Zertan datza mugikortasun funtzionala?
Oro har, lan kontratua ezin da funtsean aldatu. Hau da, adostuta eta sinatuta dagoena errespetatu behar da. Hala ere, zenbait kasutan enpresariak aldaketak egiteko aukera dauka, beti ere justifikaturik badago eta legeak ezartzen duena errespetatzen badu.
Kasu hauek Langileen Estatutuan azaldurik dauzkagu:
– Mugikortasun funtzionala (39. artikulua) – enpresak erabakitzen badu langileak beste funtzio batzuk bete ditzala
– Mugikortasun geografikoa (40. artikulua) – enpresak erabakitzen badu langilea beste lantoki batera mugitu behar dela eta honek bizitoki aldaketa badakarkio
– Lan baldintzen aldaketa substantziala (41. artikulua) -enpresak erabakitzen badu lan baldintzak aldatzea, hala nola, jardunaldia, soldata, ordutegia…
Ikusten duzuenez, esaldi guztiak “enpresak erabakitzen badu” esapidearekin hasi ditugu. Izan ere, enpresariak hartzen dituen alde bakarreko erabakiak dira denak. Hala ere, honek ez du esan nahi edozer eta edozelan egin dezakeenik, ezta guk onartu behar dugunik ere.
Beraz, mugikortasun funtzionala zera da, enpresak daukan ahalmena langileari beste zeregin edo funtzio batzuk egozteko. Hau oso ohikoa da. Izan ere, enpresek, kosta ahala kosta, errendimendua handitu eta kostuak gutxitu nahi dituzte. Horretara dator neurri hau: askotan, jadanik kontratatutako langileei berez ez dagozkien funtzioak egozten dizkiete eta, horrela, besteak beste, kontratazio berriak egitea ekidin nahi dute. Hala ere, esan bezala, legeak jokabide hau, hein batean, mugatzen du.
⇒ Enpresaren ahalmena bada ere, gu ez gara zertan ados egon. Kasuan kasu aztertu behar den arren, balizko inpugnazio eta erreklamazioetarako, garrantzitsua izango da, jakinarazpena sinatzen duzunean, “desados/no conforme” ere idaztea, datarekin batera. Eta kopia bat gordetzea.
⇒ 20 egun baliodun dauzkazu enpresaren erabakia inpugnatzeko