Zer da “desistimiento” izenekoa? (etxeko langileak)

Etxeko langileek edozein langilek dauzkan eskubide berberak dauzkate, hala jasotzen da paper gainean, behintzat, zeren eta, praktikan, etxeko lanaren erregimen bereziak lan harreman askoz prekarioago eta eskubide gutxiagokoak ezartzen baitizkie.

“Berezitasun” hauetako bat desistimiento izeneko figura da; hau da, enpleatzaileak daukan ahalmena kontratua, edozein momentutan eta arrazorik eman beharrik gabe, bertan behera uzteko.

Desistimiento edo kontratua bertan behera uzteko ahalmen hau justifikatzeko, erabili ohi da lan harreman hau konfidantzan oinarritu behar dela bereziki. Hala ere, etxeko langileen erregimenean, gainontzeko langileen kasuan bezala, probaldia egon badago, hilabete bikoa izaten dena, oro har, baita kaleratze dizplinarioa ere, langileak huts larririk eginez gero, beste edozein langileri ere aplika dakion bezala. Beraz, balizko konfidantza urraketak baino, desistimiento hau kaleratze guztiz askerako bitartekoa baino ez da. Areago, langilea kaleratzeko, enpleatzailearen borondatetik harago beste arrazoirik eman beharrik ez baitago. Gainontzeko langileen kasuan, ordea, kalerapenerako beti egon behar da arrazoiren bat.

Kontratua honela bertan behera uztea eta kaleratzea ez dira, legalki, gauza bera eta kalteordaina ere txikiagoa da. Gainera, arrazoietan oinarritu behar ez denez, zailagoa izaten da honen kontra borrokatzea. Horregatik izaten da gehienetan erabiltzen den modua. Hala ere, ikusiko dugunez, enpleatzaileak zenbait betebehar badauzka.

Kalteordainak

12 egun lan egindako urte bakoitzeko, 6 hilabeteko soldataren mugarekin (muga honek esan nahi du kalteordaina ezin dela izan sei hilabetetan jasoko genukeen soldataren kopurua baino altuagoa).

ADI! 12 egunetako kalteordaina 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera sinatutako kontratuen kasuan aplikatzen da. Lan harremana lehenago hasi bazen, kalteordaina 7 egunetakoa baino ez litzateke izango.

Beraz, lehenengo eta behin eguneko soldata kalkulatu behar dugu.

– Eguneko soldata kalkulatzeko, errazena da urteko soldata zati 365 egitea.
Hilabeteko soldataren gainean kalkulatzeko, hilabetekoa zati 30,42 edo, bestela, hilabeteko soldata bider 12 (hilabete) eta emaitza zati 365 (egun). Ez ahaztu aparteko pagak ere kontuan hartu behar direla (prorrateaturik badauzkazu, hilabeteko soldataren barne daude).

Adibidea:
Demagun 15 orduko lanastea daukazula eta 500 euro kobratzen dituzula hilabetean (aparteko pagak prorrateaturik).

500€ x12 (hilabete) = 6.000€ urtean
6.000 / 365 (egun) = 16,43€ izango litzateke zure eguneko soldata

Kalteordaina 12 egun direnez lan egindako urte bakoitzeko, lortu dugun emaitza (16,43€) bider 12 egin beharko genuke.

16,43 x 12 = 197,16 euroko kalteordaina lan egindako urte bakoitzeko.

Demagun lau urtez egon zarela lanean. Orduan urte bakoitzerako kalteordaina bider 4 egin beharko genuke:

197,16 x 4 = 788,64 euroko kalteordaina guztira

Jakina, hemen kalkulu oso borobilak ipini ditugu, zelan kalkulatu errazago erakusteko, baina izan liteke, adibidez, 4 urtez eta hiru hilabete gehiagoz lan egin izana. Kasu horretan, hiru kalteordain-egun gehiago gehitu beharko genituzke (urte bakoitzeko –hau da, 12 hilabeteko- 12 egun badagozkigu, lan egindako hilabete bakoitzeko egun bat dagokigu).

⇒ Orduka lan eginez gero, Espainiako Ministerioak taula bat atera du kalkuluak errazteko. HEMEN kontsulta zenezake:

Orduka edo jardunaldi partzialaz kontrataturik zauden (edo kontrataturik egon beharko zinatekeen) jakiteko, bota begirada bat Zenbat kobratu behar duzu etxeko langilea bazara? orrialdeari. Bertan, gutxieneko soldataz gain, azalduta daukazu, zure kontratua ordukakoa izateko ez dela kontuan hartzen zenbat ordu egiten dituzun astean, baizik eta zenbat egun egiten dituzun etxe horretan urte osoan zehar. 120 egun baino gehiago egiten badituzu, zure kontratua jardunaldi partzialekoa izan beharko litzateke eta ez ordukakoa.

⇒ Bestalde, Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak badauka kalteordainak kalkulatzeko formulario bat. HEMEN kontsulta dezakezu.

Lan harremanaren hasiera eta amaiera datak eta soldata sartzen badituzu bertan, agertuko zaizu zein izan beharko litzatekeen kalteordaina, bai desistimientoagatik, bai eta kaleratze bidegabeagatik ere. Emaitzak hurbilketa bat baino ez dira, baina ideia bat egiteko balio digu.

Prozedura eta enpleatzailearen betebeharrak

• Idatziz jakinarazi behar dizute kontratua bertan behera geratu dela, hau da “desistimiento karta” eman behar dizute. Bertan argi eta garbi agertu behar da enpleatzaileak lan harremana bertan behera utzi nahi duela, “desistimientoagatik”. Praktikan, honek esan nahi du berba hau agertu behar dela dokumentuan.

• Aurreabisua: aldez aurretik abisatu behar dizute. Kontratuak urtebete edo gehiago iraun badu, aurreabisua 20 egunekoa izan behar da; kontratuak urtebete baino gutxiago iraun badu, 7 eguneko aurreabisuaz izan behar da. Hala ere, enpleatzaileak aukera lezake aurreabisurik ez ematea; honen ordez, egun horietako soldata eman beharko lizuke. Hau da, 20 eguneko aurreabisua eman behar badizu, 20 eguneko soldata ordaindu beharko lizuke, aurreabisurik ezean.

• Desistimiento karta ematearekin batera, enpleatzaileak kalteordaina ere ordaindu behar dizu (lehen komentatu dugun 12 edo 7 egunetako kalteordaina, alegia), eta momentu berean egin behar du.

• Jardunaldi osoz lan eginez gero, aurreabisuak irauten duen bitartean, asteko sei ordu libre eman behar dizkizute, beste lan bat topatu ahal izateko.


ADI! Enpleatzaileak ez badizu idatziz jakinarazten, ez bada argi adierazten desestimientoagatik dela edota ez badizu momentuan bertan kalteordaina ordaintzen, KALERATZEA IZAN DELA ulertuko da eta, hortaz, kontziliazio txartela aurkez daiteke, hala onar dezaten eta, gerora, baita epaitegietan salatu ere.

Kaleratzea balitz, kalteordaina altuagoa izango litzateke: 20 egun lan egindako urte bakoitzeko, 12 hilabeteko mugarekin. Beraz, gogoratu: idatziz, “desistimientoagatik” dela argi eta garbi agertu behar da eta kalteordaina momentuan ordaindu behar dizute.

Edozein kasutan, idatzi beti “desados/no conforme”. Gerora erreklamatu nahi izanez gero, errazago izango duzu eta.


Finikitoa

Kalteordaina azaldu dugu, baina ez dugu ahaztu behar lan harremana amaitzen denean finikitoa jasotzeko eskubidea ere badaukagula. Hortaz, kantitate bi jaso beharko genituzke: kalteordainari dagokiona eta finikitoak ekar lezakeena.

Finikitoan honako hauek agertu beharko liratezke:

– Hilabete horretan lan egindako egunei dagozkien soldata zatia (adibidez, ekainaren 20an amaitu badute kontratua, 20 egun horiek).

– Oraindik disfrutatu ez ditugun oporrak. Lan egiten dugun hilabete bakoitzeko opor egunak sortzen edo generatzen ditugu (2,5 opor egun lan egindako hilabete bakoitzeko). Sortu ditugun eta disfrutatu ez ditugun opor egunak dirutan ordaindu behar dizkigute.

– Aparteko pagen zati proportzionala: prorrateaturik badaude, azken lan hilabete horretan tokatzen zaizuna baino ez zenuke jasoko; prorrateaturik ez badaude eta udan eta gabonetan aparteko paga bana jasotzen badituzu, horien parte proportzionala jaso beharko zenuke, lan harremana amaitu den hilabetearen arabera.

– Aurreabisurik eman ez badizute, lehen esan dugun bezala, dagozkiozun 20 edo 7 egun horietako soldata.

Ikus. Zer da finikitoa? artikulua