Etxeko langileen erregimena

2012an legedia aldatu zen eta zenbait hobekuntza sartu baziren ere (kaleratze kalteordainaz edota kontratu eta kotizazioetaz) etxeko langileen lan egoera prekarioenetakoa da. Etxe barruan lan egiteak, langilearen isolamenduak (langile bakarra da edozer agindu ahal diola uste duen familia oso baten artean), lan ikuskaritzarik ezak eta babesgabeziak zenbait kasutan esklabutzara hurbiltzen diren egoerak pairatzera eramaten dituzte langile hauek. Etxeko langile gehien-gehienak emakumezkoak dira eta euretako asko migranteak, gehiegikeriak biderkatzea errazten duena.

2012tik aurrera Etxeko Langileen Erregimena Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sartu zen; hala ere, oraindik sistema berezia dauka.

Kontratua:

Beti egin behar da kontratua, idatziz, jardunaldia edozein dela ere.

Alta eta kotizazioak:

Etxe batean hilabetean 60 ordu baino gehiagoz lan eginez gero, enpleatzaileak egin behar ditu tramite guztiak. Baina 60 ordu baino gutxiagoz egiten bada, enpleatzaileak edo langileak berak egin dezake tramitazioa, beti ere horretarako akordioa badago. Komenigarria da hau kontratuan edo beste dokumenturen batean islatzea.

Honek ez du esan nahi kotizazioa langilearen kontura denik: enpleatzaileak langileagatik kotizatu behar du, baina langileak diru hori Gizarte Segurantzara helarazteko tramitea egin lezake. Oso garrantzitsua da honelako kasuetan kotizazio diruaren jasotze-agiria izatea.

Kotizazio oinarriak kalkulatzeko hilabeteko soldata hartzen da kontuan. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean behar diren dokumentuak emango dizkigute eta kotizazioa kalkulatuko digute.

2019rako kotizazio ehunekoak:

Kontingentzia arruntak: %28,30 oro har, hemendik %23,60 enpleatzaileak ordainduko du eta %4,70 langileak.
Kontingentzia profesionak: enpleatzaileak baino ez ditu ordaintzen (ezintasun iraunkor, heriotz eta biziraupena: %0,70; aldi baterako ezintasuna: %0,80).
– Langabezia: ez da kotizatzen, etxeko langileen erregimenean ez dago kobertura hau

Hilabeteko kotizazio oinarriak

2019an kontingentzia arruntetarako kotizazio oinarriak honako taulan daude adierazita, hilabeteko soldataren arabera

TarteaHilabeteko soldata (euroak hilabetean)Hilabeteko kotizazio oinarria
1.240 eurotara arte206
2.241,01 – 375 euro bitartean340
3.375,01 – 510 euro bitartean474
4.510,01 – 645 euro bitartean608
5.645,01 – 780 euro bitartean743
6.780,01 – 914 euro bitartean877
7.914,01 – 1.050 euro bitartean1.050
8.1.050,01 – 1.144 euro bitartean1.097
9.1.144,01 – 1.294 euro bitartean1.232

Hilabeteko soldata kalkulatzeko hilabetean jasotzen denari aparteko ordainsarien zati proportzionala gehitu behar zaio. Hau da, 14 paga jasotzen baditugu, aparteko paga bi horien zati proportzionala ere kontuan hartu behar da. Adibidez, 650 euro kobratzen baditugu, aparteko 650 euroko paga bi gehitu beharko genituzke (1.300 euro), hau zati 12 hilabete eta honen batuketa izango litzateke hilabeteko soldata orotara:

650 euro hilabetean
+ 108,35 euro aparteko pagen zati proportzionala (1.300 zati 12)
= 758,35 euro hilabetean