Kotizazio oinarriaren araberako prestazioak
Hainbat prestazio kotizazio oinarriaren gainean kalkulatzen dira eta, hortaz, honen arabera, handiagoak edo txikiagoak izango dira.
— Langabezia prestazioa: Oinarri erregulatzailea kalkulatzeko, azken 180 egunetako kotizazio oinarrien batezbestekoa ateratzen da. Kopuru honi, gero, portzentaje bat aplikatzen zaio: lehen sei hilabeteetan oinarri erregulatzailearen %70 kobratzen da eta, hortik aurrera, %50.
Autonomoen kasuan ere, jarduera amaieragatiko prestaziorako, azken 12 hilabeteetako kotizazio oinarriak hartzen dira kontuan oinarri erregulatzailea ateratzeko. Eta, era berean, horren gainean %70 aplikatzen da.
Etxeko langileen kasuan, berriro salatu behar dugu pairatzen duten bidegabekeria eta injustizia: langabezia prestaziorako eskubiderik ez daukaten langile bakarrak dira.
— Pentsio kontributiboa: Azken urteetako kotizazio oinarriak hartzen dira kontuan (2022an azken 25 urteak hartuko dira) oinarri erregulatzailea kalkulatzeko, soldatapekoen zein autonomoen kasuan; hala ere, autonomoena, batez beste, %40 txikiagoa izaten da (700 euro inguru) eta horren arrazoia da, hain zuzen, auonomoen gehiengoak gutxieneko kotizazio oinarria aukeratzen duela.
— Aldi baterako ezintasun prestazioa: kasu honetan ere oinarri erregulatzailea ateratzeko, kotizazio oinarriak hartzen dira kontuan, azken hilabetekoa, hain zuzen. Eta portzentaje bat aplikatzen zaio (%60 edo %75, bajaren iraupenaren eta arrazoiaren arabera).
Hortaz, gure kotizazio oinarriak ezagutzea eta dena ondo dagoela egiaztatzea guztiz garrantzitsua da.
Nora jo kotizazio oinarrien txostena lortzeko?
Zure bizi laboraleko kotizazio oinarriak ezagutu nahi badituzu, Gizarte Segurantzan eskatu behar duzu.
Internetez egin ahal duzu zuzenean. Hori bai, gogoratu cl@ve beharko duzula horretarako. Beherago azalduko dizuegu identifikazio sistema honen inguruko nondik-norakoak eta zelan lortu.
Internetez eskatzen baduzu, zuzenean ikusi ahal izago duzu pantailan eta, behar izanez gero, jaitsi eta inprimatu.
Bestela, identifikazio digitalik gabe ere egin ahal duzu. Kasu honetan FORMULARIO HAU bete behar duzu eta txostena etxera bidaliko dizute posta arruntetik. Hori baino lehen, erreferentzia zenbaki bat bidaliko dizute, zure eskaeraren egoera kontsulta ahal dezazun.
Bestela, SMS bitartez bidaltzeko ere eskatu ahal duzu LOTURA HONETAN. Zure datuak behin sartuta, pasa-hitz bat bidaliko dizute eta momentuan ikusi ahal izango dituzu zure kotizazio oinarriak.
Beste artikulu honetan luze azalduta daukazu zelan egin ahal dituzun honelako izapideak internetez, azalpen-bideo eta abarrez lagundurik: