Momentura arte, pentsiorako oinarri arautzailea kalkulatzeko orduan, autonomoek ez zeukaten kotizazio hutsarteak osatzeko aukerarik.

Hala ere, azken pentsio erreformak aldaketa ekarri du gai honetan:

-> Jarduera amaieragatiko prestazioa agortu eta hurrengo sei hilabeteetako kotizazio hutsarteak osatuko dira.

Autonomoen Erregimeneko taula orokorreko gutxieneko oinarria erabiliko da honetarako.

Edozelan, neurri hau hartuta badago ere eta, honezkero, Gizarte Segurantzaren Legean islatuta dagoen arren, 2026ra arte ez da hasiko indarrean.

Zehaztapen eta azalpen guztiak gure artikuluan:

Autonomoen kotizazio hutsarteak

2023/05/08

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 322. artikulua

 

Bizi laboralean zehar kotizatu barik egondako epealdiei “kotizazio hutsarte” deitzen zaie (gaztelerazko “lagunas de cotización”). Erregimen orokorreko langileen kasuan, pentsioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko momentuan, kotizazio hutsarte hauek osatu egiten dira. Hau da, zelanbait esateko, kotizazio falta hori osatu egiten da “gezurrezko” gutxieneko kotizazio batzuekin.

Hala ere, langile autonomoek orain arte ez zeukaten honelako aukerarik. Hortaz, euren bizi laboralean kotizatu gabe emandako sasoi horiek ez ziren osatzen eta hilabete horiek guztiak zerotzat hartzen edo zenbatzen ziren pentsioa kalkulatzeko momentuan. Esan barik doa honek pentsioaren zenbatekoa guztiz kaltetu eta nabarmenki jaisten duela.

Azken pentsio erreformarekin hau aldatu da eta autonomoek ere kotizazio hutsarte batzuk osatu ahal izango dituzte, nahiz eta epealdi mugatuak izango diren (erregimen orokorreko langileen kasuan kotizazio hutsarte guztiak osatzen dira, zenbateko ezberdinekin bada ere).


⇒ Jarduera amaieragatiko prestazioa agortu eta hurrengo sei hilabeteetako kotizazio hutsarteak osatuko dira.


Honela, negozioa utzi behar izan baduzu, lehenengo eta behin, jarduera amaieragatiko prestazioa jasoko zenuke. Prestazioa kobratzen duzun bitartean, SEPE arduratzen da Gizarte Segurantzari kotizazioak ordaintzeaz eta, beraz, sasoi hori kotizatutzat hartzen da erretiroagatiko pentsioari dagokionez.

Gogoratu prestazioa eskatu ahal izateko, gutxienez, azken 12 hilabeteetan egon behar izan zarela jarduera amaieragatik kotizatzen eta prestazioaren iraupena kotizatuta dauzkazun hilabeteen araberakoa dela, erregimen orokorreko langabeziagatiko prestazioarekin gertatzen den bezala. Taula osoa eta beste zehaztapen guztiak beste artikulu honetan dauzkazu:

Honela, prestazioa jasotzen duzun bitartean, erretirorako kotizatzen ari zara. Prestazioak, gehienez, 24 hilabete (urte bi) iraun dezake. Bada, hementxe dator berritasuna: prestazioa amaitzen zaizunean, hurrengo sei hilabeteak ere kotizatutzat joko dira pentsioaren kalkulua egiteko. Hau da, kotizazio hutsarte horiek osatu egingo dira. Hortaz, orotara, 30 hilabetetara hel daiteke: 24 hilabeteko prestazioa + 6 hilabeteko hutsarteak

Edozelan, ez da beharrezkoa izango gehienezko prestazioa jasotzea. Prestazio laburragoa badagokizu ere, sei hilabete osatuko zaizkizu berdin-berdin.

Autonomoen Erregimeneko taula orokorreko gutxieneko oinarria erabiliko da honetarako. Adi! Autonomoen kotizazio sistema berrian taula bi daude: taula murriztua eta taula orokorra. Esan bezala, taula orokorra erabiliko da eta ez murriztua (2023an 950,98€). Taulak eta gutxieneko oinarriak honako artikulu honetan kontsulta ditzakezu:

Kasu honetan zauden guztietan osatuko dira sei hilabetetako hutsarteak. Esan nahi baita, “langabezian” geratu eta prestazioa amaitzen zaizun kasu guztietan.

Esan bezala, ez da erregimen orokorreko langileekin parekatu, hauen kotizazio hutsarte guztiak osatzen direlako pentsioaren kalkulua egiten denean eta autonomoen kasuan sei hilabete besterik ez. Honetaz gain, erregimen orokorrean erretiroagatiko pentsiorako ez ezik, ezintasun iraunkorragatiko pentsiorako ere osatzen dira kotizazio hutsarteak. Autonomoen kasuan, ordea, Gizarte Segurantzaren 322. artikuluak erretiroagatiko pentsioa baino ez du aipatzen.


⇒ ADI! Neurri hau, onartu bada ere eta Gizarte Segurantzaren Legean islatu bada ere, 2026ko urtarrilaren 1era arte ez da indarrean hasiko. Hortaz, 2026tik aurrera jubilatzen diren autonomoei baino ez zaie aplikatuko.