Nahiko ohikoa da, batez ere zenbait sektoretan, hitzarmen kolektiboek honelako plusak edo soldata-osagarriak jasotzea. Kasu guztietan langileek pairatzen dituzten osasun arriskuak “konpentsatzeko” balio dute.

Honela, hitzarmen kolektibo batzuetan zenbait arriskuri soldata-osagarrien bitartez ematen zaie erantzuna, baina kontuan izan behar dugu, beti ere, plus hauek ezin direla erabili enpresetan egin beharreko prebentzioa ordezkatzeko.

Plusa jaso ahal izateko, espezifikoki egon beharko da hitzarmenean jasota. Hau da, hitzarmen kolektiboa izan behar da plusa jasoko den ala ez ezartzen duena; lanpostu bat arriskutsu, toxiko edo nekagarritzat aitortze hutsak ez baitu automatikoki plusa jasotzeko eskubiderik ematen.

Jakin beharreko batzuk topatuko dituzue, baina, ikusiko duzuenez, hitzarmen kolektiboa izango da beti honen ezaugarriak finkatuko dituena.

👉🏼 IRAKURRI GEHIAGO

Plusak: lan toxiko, nekagarri edo arriskutsua

2021/03/02

Nahiko ohikoa da, batez ere zenbait sektoretan, hitzarmen kolektiboek honelako plusak edo soldata-osagarriak jasotzea. Plus hauek erreferentzia egin diezaiokete gai hauetako bakar bati edo batzuei batera. Honela, hiru arrazoi edo zergati hauek -toxikotasuna, nekagarritasuna eta arriskua, alegia- batera azal daitezke plus moduan.

Edozelan, hirurak daude loturik: kasu guztietan langileek pairatzen dituzten osasun arriskuak “konpentsatzeko” balio dute. Honela, hitzarmen kolektibo batzuetan zenbait arriskuri erantzuna ematen zaie soldata-osagarri bitartez, baina kontuan izan behar dugu, beti ere, lan arriskuen prebentziorako legedi eta araudia ere badagoela eta, geroxeago ikusiko dugunez, plus hauek ezin direla erabili inolaz ere enpresetan egin beharreko prebentzioa ordezkatzeko edo bete beharrekoetan huts egiteko.

Lanpostuaren ezaugarriekin lotutako plusak

Langileen Estatutuan ez da honelako plusik espresuki aipatzen, baina 26. artikuluan soldata-osagarriak hiru multzotan banatzen dira: langileen ezaugarri pertsonalei lotutakoak, zereginaren edo lanaren ezaugarriei lotutakoak eta enpresaren egoerari edo mozkinei lotutakoak. Arrisku plus hauek, beraz, egiten ditugun zereginekin edo betetzen dugun lanpostuarekin izango lukete zerikusia. Edozelan, plus hauen erregulazioa ezagutzeko, hitzarmen kolektiboetara jo behar dugu, hitzarmen kolektiboetan ezartzen baita zein izango den lanpostuaren soldataren egituraketa (gogora dezagun soldata atal nagusi bitan egituratzen dela: oinarrizko soldata eta osagarriak).

Esan bezala, plus hauen justifikazioa da langileek arriskutsuak, toxikoak edo bereziki nekagarriak izan daitezkeen lanak egin behar dituztela. Hau da, lanpostua gure osasunerako kaltegarria izateagatik jasotzen ditugu:

• Toxikotasun plusa: langilearen segurtasun eta higienerako ezohiko arriskua ekar dezaketen substantzien erabilpen edo manipulazioarekin lotuta dago. Arrisku hauek kutsatzaile kimikoek sorrarazi ditzakete (arnasten ditugulako edota azaletik gorputzeratzen ditugulako) edo substantzia narritagarriak behin eta berriro ukitzeagatik suerta daitezke.

Nekagarritasun plusa: lana egoera ezohikoetan egiten denean edota etengabeko esfortzua eskatzen duten edo bereziki zail edo neketsuak diren zereginetan aritu behar garenean. Plus honen barruan sar daitezke zarata edo bibrazioen esposizioak, bero edo hotz handien esposizioak, zama fisiko edo mental gehiegizkoa dakartzaten lanak…

• Arrisku plusa: Balizko kalteak edo erasoak pairatzeko aparteko arriskuan datza. Lan istripuak izateko arriskuak, agente biologikoen esposizioak eta abar izaten dira ohikoenak.

Noiz jasotzen dira plus hauek?

Honelako plusak jasotzeko, espezifikoki egon behar dira aitorturik eta onarturik hitzarmen kolektiboan (edo, honen ezean, kontratu indibidualean hala islatu behar da). Hortaz, enpresaren eta langileen ordezkaritzaren artean adostu beharreko gaietako bat izaten da.

Negoziazio hauek nondik abiatu ez dagoenez Langileen Estatutuan zehazturik eta, gainera, beste kasu batzuetan ez bezala, honetarako ez dagoenez, ezta modu orientagarrian ere, lanpostu edo zereginen zerrendarik, praktikan, hitzarmenetik hitzarmenera alde handiak topa ditzakegu.

Beraz, hasteko, plusa jaso ahal izateko, espezifikoki egon beharko da hitzarmenean jasota. Hau da, hitzarmen kolektiboa izan behar da plusa jasoko den ala ez ezartzen duena; lanpostu bat arriskutsu, toxiko edo nekagarritzat aitortze hutsak ez baitu automatikoki plusa jasotzeko eskubiderik ematen.

Bestetik, ez balego adostasunik enpresa eta langileen artean lana arriskutsutzat, toxikotzat edo nekagarritzat jotzeko orduan, lan epaitegiek ebatzi beharko lukete lanpostu zehatz horren kasuan hala den ala ez. Epaileak baiezkoa emango balu, momentu horretatik aurrera baino ez litzateke kontuan hartuko eta, hortaz, ez luke izango atzeraeraginezko ondorio ekonomikorik (Auzitegi Nagusiaren Ebazpena, 1994/07/13).

Zenbat jasotzen da?

Hau ere hitzarmenak adierazi behar du. Normalean, oinarrizko soldataren gaineko portzentaje bat izaten da. Batzuetan portzentaje finkoa da, baina, beste batzuetan, aldakorra, segun eta zenbat denbora ematen den zeregin arriskutsu horretan edota lanpostuan aldagai bat baino gehiago batzen badira (arriskua, toxikotasuna, nekagarritasuna). Hain da anitza, ezen zenbait kasutan langileak aukera izaten baitu baita soldata-osagarriaren eta jardunaldi murrizketa baten artean aukeratzeko ere.

Hiru kontzeptu ezberdin diren arren eta lanpostuak hiru aldagai horietako bat baino gehiago barne izan arren, osagarri bakarra jaso ohi da. Hau da, gure lana izan liteke, aldi berean, toxikoa eta arriskutsua, baina osagarri bakar bat jasoko genuke lanpostuak sorrarazten digun arriskuagatik. Honela, askotan hitzarmenetan hiru kontzeptu hauek batzen dituen plus bakarra azaltzen da.

Plus hauek kalkulatu behar dira arrisku egoeran efektiboki lan egiten diren egunen arabera. Bestetik, jardunaldiaren zati batean baino ez badira egiten zeregin arriskutsu horiek, plusaren portzentajea lanean emandako denboraren arabera izan liteke. Baina, jakina, hau guztia hitzarmenak zehaztuko du. Izan ere, ikusi duzuenez, hitzarmenak dena arautuko du.

Azkenik, plusaren kontzeptua eta zenbatekoa argi eta garbi agertu behar da nominan. Ezin da azaldu beste kontzeptu batzuekin nahastean edo kontzeptu orokorren pean (“pizgarriak” edo enparauak).

Kontsolidagarria al da?

Soldata osagarri bat kontsolidagarria denean, honek esan nahi du, lan harremanaren baldintzak eta langileak egiten dituen zereginak aldatu arren, osagarria kobratzen jarraitzen dela, eskuratutako eskubide bihurtu baita.

Berez, oro har, lanpostuarekin lotutako osagarriak edo plusak ez dira kontsolidagarriak izaten, ez bada kontrakoa adostu (Langileen Estatutuaren 26.3 artikulua). Hortaz, normalean, lan toxiko, arriskutsu edo nekagarria egitegatiko plusak ez dira kontsolidagarriak izaten, gaueko lana edo txandakako lana egiteagatiko osagarriak izaten ez diren bezalaxe, berriro ere, kontrakorik adostu ez bada. Beraz, lanpostu hori betetzen dugun bitartean baino ez ditugu jasoko eta, beste lanpostu batera mugituz gero, galduko genuke.

Osagarri hauek eta arriskuak prebenitzeko legedia

Osagarri honek ezin ditu, inolaz ere, prebentzio neurriak ordezkatu. Lan arriskuen prebentziorako legeak eta berau garatzen duen araudiak hainbat betebehar ezartzen dizkiote enpresari arriskuak kontrolatzeko, neutralizatzeko eta ezabatzeko. Horixe baita lan osasun eta segurtasun legediaren azken helburua. Honela, plus hauek arrisku egoerak konpentsatzera datoz, baina ezin dira aitzakia izan enpresek osasun eta segurtasun arauei entzungor egin diezaioten.

Lanpostu edo enpresako zereginen batean edo batzuetan arriskurik balego, abiapuntua, arrisku horiek ezabatzea izango litzateke eta, ezabatu ezin diren arriskuak, ebaluatu beharko lirateke, murriztu eta kontrolatu ahal izateko. Enpresaren betebeharra prebentzio neurriak jartzea da eta ez da onargarria betebehar honetan huts egitea, konpentsazio ekonomiko baten truke. Edozelan, zenbait lanetan, nahiz eta prebentzio neurriak hartu, hainbat arriskuk iraun egiten dute, lanpostuaren ezaugarri edo izaera bera direlako bereziki arriskutsuak. Osagarri hauek honelako kasuetarako izan beharko lirateke, prebentzio neurriak aplikaturik ere, arrisku guztiak ezabatzea ezinezkoa den kasuetarako, alegia

Honela, esaterako, substantzia toxikoak garraiatzen dituen langileak, segurtasun eta osasun neurri guztiak hartuta ere, beti pairatuko du arrisku potentzial bat; gauza bera gertatzen da zenbait substantzia edo produktu esku artean erabili edo manipulatu behar dituzten langileen kasuan edo ezinbestean hozkailuetan eta tenperatura oso baxuetan lan egin behar den lanpostuetan.

Aipaturikoetan arrisku faktore guztiak ezabatzeak lana bera ekidingo luke. Honela, kasu hauetan bete beharreko prebentzio neurriak eta ezabatu ezin diren arriskuak dauzkagu batera eta, hortaz, soldata-osagarria egon liteke azken hauek konpentsatzeko. Baina gogoratu behar dugu hau ez dela zerbait automatikoa edo ezinbestean gertatu behar dena eta beti egongo dela hitzarmenean adostutakoaren menpe.