Gazteleraz “asuntos propios” moduan ezagutzen ditugun egun hauen nondik-norakoak azalduko dizkizuegu hemen. Funtzionarioen kasuan egun hauei “egun moskosoak” deitzen zaie eta erregulazio propioa daukate. Artikulu honetan, ordea, sektore pribatuan aritzen diren langileen egoera aztertuko dugu.

Zeintzuk langilek daukate egun hauek hartzeko eskubidea? Zelan eskatu behar dira? Enpresak ukatu ahal dizkigu? Eta enplegua erregulatzeko aldi baterako espedientean (“ERTE”an) egon bagara, galtzen dira?

Zalantza hauek eta gehiago argitzen ahalegindu gara azken artikulu honetan:

👉🏼 IRAKURRI GEHIAGO

Norberaren eginkizunetarako egunak (sektore pribatuan)

2021/09/16

Gazteleraz “asuntos propios” moduan ezagutzen ditugun egun hauen nondik-norakoak azalduko dizkizuegu hemen. Funtzionarioen kasuan egun hauei “egun moskosoak” deitzen zaie eta erregulazio propioa daukate. Artikulu honetan, ordea, sektore pribatuan aritzen diren langileen egoera aztertuko dugu.

Zer dira?

Langileek -zenbaitek- norberaren eginkizunetarako egunak har ditzakete eta lanera huts egin. Egun hauek hartzeko arrazoia edozein izan daiteke eta, gainera, ez da beharrezkoa enpresari azaltzea arrazoi hori zein den. Hau da, eguna libre har dezakegu enpresari azalpenik eman gabe. Kontuz! Azalpenik eman behar ez izateak ez du esan nahi aldez aurretik abisatu behar ez dugunik, geroxeago ikusiko dugunez.

Langile guztiek honelako egunak hartzeko eskubidea al daukate?

Ez. Norberaren eginkizunetarako egunak ez daude Langileen Estatutuan jasota.

Izan ere, Langileen Estatutuak, 37. artikuluan, egun libreak eta baimenak jasotzen ditu (ezkontzagatik, etxez aldatzeagatik, senideen ospitaleratze edo heriotzagatik…). Hauek guztiak baimen ordainduak dira eta, disfrutatu ahal izateko, beharrezkoa da enpresari arrazoia justifikatzea. Egun libreen inguruko informazio guztia beste artikulu honetan kontsulta dezakezu: Egun libreak edota baimen ordainduak.

Hala ere, esan bezala, Langileen Estatutuak ez du ezer aipatzen norberaren eginkizunetarako egunen inguruan. Beraz, ez da sektore pribatuko langile guzti-guztiek aitortuta daukaten eskubide bat. Edozelan sektore eta enpresa askotan honelako egunak disfrutatzeko eskubidea badaukagu. Hortaz, honelako egunik har dezakezun jakiteko, ezinbestez, zure hitzarmen kolektiboa edo enpresa ituna kontsultatu beharko duzu.

Zure hitzarmena bilatu nahi baduzu, orrialde HONETAN, hainbat hitzarmenen zerrendaz gain, hitzarmen bilatzailea ere aurkituko duzu.

Baliteke hitzarmenean “norberaren eginkizunetarako egunak/ días de asuntos propios” izen zehatzarekin ez islatzea. Edozelan, beste izen batekin bada ere, baliteke onartuta izatea hainbat lanegun libre hartu ahal dituzula enpresari arrazoia emateko premia barik.

Zelan eskatu?

Lehenengo eta behin, kontsultatu hitzarmena. Bertan azal daiteke ze prozedura jarraitu behar duzun  eta zenbat egun lehenago abisatu behar duzun.

Hala eta guztiz, hainbat hitzarmenetan ez da aparteko informaziorik ematen. Zenbat egun dagozkizun zehaztera mugatzen dira. Honelakoetan garrantzizkoa izango da hiru puntu hauek jarraitzea:

  • Denboraz abisatu.

Beti abisatu beharko dugu aldez aurretik. Denbora nahikoaz egiteko gomendatzen dizuegu, enpresak, geroago ikusiko dugunez, ukatu ahal dizulako. Ez diezaiogun, beraz, ukapenerako aitzaikiarik eman. Zenbat egun dira nahikoak? Langileen Estatutuak, lehen komentatu ditugun egun libreak edo baimenak hartzeko, ez du zehazten zenbat egun lehenago jakinarazi behar den. Hitzarmenak ere ez balu ezer ekarriko, norberak daki beste inork baino hobeto zein izaten den bere enpresako jarrera. Baina, ideia bat egiteko, beste kasu batzuetan aurreabisua 15 egunekoa izaten da. Honek ez du esan nahi denbora gutxiagorekin abisatu ezin denik; zenbait hitzarmenetan, esaterako, norberaren eginkizunetarako egunak hartzeko aurreabisurako epea astebetekoa da.  

  • Idatziz eskatu.

Beti izaten da gomendagarria enpresari egiten dizkiogun eskaera guztiak idatziz izatea. Idatziz eta, ahal dela, enpresak zigilatzeko eskatuko dugu eta kopia bat guretzat gordeko dugu. Horrela, komunikazio hori jaso egin dutela frogatu ahal izango dugu eta, arazorik egotekotan, ezin izango dute esan horren berririk ez daukatenik. Idatzi horretan honako datuak jarri beharko ditugu:

— Tokia eta data
— Nori zuzentzen diogun
— Gure datu pertsonalak (izen-abizenak, NAN, ze zentrotan eta ze postutan aritzen garen…)
— Zeintzuk egun hartu nahi ditugun
— Sinadura

  • Ez da beharrezkoa arrazoitzea.

Esan bezala, ez da beharrezkoa arrazoirik ematea eta enpresak ezin zaitu horretara behartu. Eskaera egiten duzunean, nahi baduzu, jarri “arrazoi pertsonalengatik” hartu nahi dituzula.

Egun horietako soldata jasotzen da?

Oro har, sektore pribatuan norberaren eginkizunetarako egunak ez dira egun ordainduak izaten eta, hortaz, nominatik egun horietako soldata kenduko dizute.

Hala ere, hitzarmen kolektiboan edo enpresa itunean adierazten bada egun horiek lan efektiboko egunak direla edo baimen ordaindutzat jotzen badira, egun horietako soldata berdin-berdin jasoko duzu.

Enpresak ukatu ahal dizu

Hitzarmenek edo itunek, zenbaitetan, baldintza batzuk jartzen dituzte honelako egunak hartu ahal izateko. Baldintza hauek izan daitezke, esaterako, X langilek baino gehiagok ezin dutela aldi berean eskatu edo sasoi zehatz batzuetan ezin direla hartu, hala nola, oporrekin edo zubiekin batera. Beraz, begiratu ondo horrelako baldintzarik bete behar ote duzun.

Edozelan eta edozein kasutan, enpresari eskatu behar zaizkio eta enpresak bere oniritzia eman behar digu. Eta baliteke enpresak ukatzea. Hori bai, behar bezala arrazoitu beharko luke ukapen hau. Esan nahi baita, antolakuntza arrazoiengatik izan behar da eta behar bezala justifikaturik egon behar da. Hala egin ezean, enpresaren erabakia salatu ahal da eta salaketan kalte-galerak ere eskatu.

Enpresak ukatzen badizu, ez egin huts lanera egun horretan. Kaleratze arrazoia izan liteke hori.

Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean (“ERTE”an) egon bazara

Norberaren eginkizunetarako egunak ez dira galtzen espedientean egon izanagatik. Izan ere, 2021eko ekaineko ebazpen baten bitartez, Entzutegi Nazionaleko Lan Arloko Auzitegiak ezarri du langileek eskubidea daukatela horrelako egunak disfrutatzeko “osotasunean, eta ez proportzionalki lan harremana etenda egon den denboraren arabera”.  

Epaitu zen kasuan enpresak baimen hauek ukatu zizkien langileei, urte osorako aurreikusita zeuden egun guztiak ez zegozkiela argudiaturik eta, hortaz, lanean egon ziren denboraren zati proportzionala baino ezin zutela hartu.

Auzitegiak, ordea, langileei eman zien arrazoia, “zenbat denbora egon den langilea aldez aurretik zerbitzuak efektiboki ematen ez duelako baldintzatzen norberaren eginkizunetarako egunak hartzea”. Bestela esanda, urtean disfrutatu ahal diren egun guztiak hartzeko eskubidea daukatela, nahiz eta urte horretan hainbat denboraz espedientean egon eta, hortaz, efektiboki lan egin barik. Eta zera gehitzen du, bete beharreko baldintza bakarrak hitzarmenak ezartzen dituenak direla.

Ebazpen hau kontsultatu nahi izanez gero, HEMEN egin dezakezue.

Urte batean ez badituzu egunak erabili

Norberaren eginkizunetarako egunak urtean bertan erabili behar dira. Hau da, ezin dira aurreragorako gorde. Beraz, urte batean ez badituzu disfrutatu, galdu egingo dituzu.

Hala ere, honetarako ere kontsultatu zer dakarren hitzarmenak.