Zelan kalkulatzen da?
Hemen hurbilpen bat egingo dugu, zelan kalkulatzen den jakin dezazuen, baina kalkulu zehatzak egiteko, izan ahal dituzuen zalantzak argitzeko eta, zelan ez, kaleratzea inpugnatzeko, jo ezazu sindikatura.
Lau adierazle hartu behar ditugu kontuan:
- Eguneko soldata
- Langilearen antzinatasuna
- Kaleratze mota
- Gehienezko muga
Formula honako hau izango litzateke:
Kalte-ordaina = eguneko soldata x kaleratze motari dagokion egun kopurua x lan egindako urteak
Eguneko soldata
Lehenengo eta behin, urteko soldata kalkulatu behar dugu. Honetarako, gogoratu aparteko pagak eta espezietan jasotako soldata zatia ere gehitu behar direla. Bestalde, ez dira kontuan hartuko soldata izaerarik ez daukaten kontzeptuak, hala nola dietak, garraio plusak edo enpresak aseguru edo pentsio planetarako egiten dituen ekarpenak.
Honen emaitza urteko egun kopuruaz zatikatu behar dugu, hau da, zati 365.
Demagun Idoiak 1.400€ gordin irabazten dituela hilabetean eta 14 paga jasotzen dituela (12 hilabete + aparteko ordainsari bi):
1.400 x 14 = 19.600€ urtean
19.600 / 365 = 53,70€ egunean
Antzinatasuna
Kalkulatu behar dugu zenbat denbora eman duen langileak enpresan. Adi! hilabeteak osorik hartu behar dira, nahiz eta hilabete osoa lan egin ez izana; hau da, hilabete osora borobildu behar da. Honela, 10 hilabetez eta 14 egunez lan egin baduzu, 11 hilabete zenbatuko ditugu.
Idoia 2020ko urriaren 2an hasi zen enpresan eta 2024ko apirilaren 20an kaleratu zuten. Hortaz, Idoiak 3 urte eta 8 hilabete eman ditu edo, bestela esanda, 44 hilabete.
Kaleratze mota
Lehen ikusi dugunez, kaleratze mota bakoitzari kalte-ordain egun zehatz batzuk dagozkio.
Idoiak, kaleratzea inpugnatu ostean, lortu du enpresak onartzea kaleratzea bidegabea izan dela. Honela, Idoiari 33 eguneko soldata dagozkio lan egindako urte bakoitzeko. Urte osoak ez ezik, hilabete solteak ere badaudenez, proportzioa atera beharko dugu:
Urte osoari 33 eguneko kalte-ordaina badagokio, zenbat dagokio hilabete bakoitzari?
33 / 12 (hilabete) = 2,75 eguneko kalte-ordaina lan egindako hilabete bakoitzeko.
Hortaz:
53,70€ egunean x 2,75 eguneko kalte-ordaina hilabete bakoitzeko x 44 hilabete = 6.497,70€
Bestela azalduko dugu, argiago ikusteko. Idoiak lan egindako urte osoak (3 urte) kalkulatuko ditugu, batetik, eta, bestetik, hilabete solteak (8 hilabete):
53,70€ egunean x 33 eguneko kalte-ordaina urte bakoitzeko x 3 urte = 5.316,30€
53,70€ egunean x 2,75 eguneko kalte-ordaina hilabete bakoitzeko x 8 hilabete = 1.181,40€
5.316,30 + 1.181,40 = 6.497,70
Gehienezko muga
Hau da kontuan izan behar dugun azken faktorea. Izan ere, kalte-ordainak mugaturik daude. Esan nahi baita, berdin da zenbat urte eman ditugun enpresan, gehienez urtebeteko edo urte biko soldata jaso ahal izango dugu (kaleratze motaren arabera), nahiz eta kalkuluak egin eta kantitate hori gainditu.
Adibidez, lehengo adibideari jarraiki: Idoiaren urteko soldata 19.600€ ziren. Bere kaleratzea bidegabea izan denez, gehienez 24 hilabeteko soldataren besteko kalte-ordaina jaso lezake, hau da, 39.200€. Eman ditugun datuekin Idoia ez zen muga honetara heltzen, baina beste kasu batzuetan gerta liteke, batez ere enpresan urte mordoa eman duten langileen kasuan.
2012ko lan erreforma
Ikusi duzuenez, kaleratze bidegabeak kalkulatzeko, kalte-ordain eta muga ezberdinak ekarri ditugu, 2012ko otsailaren datarekin batera. PPren 2012ko lan erreformak kaleratzeak erraztu eta merketu zituen eta, neurri guztien artean, kaleratze bidegabeagatiko kalte-ordaina itzel jaitsi zuen. Ordura arte, 45 eguneko soldata zegokion lan egindako urte bakoitzari, 42 hilabeteko mugarekin. Erreforma ostean, 33 egun baino ez dira eta gehienezko muga 24 hilabetekoa.
Hortaz, 2012ko otsaila baino lehen sinatutako kontratuen kasuan kalkulu bi egin beharko dira: data horretara arte egokituko litzatekeen kalte-ordaina eta data horren ostean egokituko litzatekeena.
Erreforma honen zenbait punturi buelta eman bazitzaien ere, PSOEren gobernuak, behin eta berriro zin egin ostean, baita Podemos eta Bildurekin sinatu ostean ere, uko egin zion osorik derogatzeari. Jadanik nahiko prekarioa zen araudia guztiz okertzera etorri zen 2012ko erreforma eta, promesak promesa eta gezurrak gezur, gobernu honek kaleratzeen merkatzea indartu eta sendotu du, ikutu ezina delakoan. Alderik “kaltegarrienak” bertan behera utziko zituztela esan zuten. Langileak merke bota ahal izatea ez al da alde zeharo kaltegarria?