Hauteskunde egunean lan egitea tokatzen bazaigu, hainbat baimen har ditzakegu, parte hartzea errazteko:

  • Bozkatzera joan nahi badugu
  • Hauteskunde-mahaian egotea suertatu bazaigu
  • Alderdiren bateko kontu-hartzaile edo ahaldunak bagara

Hauteskunderik hauteskunde, Nafarroako eta EAEko gobernuek baimen hauek zehazten dituen Agindua edo Ebazpena argitaratzen dute (oraingo honetan Nafarroakoa astelehenera arte ez dugu ezagutu 🤷🏻‍♀). Edozelan, normalean ez da askorik aldatzen, nahiko “kopiapega” izaten dira eta.

Guztiak dira ordaindutako baimenak (ezin digute murriztu egun horretako soldata inolaz ere) eta ez dira berreskuragarriak (hau da, ezin gaituzte behartu “galdutako” lanordu horiek gerora sartzera).

Hauteskunde egunerako baimenak

Normalean, edozelako hauteskunde prozesutan, botoa emateko eguna igandea izaten da. Igandea langile gehienen atseden eguna izaten da, baina, hala ere, zenbait sektore eta lanpostutan gerta daiteke hauteskunde egun horretan lan egin behar izatea.

Horrelakoetan, hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea errazteko, baimena har dezakegu lanean, bai botoa emateko, bai hauteskunde mahaiko kidea izateko, bai eta kontu-hartzaile edo ahalduna izateko ere.

Ordaindutako baimenak dira guztiak. Honek esan nahi du, hauteskunde egunean lan egitea tokatzen bazaizu, lanera huts egin ahal izango duzula eta soldata osoa jasoko duzula berdin-berdin. Enpresak ezin dizu inolaz ere egun honetako soldata murriztu.

Baimen hauek ez dira berreskuragarriak. Hau da, enpresak ezin zaitu behartu “galdutako” lan ordu horiek gerora sartzera.

Bozkatzera joateko baimena

Langileen Estatutuan, gainontzeko baimen ordaindu guztien artean, zera aurki dezakegu 37.3.d) artikuluan: lanera huts egin daiteke ”ezinbesteko denboraz, izaera publiko eta pertsonala duten eginbeharreko saihestezinak betetzeko, botoa ematea barne hartuta”.

Baina, zer da “ezinbesteko denbora”?

Lege estatalak markatzen du baimen hau, gehienez, lau ordukoa izango dela, baina erkidegoak dira, hauteskunde prozesu bakoitzean, baimen hauek zehazten dituztenak.  

Baimen honen iraupena ez da berdina kasu guztietan. Izan ere, gure jardunaldiak bozketa ordutegiarekin kointziditzen duen denbora hartuko da kontuan beti. Gogoratu bozketa ordutegia goizeko 9:00etatik iluntzeko 20:00etara dela.

Hemen utziko dizkizuegu, adibidez, ekainaren 9ko Europako hauteskundeetarako baimenak. Izan kontuan, hauteskunde prozesu bakoitzean, bai Nafarroan, bai EAEn, baimenak argitaratzen diren arren, ohikoena dela aldaketarik ez egotea. Esan nahi baita, normalean testua “kopiatu eta pegatu” egiten da hauteskunderik hauteskunde.

Nafarroan (ekainaren 3an argitaratutako 319/2024 Ebazpena): 

  1. Lan ordutegiak ez badu kointzinditzen hauteskunde-mahaiak zabalik dauden ordutegiarekin edo ordu bi baino gutxiago kointziditzen badu: ez dago ordaindutako baimenik.
  2. Kointzidentzia bi ordu eta lau ordu (baino gutxiago) bitartekoa bada: bi orduko baimena
  3. Kointzidentzia lau ordu eta sei ordu (baino gutxiago) bitartekoa bada: hiru orduko baimena
  4. Kointzidentzia sei ordutik gorakoa bada: lau orduko baimena

EAEn (maiatzaren 10ean argitaratutako Agindua):

  1. Lan ordutegiak eta bozketa ordutegiak lau ordu edo gehiagoz kointziditzen badute: lau orduko baimena.
  2. Kointzidentzia lau ordutik beherakoa bada, lanaldiarekin bat datorren denborara mugatuko da baimena (adibidez, hiru orduko kointzidentzia = hiru orduko baimena etab.)

— Jardunaldi partzialaz aritzen diren langileen kasuan baimena murriztuko da jardunaldia murrizturik dagoen portzentaje berean. Esaterako, demagun lau orduz aritzen zarela lanean (jardunaldi erdiz, alegia) eta zure jardunaldiak lau ordu horietan kointziditzen duela; egokituko litzaizukeen baimena bi ordukoa baino ez litzateke izango, hau da, jardunaldi osoz arituko litzatekeen langile bati dagokion erdia.

— Bozketa egunean zure herritik urrun lan egin beharko bazenu (edo laneko baldintzek zailduko balute egun horretan botoa ematea), enpresak aldez aurretik posta bidez botoa eman ahal izateko baimena eman beharko lizuke. Baimen hau, gehienez, lau ordukoa izango da eta azaldutako irizpide berdinekin kalkulatuko da.


⇒ ADI! Enpresak botoa eman izanaren egiaztagiria eskatu ahal dizu. Egiaztagiri hau hauteskunde-mahaian bertan eskatu ahal da, botoa emateko momentuan.


Hauteskunde-mahaiko kidea bazara

— Hauteskunde-mahaiko kidea izatea suertatu bazaizu, lehendakari zein bokal moduan, eta egun horretan lan egin behar baduzu, egun osoko baimena izango duzu. Honetaz gain, hurrengo egunean bost orduko baimena hartu ahal izango duzu.

Aurreko egunean gaueko txandaz aritu behar izan bazara lanean, enpresak txanda hori aldatu behar dizu. Hori bai, txanda aldaketa zeuk eskatu beharko duzu.

— Hauteskunde egunean lan egin behar ez baduzu ere, mahaiko kidea izatea suertatu bazaizu, hurrengo egunean bost orduko baimena eskatu ahal izango duzu, berdin-berdin.

Kontu-hartzaileak eta ahaldunak

— Alderdi politikoren bateko kontu-hartzailea bazara, baimena eskatu ahal duzu hauteskunde-mahaiko kideen baldintza berberetan:

Hauteskunde egunean egun osoko baimena izango zenuke (lan egitea tokatuko balizu) eta, edozein kasutan, hurrengo egunean bost orduko baimena har zenezake. Era berean, aurreko egunean gaueko txanda bazenu, alda zenezake.

— Bestetik, ahalduna bazara eta hauteskunde egunean lan egitea tokatzen bazaizu, egun osoko baimena har dezakezu. Hori bai, hurrengo egunean ez zenuke izango bost orduko baimenik. Edozelan, ahaldunek ere aurreko eguneko gaueko txanda alda dezakete.