Zer da finikitoa?

Lan harremana amaitzen denean (arrazoia edozein dela ere), enpresak langileari zenbait kantitate zor dizkio. Enpresak proposamen bat egin behar du idatziz eta bertan azaldu langileari ordaintzeko falta zaizkion kantitate horiek. Hauxe da finikitoa.

Finikitoa eta kalte ordaina ez dira gauza bera. Finikitoa kasu guztietan jaso behar duzu, baina enpresak kaleratu bazaitu, finikitoaz gain, kalte ordaina azaltzen duen dokumentua ere eman beharko dizu edo kaleratze kartan bertan adierazi. Beti ere ez bada kaleratze disziplinarioa, izan ere, kasu horretan ez baitago kalteordainik.

Zer agertu behar da finikitoan?

Finikitoa derrigorrezko dokumentua bada ere, ez dago eredu ofizialik. Edozelan, honako hauek agertu behar dira:

• Enpresak langileari zor dizkion kantitateak:

– Kontratua amaitu den hilabetean lan egindako egunetako soldata. Hau da, lan harremana hilaren 20an amaitu bada, esaterako, lan egindako 20 egun horietako soldata.
– Aparteko pagen zati proportzionala. Urtean lan egindako denborari aparteko pagen ehunekoa edo zati proportzionala dagokio.
– Hartu ez dituzun oporrak. Demagun maiatzean amaitu dela lan harremana: urtean 30 opor egun hartzeko eskubidea badaukazu, hau da, hilabete bakoitzeko 2,5 opor egun, urtarriletik maiatzera lan egindako denboragatik,12,5 opor egun dagozkizu. Enpresak opor egun horiek ordaindu behar dizkizu. Gogoratu egun hauek kontuan hartzen direla langabezia eskatzeko momentuan, 15 lan egunetako epea daukazu langabezia eskatzeko, baina epe hau opor egun horien ostean hasiko litzateke.
– Aparteko orduak. Jadanik egin dituzun, baina enpresak oraindik ordaindu ez dizkizun aparteko orduak.
– Plusak edo bestelako pagak. Zenbait hitzarmenetan irabazien edo produktibitatearen araberako plusak ezartzen dira. Hauen zati proportzionala ere agertu beharko litzateke finikitoan.

Kantitate hauek guztiak gordinean agertu behar dira, eta erretentzio edo kotizazioak euretatik kendu, soldatarekin egin bezala, azken batez soldataren parte baitira.

• Langileak enpresari zor dizkion kantitateak:

– Baliteke langilea zorretan egotea zenbait kantitatetan, hala nola enpresari dirua aurreratzeko eskatu badiozu.
– Bodondatezko baja hartu baduzu enpresan eta ez badituzu aurreabisu egunak errespetatu (normalean 15 egun izaten dira), enpresak egun horiek deskontatu ahal dizkizu finikitoan.
– Egoerarik ohikoena soberan disfrutatutako oporrak izaten dira. Lehen ikusi dugun antzera, urte osoko oporrak hartu eta gero amaitzen bada lan harremana, urrian, esaterako, eta 30 opor egunak hartu badituzu, honek esan nahi du azaroa eta abenduko opor egunak ere hartu dituzula, hau da, dagokizun baino 5 egun gehiago (2,5 egun hilabete bakoitzeko). Kantitate hau ere finikitoan deskontatuko zaizu.

Finikitoa sinatzea

Finikitoa ondo aztertu behar duzu, enpresak adierazten dituen kantitateak zuzenak diren ala ez konprobatzeko. Momentuan egitea nahiko zaila da, horregatik hauxe gomendatzen dizugu:

– Ordezkari sindikala aurrean egoteko eskubidea daukazu. Hau eskatzen baduzu eta enpresak ezetza ematen badizu edo oztopoak ipintzen badizkizu hutsegite larria izango litzateke. Kantitateak momentuan aztertu ezin badira ere, enpresaren presioak edo azpijokoak ekiditzeko garrantzitsua da ordezkaria zurekin batera egotea.
– Finikitoaren kopia eman behar dizute beti. Exijitu ezazu.
– Idatzi beti data: Finikitoa erreklamatzeko urtebete daukazu, baina, enpresak kaleratu bazaitu, baliteke finikitoa nahita atzeratzea, kaleratzea erreklamatzeko epea pasa dakizun (kaleratzea inpugnatzeko 20 lan egun dauzkazu). Hala ere, finikitoa ez jasotzeak ez du kaleratzea erreklamatzeko epea eteten. Kaleratzea eta finikitoa eman ez izana batera salatu ahal duzu. Beti gomendatzen dizugunez, jarri kontaktuan sindikatuarekin kaleratze abisua jaso bezain pronto.
– Sinatu baino lehen, idatzi “desados”/”no conforme”. Honek berebiziko inportantzia dauka. Egin ezean, gerora erreklamazioa egitea askoz zailagoa izango da, sinadurak, berez, finikitoarekin konforme zaudela adierazten baitu.
– Enpresak finikitoa ematen dizunerako, zor dizkizun kantitateak ordainduak izan behar dizkizu. Hau da, finikitoarekin batera txekea edo taloia edo banku transferentzia egin izanaren egiaztagiria ere eman behar dizu. Hau egin ezean, ez fidatu gerora ordainduko dizula zin egiten badizu, ezta berriro kontratatuko zaituela esaten badizu. Ez badizu momentuan ordaindu, sinatu baino lehen idatzi “ez ditut kantitateak jaso”/“cantidades no recibidas”.
– Ez dago soberan “konprobatzeke”/“pendiente de comprobación” ere idaztea.
– Sinadura azken-azken momentuan ipini behar duzu, desadostasuna idatziz adierazi ostean. Hau ere oso inportantea da, zeren eta baliteke hasieran sinatzen baduzu, enpresak beste ezer idazteko denborarik utzi gabe, finikitoaren dokumentua eskuetatik kentzea.

Eta finikitoa besterik gabe sinatu baduzu?

Finikitoa desadostasuna adierazi gabe sinatzeak, berez, likidazioarekin eta lan harremanaren amaierarekin ados zaudela esan nahi du. Hala ere, erreklamatu ahal duzu, baina askoz zailagoa izango da. Enpresak kaleratu bazaitu ikusi zer egin kaleratzen bazaituzte.

Noiz ordaindu behar dizu enpresak finikitoa?

Ematen dizun momentuan ordaindu behar dizu, normalean azken lan egunean izaten da hau. Baliteke esatea nominak ordaintzen dituenean (hilabete amaieran, oro har) zuri ere ordainduko dizula. Hala ere, hori ez da momentu egokia. Gogoratu: idatzi argi ez duzula dirua jaso.

Banku trasferentziaz ordaindu badizu, baliteke pare bat egun beranduago heltzea zure kontu korrontera. Atzerapen hau, beste atzerapen batzuk ez bezala, jurisprudentziak onartzen du, ez baitago enpresaren esku. Edozelan, trasferentzia egin izanaren egiaztagiria eman behar dizute finikitoarekin batera.

Finikitoa ordaintzen ez badizute:

Enpresak ez badizu finikitoaren dokumentua ematen, ziur asko ordaindu ere ez dizu egin. Lehenengo eta behin, enpresari eskatu ahal diozu finikitoa eman eta ordaindu diezazula. Onena burofax bitartez egitea izango litzateke, eskaera erregistratua gelditu dadin epaitegietan salatu behar baduzu. Nolanahi ere, edozein modu erabiltzen duzula enpresari eskaera egiteko, inportanteena da “jasotze agiria” edukitzea.

Esan dugunez, urtebete daukazu finikitoaren ordainketa erreklamatzeko. Epea lan harremana amaitu den momentutik hasten da, hau da, finikitoa eman dizuten edo eman behar zizuten momentutik.

Gogoratu finikitoan agertzen diren kontzeptuak soldataren partea direla, hau dela eta, erreklamatzeko modua ere kontziliazio txartelaren bitartez izango da eta, gerora, salaketa.

Epaitegietan finikitoaren ordainketa erreklamatzen bada, %10eko interesak ere eskatu daitezke, ordainketaren atzerapenagatik.

Finikitoarekin ados ez bazaude:

Finikitoan adierazi denarekin eta, hortaz, enpresak ordaindu dizunarekin ados ez bazaude, esan dugunez, oso inportantea da lehen momentutik “desados” edo “konprobatzeko” edo holakorik idaztea finikitoan bertan.

Kasu honetan ere urtebete daukazu diru kantitateetan dagoen aldea erreklamatzeko. Era berean, lehenengo eta behin kontziliazio txartelaren bitartez egingo da eta, gerora, epaitegietako salaketaren bidez.