Azken egunotan ere egiaztatzen ari garenez, etxeko langileak ez omen dira existitzen. Hemen informazio apur bat ekarri dizuegu momentu honi aurre egin ahal izateko (kaletik mugitu ahal izateko ziurtagiri bat barne).
Azken egunotan ere egiaztatzen ari garenez, etxeko langileak ez omen dira existitzen. Hemen informazio apur bat ekarri dizuegu momentu honi aurre egin ahal izateko (kaletik mugitu ahal izateko ziurtagiri bat barne).
Azken egunotan ere egiaztatzen ari garenez, etxeko langileak ez omen dira existitzen. Alarma egoera deklaratu zenetik, zaintza lanen garrantzia denon ahotan dago; hala ere, zaintza lan hauetaz soldatapean arduratzen diren milaka langile berriro ere ahaztuak izan dira.
– Ez da neurririk bat ere mahaigaineratu euren lan egoera babesteko. Beste langileoi onartzen zaizkigun hainbat eskubide ere ez daukan sektorea izanda, gehiegikeria gehien pairatzen dituzten langileak dira. Eta ezohiko egoera honetan zalantzarik ez daukagu gehiegikeria hauek biderkatu baino ez direla egingo.
– Ez da euren osasuna babesteko neurririk plazaratu, ez gobernuen aldetik, ez lan osasun erakundeen aldetik, nahiz eta etxeko langileak beste pertsona batzuekin etengabeko kontaktuan aritu euren lanean. Gainera, sarri-askotan, jende nagusia zaintzeaz arduratzen dira eta, hortaz, arrisku taldeko pertsonak daude euren kargupean.
– Ez da eurengan pentsatu kontziliazio arazoak samurtuko dituzten neurriak ezartzeko, emakume hauek beren seme-alaba eta guraso propiorik ez balute bezala.
Laburbilduz, etxeko langileak eskubiderik gabeko langileak eta pertsonak omen direla egiaztatu ahal izan da berriz ere.
Hemen zenbait puntu jorratuko ditugun arren, informazio zabalagoa ATH-ELE, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartearen webgunean aurki dezakezue.
Etxeko langileek kaleratzeen aurrean guztiz babesgabe daude. Enpleatzaileak batere arrazoirik eman gabe langilea kalera dezakeen sektore bakarra da (badakigu beste sektoreetan ere kaleratzeak nahiko askeak direla praktikan, baina kasu honetan, gainera, legala da).
Kaleratzeen ostean, gainera, ez dago inolako babesik, langabezia prestazioa jasotzeko eskubiderik ez daukaten langile bakarrak baitira. Izan ere, etxeko langileen erregimenean ez da langabeziagatik kotizatzen.
Kaleratzeagatiko kalteordaina:
• Kaleratzea bada, 20 egun lan egindako urte bakoitzeko (gehienez, 12 hilabeteko soldataren kopurua jaso ahal izango da)
• Enpleatzaileak kontratua bertan behera utzi badu (“desistimiento”):
– 12 egun lan egindako urte bakoitzeko (gehienez, 6 hilabeteko soldataren kopurua), kontratua 2012ko urtarriletik aurrera hasi bazen.
– 7 egun lan egindako urte bakoitzeko (gehienez, 6 hilabeteko soldataren kopurua), kontratua 2012ko urtarria baino lehen hasi bazen.
• Enpleatzailea hil bada: kalteordaina hilabeteko soldata izango da. (Baldin eta zaintzen duzun pertsona hil bada, baina senide batek kontratatu bazintuen, ez litzateke hau aplikatuko; kasu honetan “desistimiento” edo kaleratzea izan beharko litzateke).
“Desistimiento” kasuetan ze kalteordain dagokigun kalkulatzeko taula HEMENDIK jaitsi zenezake (Lan Ministerioa)
Gogoratu, kalteordainaz gain, finikitoa ere ordaindu behar dizutela. Finikito eredu bat HEMENDIK jaitsi dezakezu (Lan Ministerioa)
Etxeko langileek, edozein langilek bezala, gaixotasun baja har lezake. Koronabirusagatiko bajen prestazio ekonomikoa lan istripuengatiko bajekin parekatu direnez (6/2020 Dekretua, 5. artikulua), eurek ere oinarri arautzailearen %75 jasotzeko eskubidea daukate.
Hau honela izango da bi kasutan:
– Langilea, gaixotasunagatik, isolamenduan egotera behartuta badago.
– Koronabirusarekin kutsatu eta baja medikoa arrazoi honengatik eman badiote. Hau da, zure medikuak baja ematen dizunean, COVID-19gatik izan dela adierazi behar du.
Prestazio hau ez luke enpleatzaileak ordainduko, Gizarte Segurantzak baino.
Arazoak:
– Gizarte Segurantzan altan emanda egon behar zara eta, zoritxarrez, ondo dakigunez, oraindik langile asko beltzean lan egitera behartuta daude, guztiz ilegala izan arren. Eta, jakina, egoera administratibo irregularrean dauden langileak ere kanpo geldituko lirateke.
– Prestazioa onartu arren, jasotzen hasi arte denboratxoa pasa daiteke eta, hortaz, estutasun ekonomikoaren momentuak izan daitezke.
Bestetik, etxeko langileen kasuan, gaixotasun bajak zuk zeuk tramitatu behar dituzu eta, momentu honetan bulegoak itxita daudenez, ATH-ELEko lagunek prestatu duten bideo bat bidali digute. Bertan, erraz-erraz azaltzen digute zelan egin behar den hau internet bitartez.
Baliteke egoera honetan enpleatzaileak eskatzea jardunaldi luzeagoa egin dezazula. Berez, ez zaude aparteko orduak egitera behartuta eta ezetza eman zenezake. Hala ere, oso ohikoa da jardunaldiaren luzapenak onartzea, zentzuzko eskaerak direnean. Hala ere honako hau oso argi izan behar duzu:
• Ezer baino lehen argi gera dadin aparteko ordu horiek zelan eta noiz kobratuko dituzun.
• Zure atsedenaldiak errespetatu behar dira.
Honako atsedenak hartzeko eskubidea daukazu:
– Bi ordukoak otordu nagusietarako (hauek ez dira lan ordutzat hartuko) eta asteko atsedenaldian 36 ordu segidan.
– Jardunalditik jardunaldira, gutxienez, 12 ordu pasatu beharko dira.
– Barneko langileen kasuan azken atseden hau 12 ordutik 10 ordura labur liteke, baina murriztutako ordu bi hauek hurrengo lau asteetan atseden ordu birekin konpentsatu beharko dira.
Kasu honetan ere, etxeko langileak beste langileok daukagun babes juridikotik kanpo daude. Honela, ez zaie Lan Arriskuen Prebentziorako Legea aplikatzen. Suposatzen da, legez, enpleatzailea segurtasun eta osasun neurri eraginkorrak hartzera behartuta dagoela; hala ere, bizitzen ari garen momentu honetan, ezinezkoa izaten ari da koronabiruserako babes ekipamendurik topatzea.
Zaintzen ari zaren pertsona kutsaturik badago, arrisku handia daukazu zu ere kutsatzeko. Lan Arriskuen Prebentziorako Legeak lanpostua utzi ahal izateko eskubidea ematen die langileei horrelako kasuetan, baina, lehen esan bezala, etxeko langileei ez zaienez aplikatzen, gomendatzen dizuegu Osalanekin edo Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasuneko Institutuarekin kontaktuan jartzeko.
Hemen dauzkazu telefonoak eta posta elektronikoak:
Osalan:
Telefonoa: 944 032 190
Kontsulta teknikoetarako buzoia jarri dute martxan. Helbidea HEMEN
Nafarroako Lan Osasuneko Institutua:
Telefonoa: 848 42 34 40
ssl.ispln@navarra.es
Lehen esan dugun bezala, laneko zaintza lanez gain, etxeko langileek zaintza lan propioei ere egin behar diete aurre. Segun eta zeintzuk diren zereginak, enpleatzailearekin errazagoa izan daiteke jardunaldiaren moldaketa adostea; hau da, etxeko lanak egiten badituzu, ordutegia moldatzea errazagoa izan daiteke. Hala ere, zaintza lanetan arituz gero eta, batez ere, kontuan hartuta umeak eskola barik daudela, zailtasunak biderka daitezke.
Azkenik, gomendatzen dizuegu koronabirusaren inguruan prestatu dugun beste sarrera hau ere kontsultatzeko: Koronabirusa. Informazio eta gomendioak alarma egoerarako.
Hala ere, jakitun gara bertan ematen ditugun hainbat jarraibide ez direla errazak etxeko langileentzat (esate baterako, enpleatzaileak etxera bidali nahi bazaitu eta egun horiek zure oporretatik deskontatuko dituela esaten badizu), azken batez beti joka dezaketelako kaleratzearen karta.
ARRAZOI LABORALENGATIK NORBERA KALETIK IBILI BEHARRA EGIAZTATZEN DUEN ZIURTAGIRIA
Euskaraz
Gazteleraz
Bidali bizilan@lab.eus posta elektronikora ze gai nahi duzun jorratzea; guk webgunean txertatuko dugu eta horren berri emango dizugu.