu dugunez, langile guztiek greba egiteko eskubidea daukate, izan berton jaiotakoak, izan beste herrialderen batetik etorritakoak.
Beste jatorri bat duten langileek greba eskubidea daukatela diogunean, denak esan nahi dugu, euren egoera administratiboa edozein dela ere. Hau da, nahiz eta egoera administratibo irregularrean egon edo, bestela esanda, nahiz eta “paperik ez izan”, greba eskubidea aitorturik daukate. Jakina, ez gara inozoak eta badakigu lagun hauen egoera askoz prekarioagoa eta babesgabea dela, baina argi geratu behar da eskubidea legez aitorturik badaukatela.
4/2000 Lege Organikoak, Atzerritarren Legeak, alegia, 11. artikuluan honelaxe dio:
Artikulu hau 2009ko abenduan aldatu zen. Ordura arte, sindikatuko kideak izateko edo greba egiteko eskubideak aitortzen zitzaizkien, baldin eta erresidentzia eta lan baimenik bazeukaten, baina, esan bezala, 2009ko aldaketaren ostean, atzerritarren legeak ez du bereizketarik egiten.
Aldaketa hau Epaitegi Konstituzionalaren 2007ko ebazpen baten ostean heldu zen . Izan ere, ebazpen horretan, epaitegiak zioen inkonstituzionala zela askatasun sindikala eta greba eskubidea ukatzea, lan harremanak, berez, pertsonari dagozkion oinarrizko eskubideak sortu egiten dituelako, bere egoera administratiboa edozein dela ere.
Greba eskubidea inoren kontura lan egiten duten langileei aitortzen zaie, baina autonomoak (ez badira autonomo faltsuak) euren konturako langileak dira eta greba egitea ala ez euren erabaki pertsonala da, enpresaren balizko zigor edo greba eskubidea urratzeko mehatxurik gabe.
Beraz, greba egin ala ez, lehen esan bezala, erabaki indibiduala izango da. Hau nahiko argi dago bakarrik lan egiten duten autonomoen kasuan, baina, kasu askotan, autonomoak bere kargupean beste langile batzuk izan ditzake. Honelakoetan, langileekin adostu beharko litzateke greba egunean zelan jokatu. Izan kontuan zeure kabuz erabakitzen baduzu egun horretan ixtea eta zure langileak ados ez badaude, ez litzatekeela greba izango, baizik eta itxiera patronala.
Autonomo faltsua bazara eta enpresak kaleratzen bazaitu greba egin duzulako, salatu ahal duzu. Autonomo faltsua zarela frogatzen bada, edozein langilek dauzkan eskubide berberak izatera pasatuko zinateke, kaleratze baliogabea izango litzateke eta, kalte-ordainaz gain, azken urteetako kotizazioak ere erreklama zenitzake.
Ikasleek greba egiteko eskubidea daukate eta hala jasotzen da Hezkuntza Eskubidea arautzen duen Lege Organikoaren 8. artikuluan.
Bertan azaltzen denez, ikasleek klasera ez joateko erabaki kolektiboa hartuz gero, hau ezin izango da zigortu, ezta hutsegitetzat hartu ere.
Zentro bakoitzak bere estatutuak dauzka eta, aipatutako legeak ezartzen duenez, zentro bakoitzaren antolakuntza eta funtzionamendu arauetan eskubide hauek gauzatzeko modua zehaztu behar da. Beraz, greba deitzeko araudi zehatza egon beharko litzateke. Edozelan, halakorik ez balego, honako pauso hauek jarraitzea gomendatzen dizuegu:
– Klase bakoitzean batzarra egin greba eskubideaz erabakitzeko (ez genuke erabakiko momentu horretan ikasle bakoitzak zer egingo duen, baizik eta klaseko ikasleek greba egiteko eskubidea daukatela eta eskubide hori gauzatu egingo dutela).
– Bozketa hori akta batean jaso eta zentroko zuzendariari helarazi.
Gainera, DBHko 3. kurtsotik aurrera ez da beharrezkoa gurasoen baimena greba egin ahal izateko, LODEren 8. artikulak jaso eta Valentziako Epaitegi Nagusiaren ebazpen batean berresten den bezala.
Bestalde, praktiketan dagoen ikaslea bazara, greba eskubidea aitorturik daukazu, edozein langilek bezala. Hori bai, Gizarte Segurantzan altan emanda egon behar zara honetarako. Jakiteko Gizarte Segurantzan altan emanda zauden ikus. “Nora jo jakiteko enpresak zure alta eman duen Gizarte Segurantzan”.
Bidali bizilan@lab.eus posta elektronikora ze gai nahi duzun jorratzea; guk webgunean txertatuko dugu eta horren berri emango dizugu.