Gurasotasun prestazioaren inguruan jakin beharreko azken detailerainoko guztia ekarri dizuegu artikulu honetan (edo, behintzat, hala izatea espero dugu):

  • Lehenbiziko derrigorrezko 6 asteen eta gainontzeko 10 asteen arteko aldeak.
  • Zer gertatzen den umea ospitalizaturik gelditu behar bada
  • Zer gertatzen den aborturik izan bada
  • Langabezia prestazioa jasotzen ari bazara, hala ere, prestazio hau eska dezakezula
  • Pilatuta izan behar dituzun gutxieneko kotizazioak
  • Gutxieneko kotizaziorik ez badauzkazu, amatasun subsidio ez kontributiboa eska dezakezula
  • Zenbat kobratzen den
  • Prestazio orokorraz gain, aldi berean, eska daitezkeen beste prestazio batzuk
  • Zelan egin behar den eskaera Gizarte Segurantzan
  • Atxiki beharreko dokumentazioa

Adin txikikoaren jaiotza eta zaintza (gurasotasun prestazioa)

2023/06/02

— Langileen Estatutuko 48.4, 48.5 eta 48.6 artikuluak
— Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 49.a), 49.b) eta 49.c) artikuluak
— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren II. Tituluko VI. Kapitulua
— 295/2009 Dekretua, amatasun, aitatasun eta haurdunaldi zein edoskitzaroko arriskuagatiko prestazioak arautzen dituena

 

Badakizuenez, 2019. urtetik aurrera, lehengo amatasun eta aitatasun lizentzia eta prestazioak gurasotasun prestazio bakar batean batu ziren, adin txikikoaren jaiotza eta zaintza izenpean. Hortaz hemen azaltzen den guztia guraso biei aplikatu behar zaie, ama biologikoari eta beste gurasoari, ez bada kontrakorik adierazten.

 

Zertan datza gurasotasun baimena?

Jaiotza, adopzio edo harrera kasuetan gurasoek baimen ordaindua hartzeko eskubidea daukate. Denbora honetan lan kontratua eteten da (hau da, ez dira lanera joan beharko), baina oinarri erregulatzailearen 100% kobratuko dute.

Adopzioa eta harrera: Langileen Estatutuko 45.1.d) artikuluak zehazten duenez, honako kasuetara mugatzen da:

– 6 urtetik beherakoak
– Desgaitasunen bat daukaten 6 urtetik gorakoak
– Esperientzia pertsonalengatik edo euren jatorriagatik zailtasun bereziak izan ditzaketen 6 urtetik gorakoak. Puntu hau zerbitzu sozialek egiaztatu beharko lukete.

Erregimen guztietako langileek daukate baimen honetarako eskubidea: erregimen orokorrekoek, enplegatu publikoek, autonomoek, etxeko langileek…

Adi! Autonomoa bazara, bajan zauden bitartean, kuotagatik %100eko hobaria jasoko duzu.

 

Zenbat irauten du?

16 aste dira, oro har. 16 aste hauetatik, lehenbiziko 6 asteak jaiotza ostean hartu behar dira derrigor, segidan eta jardunaldi osoz.

Esan bezala, 6 asteak derrigor hartu behar dira. Ez baduzu egiten, Gizarte Segurantzak baimen osoa ukatuko dizu. Hau da, ez badituzu lehenbiziko 6 asteak hartzen edo aste gutxiago hartzen badituzu, baimen osoa galduko duzu 13/2019 Kudeaketa Irizpidean irakur daitekeenez.

Gainontzeko 10 asteak umeak 12 hilabete bete arte har daitezke. Hori bai, asteka disfrutatu behar dira, hau da, ezin dugu hartu egun solterik. Hortaz, 16 asteak jaiotzatik ondoren disfruta ditzakegu, denak segidan, edo lehenbiziko 6 asteak disfrutatu, lanera itzuli eta, beranduago, gainontzeko 10 asteak hartzen joan, segidan edo tarteka.

Gainontzeko 10 aste horiek jardunaldi osoz edo partzialaz disfruta daitezke. Jardunaldi partzialaz disfrutatuz gero, aste kopurua luzatuko litzateke, erabakitako partzialtasunaren arabera. Adibidez, jardunaldiaren %50 egiten badugu, 20 aste izango lirateke. Edozelan, Estatutuak dakarrenez, hau enpresarekin adostu behar da eta hitzarmenak ezartzen duenaren arabera gauzatu beharko da.

Gogoratu enpresari 15 egun lehenago abisatu behar zaiola noiz hartu nahi dituzun aste horiek.

• Enpresak ukatu ahal du?
Enpresak ezin dizu ukatu. Langileen Estatutuak argi uzten duenez, langileak erabakitzen du noiz hartu nahi dituen 10 aste horiek, beraz, enpresak ezin dizu ukatu. Salbuespen bakarra dago: guraso biek enpresa berean lan egiten badute. Kasu honetan enpresak ukatu ahal du guraso biek baimena aldi berean hartzea, baina beti ere arrazoi objektiboak eman beharko ditu eta ondo arrazoitu beharko ditu idatziz.

• Kasu zehatzak
⇒ Erditze edo adopzio anizkoitza: guraso bakoitzak astebete gehiago disfrutatu ahal izango du lehenengoa ez den ume bakoitzeko. Hau da, ume bi jaio edo adoptatuz gero, guraso bakoitzak 17 aste izango ditu; hiru ume badira, 18 aste…

⇒ Umeak desgaitasunen bat badauka: guraso bakoitzak astebete gehiago disfrutatu ahal izango du.

⇒ Ospitaleratzeak: Umea aldez aurretik jaio bada edo ospitalean gelditu behar bada, honako aukerak daude:

– Baimena luzatu: jaioberriak ospitalean 7 egun baino gehiago ematen baditu, baimena luzatu egingo da ospitaleratzeak irauten duen beste. Gehienez, 13 aste gehiago hartu ahal izango dira, orotara 29 aste

– Baimena eten: lehenbiziko 6 asteak pasaturik, baimena eta prestazioa eten daitezke eta berriro hartu umeari alta ematen diotenean.

Gogoratu Langileen Estatutuak beste baimen batzuk ere badakartzala honelako kasuetarako. Honela, 37.5 artikuluan ezartzen denez, langileek eskubidea daukate egunean ordubetez lanetik libratzeko (baimen ordaindua) eta, honetaz gain, jardunaldia egunean ordu bitan murrizteko (soldata ere murrizturik).

Adibideak:

Baimena segidan hartu genezake eta umeak ospitalean ematen duen denboraz luzatu (gehienez, 29 aste izan daitezke guztira).

 Baimena eten genezake:

Derrigorrezko 6 asteak hartu eta baimena eten umeari alta ematen dioten arte. Denbora horretan egunean ordubete libratu eta jardunaldia murriztu genezake. Alta ematen diotenean, baimena berrartuko genuke eta ospitalean egon den denboraz luzatuko genuke (gehienez, 29 aste guztira).

⇒ Aborturik izan bada: Ama biologikoak baimena eta prestazioa jasotzeko eskubidea dauka. 16 asteko baimena har lezake edo, derrigorrezko lehenbiziko 6 asteak pasaturik, lanera itzultzeko eskatu. Hori bai, gestazioak gutxienez 180 egun (6 hilabete) iraun behar izan du.

Beste gurasoaren kasuan, ordea, ez litzateke baimenik egongo, Gizarte Segurantzak 10/2020 Kudeaketa Irizpidean azaltzen duenez. Hau Auzitegi Gorenak berretsi zuen 2022ko uztailean, nahiz eta beste epaitegi batzuek, baita Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren ere, kontrakoa ebatzi duten. Hala egin zuen, adibidez, Kataluniako Auzitegi Nagusiak 2022ko urrian.

 

Langabezia prestazioa jasotzen ari bazara

Langabezia jasotzen ari bazara, edozelan, prestazio hau eska zenezake.

Egin behar duzun lehenbiziko gauza da langabezia prestazioa eteteko eskatu. Hau SEPEn egin behar da:

Bulegoetan egiteko, gogoratu aldez aurretiko hitzordua eskatu behar dela
ORRIALDE HONETATIK online eskatu ahal duzu langabezia prestazioa eteteko 

SEPEk emango dizun baja dokumentuarekin Gizarte Segurantzara jo beharko zenuke, gurasotasun prestazioa eskatzeko.

Gurasotasun prestazioa jasotzen duzun bitartean ez da langabezia egunik kontsumituko. Hau da, langabezia prestazioa etengo zenuke, gurasotasun prestazioa jaso eta, azken hau behin agortuta, berriro hartuko zenuke langabezia prestazioa utzi zenuen momentuan.

Adi! gurasotasun prestazioa agortzen zaizunean, SEPEri berriro eskatu beharko diozu langabezia prestazioa berrartzeko. 15 egun dauzkazu honetarako. Epez kanpo egiten baduzu, egun horiek galduko dituzu.

Informazio gehiago eta SEPEn aurkeztu behar den baja dokumentua, HEMEN.

 

Baimena lehenago hartzeko aukera

⇒ Erditzeak: ama biologikoak erabaki dezake amatasun baimenaren parte bat erditze baino lehenago hartzea. Izan ere, erditze data baino lau aste lehenagotik has liteke disfrutatzen.

Posible da, osasun arazoengatik, aurretiaz lana utzi behar izatea, baina amatasun bajaren asteak gastatzea ez da daukagun aukera bakarra. Baimen hau ama bere onera itzultzeko eta jaioberria zaintzeko izan beharko litzateke. Haurdunaldiak osasun arazoak sortu ahal dizkigu, horren arrunta den ziatika, kasu, baina osasun arazo arruntak diren heinean, medikuak aldi baterako ezintasun baja eman beharko liguke.

Bestetik, haurdunaldian arriskurik balego eta ez balego beste lanpostu batera mugitzeko aukerarik, haurdunaldian arriskua egoteagatiko baja eta prestazioa eskatzeko aukera daukagu.

⇒ Nazioarteko adopzioak: kasu honetan ere posible da baimena lau astez aurreratzea.

 

Gutxieneko kotizazioak

Gurasotasun prestazioa eskatu ahal izateko, Gizarte Segurantzan altan edo alta pareko egoeran egon behar da. Alta pareko egoerak, besteak beste, honakoak dira: langabezia prestazioa jasotzen ari bazara (lehen ikusi dugun bezala), zaintza betebeharrengatiko eszedentzian bazaude, aldizkako finkoa bazara eta jarduera aldian ez bazaude…

Honetaz gain, gutxieneko kotizazio batzuk izan behar dituzu pilatuta:

– 21 urtetik beherakoa bazara: ez da gutxieneko kotizaziorik behar
– 21-26 urte bitartekoa bazara: 90 egun azken 7 urteetan zehar edo 180 egun bizi laboral osoan zehar
– 26 urtetik gorakoa bazara: 180 egun azken 7 urteetan zehar edo 360 egun bizi laboral osoan zehar.

• Amatasun subsidio ez kontributiboa
Lanean ari bazara, baina ez badauzkazu gutxieneko kotizazio hauek, amatasun subsidio ez kontributiboa eska dezakezu (295/2009 Dekretuko II. Kapituluko 2. Atala). Subsidio hau ama biologikoari begirakoa da.

• Iraupena: 42 egun irauten ditu, erditze egunetik aurrera. 14 egun gehiago iraungo du, baldin eta

– familia ugaria bazarete
– ama bakarra bazara
– erditze anizkoitza izan bada
– amak edota umeak gutxienez %65eko desgaitasun maila badaukate

Subsidioaren luzapen hau bat eta bakarra izango da, nahiz eta irizpide bat baino gehiago bete. Hau da, ama bakarra bazara eta bikiak izan badituzu, irizpide bi beteko zenituzke; hala ere, subsidioak 42 + 14 egun baino ez lituzke iraungo eta ez 42 + 14 + 14.

• Zenbatekoa: jasotzen den kopurua IPREMaren %100 da (2023an, 20€ egunean).

 
Zenbat kobratzen da?

Gertakizun arruntengatiko oinarri arautzailearen %100 jasotzen da.

Oinarri arautzaile hau kalkulatzeko, hilabete bi lehenagoko kotizazio oinarria hartuko da kontuan. Hau da, maiatzean izan bada, martxoko kotizazio oinarriaz kalkulatuko litzateke (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 179. artikulua).

Jardunaldi partzialaz aritzen diren langileen kasuan, azken urteko kotizazio oinarriak batu eta 365ez zatituko dira, batezbestekoa ateratzeko. Enpresan urtebete baino gutxiago eman baduzu lanean, denbora horretako kotizazio oinarriak erabiliko dira kalkulua egiteko (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 248.1.b) artikulua).

Gizarte Segurantzak hilabete amaieran egingo du ordainketa, beraz, seguruenik, transferentzia hilabete hasieran izango duzu zure kontu korrontean.

Prestazio orokorraz gain, aparteko batzuk ere jaso ahal dituzu, honako egoeraren batean bazaude:

• Erditze edo adopzio anizkoitza: lehenbiziko 6 asteetan aparteko subsidio bat jasoko duzu (lehen umeagatik jasotzen denaren bestekoa). Hala ere, gurasoetako batek baino ezin du jaso. Kontuz! Ez da zerbait automatikoa, eskatu egin behar duzu. Informazio gehiago HEMEN.

• Familia ugaria bazarete, guraso bakarra bazara edo gurasoetako batek %65eko desgaitasun maila aitorturik badauka: Familia prestazioa ere eskatu ahal duzu. Ordainketa bakarreko prestazioa da. Hau prestazio orokorra eskatzen duzun momentuan eska dezakezu, formulario berean. Bestela, orrialde HONETATIK ere egin daiteke. Informazio gehiago HEMEN.

Ezin dugu aipatu barik utzi ama bakarren seme-alabek pairatzen duten diskriminazioa. Guraso bi dauzkaten umeen zaintzak 26 aste dirauen bitartean (guraso biek batera hartzen dituzten lehenbiziko 6 asteak + 10 aste -guraso batenak- + 10 aste -beste gurasoarenak-), ama bakarrekoek 16 aste baino ez dauzkate.

Izan ere, helburua jaioberriaren zaintza bada, argi dago umeentzat desberdinkeria hutsa dela edo, areago, “zigorra” “ohiko” familia batekoa ez izateagatik. Badirudi zenbaitek uste dutela, langileok baimen edo lizentziaren bat hartzen dugunean, gure asmoa “lanetik libratzea” baino ez dela.

Denarekin ere, baimenak pilatzearen alde hainbat epai izan dira. Hala ere, Estatuko Auzitegi Gorenak honen kontra ebatzi zuen 2023ko martxoan. Baina honek ez du bide juridikoa eten, beste auzitegi batzuek baimenak pilatzearen alde ebazten jarraitu dute eta.

 
Zelan eskatu behar da?

Eskaerak Gizarte Segurantzaren Institutuak (INSSek) kudeatzen ditu. Bulegoan bertan, aldez aurretiko hitzorduaz, edo internetez egin daiteke.

ADI! Eskaera bat baino gehiago egin behar dira: alde batetik, lehenbiziko 6 asteak (erditze edo adopzio ostean derrigor hartu behar direnak) eskatu beharko dituzu eta, gerora, hurrengo 10 asteak. Pentsatu ondo, behin eskatuta, ezin izango dituzulako egunak aldatu.

AURREZ AURRE

Gizarte Segurantzaren bulegoetako ordutegia 9:00etatik 14:30etara

Gogoratu aldez aurretiko hitzordua eskatu behar dela. Hitzordua eskatzeko telefonoak (automatizatuak): 901 10 65 70 / 91 541 25 30

Beste orrialde honetan kontsultatu ahal dituzu bulegoetako helbide eta telefonoak

ONLINE

https://sede-tu.seg-social.gob.es orrialdetik sartu behar da.

Ikusiko duzunez, lehenengo eta behin, zeure burua identifikatu beharko duzu. Hainbat modu daude:

– Cl@ve iraunkorrarekin edo Cl@ve + PIN.

Sistema honetaz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat hurrengo artikulu honi:

— NAN elektronikoarekin edo ziurtagiri digitalarekin

— SMS bitartez (Adi! SMS bitartez egin ahal izateko, aldez aurretik Gizarte Segurantzari zure telefono zenbakia eman behar izan diozu inoiz)

— Bide hauetaz gain, beste modu bat ere badaukazu: zure datuak ematearekin batera, selfie bat atera behar duzu eta karneta atxiki (JPG edo PNG formatuan). Honela sartzeko, orrialde HONETATIK egin dezakezu.

⇒ Dokumentazioa HEMENDIK kontsultatu eta jaitsi ahal duzu

Informazio gehiago: