Koronabirusa. Alarma egoerarako hartutako neurri sozialak

Alarma egoera, eta honen harira hartzen ari diren aparteko neurriak, eragin zuzena izaten ari dira langilerian eta familien ekonomietan. 8/2020 Dekretuaren bitartez, Madrilgo Gobernuak bi neurri argitaratu zituen arlo sozialari dagokionez:

– Hipoteken moratoria
– Etxeetako hornidura (argia, ura, gasa) bermatzea

Neurri hauek, zenbait egoera latz samurtzeko lagungarriak izan daitezkeen arren, ez dira nahikoak, inondik inora, hainbat herritarren aurrean zabaldu den panorama beltzari eutsi ahal izateko.

Hipoteken moratoria

Neurri hau 8/2020 Dekretuaren 7-16 artikuluetan jorratzen da.

Ezer baino lehen, esan behar da hipoteken inguruko neurri hau gorabehera, ez dela neurririk bat ere ez hartu ALOKAIRUEI dagokienez, ez Madrilgo Gobernuaren, ez Eusko Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuaren aldetik, ezta Hego Euskal Herrian alokairu babestuan bizi diren lagunentzat ere.

“Ez dela inor bere etxetik kanporatua izango” errepikatu zuen Pedro Sánchezek, baina zer gertatzen da alokairuan bizi diren milaka lagunekin? Zer gertatzen da diru-sarrerarik ez daukaten eta, hala ere, lokalaren alokairua ordaintzen jarraitu behar duten autonomoekin?


Estatu mailan grebarako ekimena jarri da martxan, konfinamenduak iraun bitartean alokairuen ordainketa bertan behera uzteko (EHko Eskubide Sozialen Kartak halaxe aldarrikatzen du eta LABek ere bat egin du aldarrikapen eta ekimen honekin). Informazio gehiago eta bat egiteko aukera suspensionalquileres.org webgunean.


  • Zertan datza?

Mailegu hipotekarioen ordainketa atzeratzeko aukera da. Hortaz, alarma egoerak irauten duen bitartean, ez liratezke kuotak ordaindu beharko (martxoko kuota barne); kuota horien ordainketa atzeratuko litzateke eta, gainera, ezin izango litzateke atzerapen hau zigortu.

Neurri honek OHIKO etxebizitzaren HIPOTEKAri baino ez dio eragiten eta ez dago mundu guztiari zuzenduta, baizik eta, COVID-19aren krisiaren ondorioz, zaurgarritasun edo ahuldade ekonomiko egoeran daudenei.

  • Neurri honetaz baliatu ahal izateko baldintzak

Esan bezala, baldintza bi dira:

• COVID-19aren krisiaren ondorioz izatea. Eta bi zehaztapen hauek egiten ditu Dekretuak:
            – Langabezian gelditu diren langileak
            – Diru-sarreren galdera nabarmena edo salmenten jaitsiera nabarmena pairatu duten autonomoak.

• Zaurgarritasun edo ahuldade ekonomiko egoeran egotea. Zelan neurtzen da baldintza hau?

            1- Familia unitatearen diru-sarrerek ez badute gainditzen IPREM adierazlea bider hiru. Hau da:
                IPREM = 537,84€ / 537,84 X 3 = 1.611 €
Hortaz, familia unitatearen diru sarrerak ezin dira 1.611 euro baino gehiagokoak izan.

Kargupean daukazun seme-alaba bakoitzeko, muga hau 53,78 eurotan handituko da (IPREM bider 0,1). Guraso bakarreko familien kasuan, seme-alaba bakoitzeko 80,6 euro izango dira (IPREM bider 0,15). Honetaz gain, familia unitatean 65 urtetik gorako kide bakoitzeko, aipatutako muga 53,78 eurotan handituko da (IPREM bider 0,1).

Familia unitateko kideren batek %33tik gorako desgaitasunik aitorturik badauka, menpekotasun egoeran badago edo gaixotasunen batek lan egitea iraunkorki galarazten badio, diru-sarreren muga IPREM adierazlea bider lau izango da, hau da, 2.151 € (kasu honetan ere muga seme-alabengatik igo liteke).

            2- Bestetik, hipotekak familia unitateari dakarkion gastuaren tamaina ere neurtuko da. Hipotekaren kuota gehi oinarrizko hornikuntzen gastuak diru-sarrera netoen %35 izan behar dira gutxienez. Hortaz, gastuak ez badira famiia unitate osoaren diru-sarreren %35era heltzen, ezin izango litzateke moratoria eskatu.

            3- Azkenik, hipotekak familia unitateari eskatzen dion esfortzu ekonomikoaren igoera ere neurtuko da:
            ∗ hipotekaren zama gutxienez 1,3 biderkatu behar izan da
            ∗ salmenten jaitsiera, gutxienez, %40 izan behar izan da

• Moratoria eskatu aurreko hilabetea hartuko da kontuan. Beraz, apirilean, moratoria eskatzean, martxoko diru sarrerak aurkeztuko genituzke.

• Nor sartzen da “familia unitate” kontzeptu honen pean? Hipoteka ordaintzen duen pertsona, bere ezkontidea edo izatezko bikotekidea eta seme-alabak. Seme-alaben kasuan ez dago adin baldintzarik, baina, hori bai, etxean bizi behar dira. 

  • Zelan egiaztatu baldintza hauek?

– Langabezia egoera: SEPEren egiaztagiria (langabezia prestazioaren edo subsidioaren kopurua bertan adierazita).
– Autonomoak: jarduera amaieraren egiaztagiria (Zerga Agentziak emana).
– Etxean bizi den lagun kopurua: familia liburua, izatezko bikote agiria, errolda agiria.
– Desgaitasuna: desgaitasun ziurtagiria.
– Etxebizitzaren eskriturak eta hipoteka maileguaren agiria.

  • Epeak

Moratoria eskaera aurkeztu ahal izango da, Dekretuaren indarraldia amaitu eta 15 egun beranduagora arte.

Moratoria behin onartuta, bankuak edo kutxak 15 egun izango ditu berau inplementatzeko.


Etxeetako hornidura (argia, ura, gasa)

Neurri hau 8/2020 Dekretuaren 4 artikuluan jorratzen da:

Dekretua indarrean hasi eta hurrengo hilabetean energia elektriko, gas natural eta ur hornitzaileek ezin izango diete horniketa eten, zaurgarritasun, zaurgarritasun larri edo bazterketa sozial arrisku egoeran dauden kontsumitzaileei.

Aipatutako egoera hauek 897/2017 Dekretuan daude azaldurik:

  • Zaurgarritasun egoera:

Baldintza hauetako bat bete behar da:

– Familia unitatearen urteko diru-sarrerak honako hauek izan behar dira
            Familia unitatean adin txikikorik ez badago: IPREM X 1,5 (14 paga), hau da, 11.279,38€ urtean
            Adin txikiko bat baldin badago: IPREM X 2 (14 paga), hau da, 15.039,18€ urtean
            Adin txikiko bi baldin badaude: IPREM X 2,5 (14 paga), hau da, 18.798,97€ urtean
Diru muga hauek hainbat kasutan handitu daitezke. Kontsultatu kasu hauek Dekretuaren 3. artikuluan.

– Familia ugaria izan (gaztelerazko “familia numerosa”, alegia)

– Kontsumitzailea (edo familia unitatean diru-sarrerak jasotzen dituzten guztiak) pentsiodunak izatea, erretiro edo ezintasun iraunkorragatik. Jasotzen dituzten pentsioak gutuxienekoak izan behar dira.

  • Zaurgarritasun larria

Kontsumitzailearen edo familia unitatearen diru—sarrerak ez badira heltzen aurreko atalean azaldu ditugun mugen %50era.

Familia ugarien kasuan, diru sarrerak urteko IPREMa edo gutxago badira (7.519,59€ urtean, alegia).

Gutxieneko pentsioa jasotzen duten pentsionisten kasuan zaurgarritasun larrian daudela ulertuko da IPREM adierazlearen bikoitza jasotzen dutenean: 15.039,18€ urtean.

  • Bazterkeria sozial arriskua

Zaurgarritasun larrian dagoen pertsona eta, honekin batera, administrazio autonomikoaren edo udalaren laguntza jasotzen badu bere fakturaren %50 gutxienez ordaindu ahal izateko.

8/2020 Dekretuak horniduraz ezartzen dituen beste puntu batzuk:
            – Bono soziala automatikoki prorrogatuko da 2020ko irailaren 15era arte, bonoaren indarraldia data hori baino lehenago amaitzen zaien kontsumitzaileentzat.
            -Dekretua indarrean hasten denetik, ez dira eguneratuko propano eta butanoaren prezioak.

Langileak babestu, ez kapitala. Dekalogoa