Bizi laboralean zehar kotizatu barik egondako epealdiei “kotizazio hutsarte” deitzen zaie.

Kotizatu ez badugu ere, pentsioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko momentuan kontuan hartzen dira eta, zelanbait esateko, kotizazio falta hori osatu egiten da “gezurrezko” gutxieneko kotizazio batzuekin.

Gure artikuluan hori guztia azaldu dizuegu eta, horretaz gain, azken pentsio erreformak, genero arrakala dela eta, sartu dituen hobekuntzak ere kontatu dizkizuegu.

Kotizazio hutsarteak erretiro pentsiorako ez ezik, ezintasun iraunkorragatiko pentsiorako ere osatzen dira.

Kotizazio hutsarteak

2023/05/03

— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 209. artikulua
— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 322. artikulua
— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 41. Xedapen Iragankorra
— 2/2023 Lege Dekretua (pentsio erreformarena)

 

Erretiro pentsioa kalkulatzeko, badakizuenez, lehenengo eta behin, oinarri arautzailea kalkulatu behar da, honen arabera izango baita gure pentsioaren zenbatekoa. Oinarri arautzaile hau bizi laboralean zehar egin ditugun kotizazioekin lotuta dago estuki. Honetaz gehiago jakin nahi baduzu, zabal daukazu azalduta hurrengo artikulu honetan:

Pentsioa kalkulatzeko epealdi zehatz bat hartzen da kontuan. Pentsio erreformek epealdi hau luzatzen joan dira etengabean: 2013ko pentsio erreforma baino lehen, azken 15 urteetako kotizazioak hartzen ziren kontuan (180 hilabete). Ordudanik, kalkulurako epealdia 25 urtetara luzatu zen. Urtez urte joan ziren hori burutzen, progresiboki, 2022. urtera arte. Iaztik 25 urteren (300 hilabeteren) gainean egiten da kalkulua. Aurten, 2023an, ordea, azken erreformaren ondorioz, berriro luzatu da epealdi hau (27 urtetara).

Azken aldaketa hau 2026an hasiko da indarrean, nahiz eta, denbora tarte batez, 25 urteren gaineko kalkulua ere egingo den eta bietatik emaitzarik probetxugarriena aplikatuko den. Azken pentsio erreformaz gehiago jakin nahi baduzu:

Kotizazio hutsarteak

Jakina, honelako epealdi luzea kontuan hartzen denez, oso ohikoa da urte horietan guztietan zehar zenbait momentutan kotizatu ez izana, hainbat arrazoirengatik, lana galdu dugulako, zaintza betebeharrengatik lana utzi behar izan dugulako eta abar.

Bizi laboralean zehar kotizatu barik egondako epealdiei “kotizazio hutsarte” deitzen zaie (gaztelerazko “lagunas de cotización”). Kotizatu ez badugu ere, pentsioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko momentuan kontuan hartzen dira eta, zelanbait esateko, kotizazio falta hori osatu egiten da “gezurrezko” gutxieneko kotizazio batzuekin. Kotizazio hutsarteak erretiro pentsiorako ez ezik, ezintasun iraunkorragatiko pentsiorako ere osatzen dira. Formula honako hau da:

⇒ Hutsarteen lehenbiziko 48 hilabeteak (4 urte) gutxieneko oinarriaren %100az kalkulatzen dira eta hortik aurrerako hilabeteak gutxieneko oinarriaren %50az.

Adibidez, demagun datorren urtean, 2024an, alegia, erretiratu behar zarela. Azken erreforma 2026ra arte ez denez indarrean hasiko, azken 300 hilabeteetako (hau da, azken 25 urteetako) kotizazioak hartuko lirateke kalkulua egiteko. Baliteke 300 hilabete horietatik 55 kotizatu gabe edukitzea, langabezian geratu zarelako, adibidez.

Izan kontuan langabezia prestazioa jasotzen duzun bitartean kotizatu egiten duzula, baina langabezia subsidioagatik ez (52 urtetik gorakoentzako subsidioa salbuespena da, gutxieneko oinarriaren %125agatik kotizatzen baitu); era berean, beste egoera berezi batzuk kotizatutzat jotzen dira, hala nola zaintza betebeharrengatiko eszedentziak.

Bada, orotara, 55 hilabetez egon zara kotizatu barik. Berdin da etenaldi hau segidan edo zure bizi laboralaren momentu ezberdinetan izan den. Hutsarte horiek honelaxe osatuko lirateke: 48 hilabete gutxieneko oinarriarekin (%100arekin) eta gainontzeko 7 hilabeteak gutxieneko oinarriaren %50arekin.

Nahiz eta kotizatu ez dituzun hilabete horiek “kotizatutzat” jo, esan barik doa pentsioaren zenbatekoa jaitsi egingo dela, gutxienekoekin osatzen baitira. Hortaz, zenbat eta epealdi luzeagoa ezarri pentsioaren kalkulurako, orduan eta aukera gehiago izango ditugu halako hutsarteak izateko eta, beraz, gure pentsioaren zenbatekoa jaisteko.

Gutxieneko kotizazio oinarria zein den jakin nahi baduzu, beste artikulu honetan kontsulta dezakezu:

Genero arrakala eta kotizazio hutsarteak

Pentsio arrakala 600 euro baino gehiagokoa da eta emakume pentsionisten erdia baino gehiago pobrezia mugatik behera bizi dira. Faktore anitzek azaltzen dute egiturazko desberdinkeria hau: soldata arrakala oraindik da jasanezina (Hego Euskal Herrian emakumezkoek gizonezkoek baino 6.200 euro gutxiago kobratzen dute batez beste), zaintza betebeharrak ere oraindik daude andrazkoen bizkar gainean eta, hortaz, emakume askoren lan ibilbideek etenaldi luzeak izate dituzte.

2/2023 Lege Dekretuak kotizazio hutsarteak osatzeko modua hobetu du emakumezkoei begira. Honela, pentsioen oinarri arautzailea kalkulatzeko momentuan, honelaxe osatuko dira hutsarteak:

⇒ Kotizazio hutsarte hauetako lehenbiziko 60 hilabeteak (5 urte) gutxieneko oinarriaren %100az kalkulatuko dira. 61. hilabetetik 84.era (6. eta 7. urteak) gutxieneko oinarriaren %80az eta gainontzekoak gutxieneko oinarriaren %50az.

Hau emakumezkoei aplikatuko zaie genero arrakala %5 baino handiagoa den bitartean.

Bestetik, gizonezkoei ere aplikatuko zaie, beti ere beren bizi laborala seme-alaben zaintzagatik etena izan bada. Hortaz, honako egoeraren batean egon beharko lirateke:

• 1994ko abenduaren 31ra arte jaiotako edo adoptatutako umeen kasuan: 120 egun baino gehiago izan behar ditu kotizatu gabe, umea jaio aurreko bederatzi hilabeteetan eta jaio edo adoptatu ondorengo hiru urteetan zehar.

• 1995eko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako edo adoptatutako umeen kasuan: jaiotza edo adopzioaren ondorengo 24 hilabeteetako kotizazio oinarriak %15 baxuagoak izan behar dira, jaio edo adoptatu aurreko 24 hilabeteetako kotizazio oinarriekin konparatuta.

Egoera hauek genero arrakalagatiko osagarria eskuratzeko gizonezkoei eskatzen zaizkien berberak dira. Hala ere, kotizazio hutsarteak hobetzeko, ez da beharrezkoa izango osagarriaren jasotzailea izatea, ezta bikotekideak baino pentsio baxuagoa edukitzea ere.

Neurri hau 2026ko urtarrilaren 1ean hasiko da indarrean. Ordura arte, emakumezkoen kotizazio hutsarteak arau orokorraren arabera osatuko dira.