Langile orok Langileen Estatutua eta bere hitzarmen kolektiboa izan beharko lituzke mesanotxean. 📚

Bai, lagunok, bi hauek ondo ezagutzea funtsezkoa da enpresen gehiegikeriei aurre egin ahal izateko. Izan ere, gure ezjakintasunaz aprobetxatzen dira maiz, baldintza kaskarragoak ezartzeko edo soldata baxuagoak ordaintzeko, legea urratzen badute ere.

Aurrekoan Langileen Estatutuaren ingurukoak kontatu genizkizuen eta ohartarazi genizuen lan zalantzarik ohikoenak testu hori, zein norberaren hitzarmen kolektiboa, kontsultaturik argitu daitezkeela.

Artikulu berri honetan hitzarmen kolektiboaz jakin beharreko guztia ekarri dizuegu: hitzarmen eta Estatutuaren arteko lotura, hitzarmen motak eta, jakina, zelan jakin zein den gure hitzarmena eta zer egin enpresak betetzen ez badu edo beste bat aplikatzen badigu.

Espero dugu argigarri suertatzea!

👉🏼 IRAKURRI GEHIAGO

Zer da hitzarmen kolektiboa?

2021/12/02

 
Zer da hitzarmen kolektiboa?

Jadanik beste artikulu batzuetan azaldu dugunez, lan harremanak testu legal biren bitartez arautzen dira nagusiki: Langileen Estatutua eta hitzarmen kolektiboak.

Langileen Estatutuak gutxienekoak ezartzen ditu, hau da, langile guzti-guztiei bermatu behar zaizkien gutxieneko eskubideak. Hala ere, gutxieneko hauek hitzarmen kolektiboan hobetu ahal dira.

Hitzarmen kolektiboak negoziazioaren emaitza dira. Negoziazio horretan alde bik hartzen dute parte: batetik, langileen ordezkariek eta, bestetik, enpresen ordezkariek. Hortik erdiesten diren akordioak, halere, ez dira izaten langile guztientzat, baizik eta negoziatu duen enpresa edo sektore zehatz horretarako.

Hitzarmen kolektiboak lan baldintzak jasotzen ditu: soldata, jardunaldia, oporrak, atsedenaldiak, eszedentziak, baimenak… Hala ere, enpresak, askotan, beste baldintza batzuk ezartzen ahalegiten dira. Langileek euren lan baldintzez daukaten ezjakintasunaz aprobetxatzen dira maiz. Horregatik, arras garrantzitsua da jakitea zein den dagokigun hitzarmena eta zer ezartzen den bertan.

Gainera, enpresak ezin du aukeratu nahi duen edo hobetoen datorkion hitzarmen kolektiboa; aitzitik, enpresa bakoitzari hitzarmen kolektibo zehatz bat dagokio, segun eta zein den bere esparru geografikoa eta bere jarduera ekonomikoa. hau da, enpresa hitzarmen zehatz bat aplikatzera behartuta dago, nahi eta nahi ez. Aurreratxoago ikusiko dugu zelan jakin zein den hitzarmen hori eta zelan egiaztatu dagokiguna ote den. 


⇒ Enpresak nahi duena esan ahal digu jardunaldiaz, soldataz, oporrez eta abarrez (izan ere, askotan ahaleginduko dira baldintza kaskarragoak dauzkagula sinestarazten) baina, enpresak esaten duena esaten duela, hitzarmenak dakarrena da derrigorrez aplikatu behar zaiguna.


Enpresak ez badu hitzarmena betetzen

Esan bezala, enpresak ezin ditu bere kabuz baldintza kaskarragoak inposatu, ezta langilea horrekin “ados” badago ere. Egia esan, ezin daiteke “adostasunaz” berba egin, enpresak “edo hau edo ezer ere ez” mahaigaineratzen duenean. Horregatik legeak dio lan eskubideak lagaezinak direla (gazteleraz “irrenunciables”). Bestela esanda, langileek ezin diete inolaz ere euren lan eskubideei uko egin (Langileen Estatutuaren 3.5. artikulua).

Eta esango duzue, “bai, hori oso ondo dago, baina enpresak horretara behartzen nau”. Ikusten baduzu hitzarmenetik beherako baldintzak aplikatzen dizkizula enpresak, jarri kontaktuan sindikatuarekin. Kasuan kasu har daitezkeen bestelako neurri batzuekin batera, horrelako egoerak beti erreklama daitezke auzitegietan.

Legeak edo hitzarmenak aitortzen dizun edozein eskubideri uko egin izana baliogabea izango da. Nahiz eta zuk baldintza txarragoak sinatu (kontratuan, esaterako, edo beste edozein idatzitan), horrek ez du balio legalik izango.

Zelan dakigu zein den aplikatu behar zaigun hitzarmena?

Oro har, ze hitzarmen aplikatu behar zaigun lan kontratuan bertan adierazita azaltzen da. Normalean 7. klausulan aurkituko duzue:

SÉPTIMA: En lo no previsto en este contrato, se estará a la legislación vigente que resulte de aplicación y particularmente, el Estatuto de los Trabajadores aprobado por el Real Decreto Legislativo 2/2015, de 23 de octubre (BOE de 24 de octubre) y el Convenio Colectivo de ………………………

Hemen utziko dizkizuegu bi kontratu eredu (SEPEren webgunetik ekarrinikoak):
            Kontratu mugagabea
            Aldi baterako kontratua

Beraz, kontratuan azaltzen den hitzarmena da aplikatu behar dizutena. Kontratuak ez badakar ze hitzarmen kolektibo dagokizun, hala ere, enpresak esan beharko lizuke. Langile guztiek euren hitzarmen kolektiboa zein den jakiteko eskubidea daukate. Enpresak uko egiten badio edo zoroarena egiten badu eta enpresan ez badago ordezkari sindikalik, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari (TGSS deritzonari, alegia) ere galdetu ahal zaio. Izan ere enpresa guztiak behartuta daude, langile bat altan ematen dutenean, Gizarte Segurantzari komunikatzera baita ze hitzarmen aplikatuko zaien ere.

IMPORTASS ataritik honako hauek kontsulta ditzakezu zure egoeraren berri izateko:
— Bizi laboralaren txostena
— Langilearen momentuko egoeraren inguruko txostena (ez baduzu lehenagotik kotizatu)

IMPORTASS zer den eta zelan erabiltzen den hobeto jakin nahi baduzu, jo Bizilaneko beste artikulu honetara: IMPORTASS, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzaren izapideak egiteko atari berria

Era berean, hemen dauzkazu bai telefono orokorra (901 50 20 50), bai eta bulegoetako helbide eta telefonoak bilatzeko orria ere.

Beste alde batetik, Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi bazara, Lan Harremanen Kontseiluari galdetu ahal diozu. ORRIALDE HONETAN zure datu pertsonalak eta enpresaren datuak sartzen badituzu, ze hitzarmen dagokion enpresari eta, hortaz, ze hitzarmen aplikatu behar dizuten zuri erantzungo dizute.

Beste gauza batean erreparatu behar duzu ondo: enpresaren jarduera ekonomikoa. hau kontratuan bertan aurkituko duzu, lehenbiziko atalean, enpresaren datuak azaltzen diren tokian (lehenago eskegi ditugun kontratu eredu bietan begiratu ahal duzu). Lehen esan dugunez, hitzarmena enpresaren jarduera ekonomikoaren eta esparru geografikoaren araberakoa izango da (enpresak ez du erabakitzen).

Hortaz, ze hitzarmen aplikatzen zaizun dakizunean, ondo begiratu behar da ea hori den dagokizuna edo enpresak beste bat ezarri dizun. Esan barik doa baldintza txarragoak dauzkan hitzarmen bat aplikatzen dizutenean hau ez dela enpresaren “ezusteagatik” gertatzen. Zalantzarik badaukazu, ez pentsa birritan eta jo ezazu sindikatura.

Azkenik, ze hitzarmen den jakitearekin ez da nahikoa. Hitzarmenak dakarrena ondo ezagutu behar duzu. Horrela jakingo duzu enpresak agintzen, ordaintzen edo galarazten dizuna legala den ala ez. Hitzarmenaren testua bilatu nahi baduzu, jo Bizilaneko beste atal honetara. Bertan, ohiko hitzarmenen zerrendatxoa ez ezik, hitzarmen bilatzailea ere aurkituko duzu.

Hitzarmen kolektibo ezean, Langileen Estatutua

Hitzarmen kolektiboek langile gehienak babesten dituzte. Oso gutxi dira hitzarmen kolektiborik ez daukatenak, baina azken hauen artean, kasurik lazgarriena eta langile gehien batzen dituena etxeko langileen sektorearena da.

Hitzarmenik ez edukitzea, hala ere, ez du esan nahi enpresak edo enplegatzaileak nahi duena egin dezakeenik. Hitzarmenik ez dagoenean, Langileen Estatutuak markatzen dituen gutxienekoak errespetatu behar dira edozein kasutan

Esan dugunez, etxeko langileek ez daukate, momentuz, hitzarmen kolektiborik. Momentuz diogu, borroka horretan ari baitira etxeko langileak eta, eurekin batera, LAB sindikatua.

Hemen utziko dizkizuegu zenbait artikulu eta bideo, borroka honetaz gehiago jakin nahi izanez gero:
            EL SALTO (gazteleraz)
            BERRIA
            HAMAIKA TELEBISTA
            LAB.EUS

 

Hitzarmen motak

Jadanik esan dugunez, hitzarmenak askotarikoak dira, hainbat klasifikazioren arabera bereizten dira eta:

Aplikazio eremua

— Sektore mailako hitzarmenak: sektore zehatz bateko enpresa eta langileei eragiten diete.

— Enpresa mailako hitzarmenak: enpresa zehatz bati baino ez diote eragiten.

Eremu geografikoa:

Hitzarmenak barne hartzen duten eremu geografikoaren arabera ere bereizten dira. Honela, erkidego mailakoak, herrialde mailakoak edo Estatu mailakoak izan daitezke.

Honela, baliteke, sektore berbererako hitzarmen ezberdinak egotea (eduki ezberdinekin), eremu geografikoaren arabera. Esaterako, metalgintza sektorean, herrialdeko hitzarmenak dauzkagu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, erkidego mailakoa Nafarroan eta, hauetaz gain, metalgintza hitzarmen estatala ere badago.

Esan beharra dago Madrilen negoziatzen diren hitzarmen estatalak Hego Euskal Herrikoak baino okerragoak eta prekarioagoak izaten direla. PSOE eta PPk inposatutako lan eta negoziazio kolektiboaren erreformek, besteak beste, negoziazio kolektiborako gure eskubidea urratu eta hainbat hitzarmenen estatalizazioa ekarri dute, ondorio oso larriekin euskal langileon lan eta bizi baldintzetan.

Eraginkortasuna:

Eraginkortasunaren arabera ere bereiz daitezke, hau da, barne hartzen dituzten langile kopuruaren arabera. Honela, hitzarmenak estatutuaren araberakoak edo estatutuz kanpokoak izan daitezke:

— Estatutuaren araberakoak: Langileen Estatutuaren arabera egindakoak. Enpresa edo sektore osoko langileei eragiten diete, hau da, eraginkortasun osoa daukate.

— Estatutuz kanpokoak edo eraginkortasun mugatukoak: Ez daude Langileen Estatutuak ezartzen dituen baldintzen arabera eginda eta ez diete eragiten sektore edo enpresako langile guztiei.

Negoziazioetan gehiengoak errespetatzen ez direnean, hau da, gutxiengo batek sinatzen dituenean, eraginkortasun mugatuko hitzarmenak izaten dira. Horrelako hitzarmenek sinatu duten sindikatuetako kideak baino ez dituzte barne hartzen, beste langile guztiak albo batera utzita. Jokabide hau ohikoa izaten da gurean, batez ere, CCOO eta UGTren aldetik. Enpresa eta sektore askotan gehiengoa ez izan arren, patronalarekin honelako hitzarmenak sinatzen dituzte, agian soldata igoera edo eguneraketaren batekin, baina hainbat funtsezko gai ikutu barik eta langileen borroka desaktibaturik (askotan langileen asanbladaren erabakiaren kontra egiten da). Opari borobila patronalarentzat, ogi papurrak langileentzat.

Honelako hitzarmen bat sinatzen denean, esan dugunez, sindikatu sinatzaileen kideei baino ez zaie aplikatzen. Beste langileek, hitzarmena eurei ere aplikatzea nahi izanez gero, banan-banan eskatu behar diote enpresari atxikitzeko eta banan-banan sinatu.