Zer egin 200 euroko dirulaguntza eskatzeko?
2023/02/20
20/2022 Dekretua, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko neurrien ingurukoa. 74. artikulua
Araba: 90/2023 Agindu Forala
Bizkaia: 11/2023 Agindu Forala
Gipuzkoa: 384/2022 Agindu Forala
Nafarroa: 2E/2023 Agindu Forala
Diru-sarrera baxuak dituzten herritarrei bideratutako 200 euroko dirulaguntza da. Ez da laguntza berria; aitzitik, iaz ere bazegoen martxan. Hala ere, hainbat kontu aldatu dira, besteak beste, diru-sarreren maila (14.000tik 27.000ra altxatu da), familia unitatean sartzen diren kideak, baita balizko jasotzaileak ere (aurreko laguntza edozein langabetuk eskatu ahal zuen, prestazio edo subsidioaren jasotzailea izan ala ez; laguntza berri hau, ordea, ezin izango dute eskatu langabezia prestazio edo subsidiorik jaso ez duten langabetuek).
Espainiako estatuaren menpeko dirulaguntza bada ere, EAE eta Nafarroako Foru Aldundiek kudeatuko dute eta, hortaz, horiexei eskatu beharko diegu.
Aurrera jarraitu baino lehenago, abisatu behar dizuegu, internetez eskatu behar da, horixe da modu posible bakarra. Administrazioak ondo baino hobeto daki hau modu paregabea dela hainbat eta hainbat lagun kanpoan uzteko. Ahaleginduko gara, beraz, ahalik eta argien azaltzen.
Nork eskatu ahal du?
2022an lan egin dutenek, bai soldatapeko moduan, bai autonomo moduan edo langabezia prestazioa edo subsidioa jaso dutenek. Hortaz…
Ezin izango dute eskatu ez pentsiodunek, ez eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen dutenek ere, nahiz eta diru-sarrera baxuak izan. Era berean, enplegu eskatzailetzat izena emanda dauden pertsonek, ez badute langabezia prestazio edo subsidiorik jaso, ezin izango dute diru-laguntza hau eskatu.
Gehienezko diru-sarrerak
- 2022ko gehienezko diru-sarrerak: 27.000 euro gordin
- Gehienezko ondasuna: 75.000 euro
ADI! Norberaren diru-sarrerez eta ondasunaz gain, familiakoak ere kontuan izango dira. Kalkuluak egiteko, honako hauek ere sartuko dituzte familia unitatean eta, hortaz, euren errentak ere zenbatuko dituzte:
– Bikotekidea
– 25 urtetik beherako seme-alabak edo desgaitasunak dituzten seme-alabak (edozein adinetakoak), beri ere zurekin batera bizi direnak eta 8.000 euro baino gutxiago kobratzen dutenak. (PFEZren inguruko 35/2006 Legearen 58. artikulua)
– Zurekin batera bizi diren guraso edo aitaita-amamak
Zenbateko laguntza da?
200 euroko diru-laguntza da, ordainketa bakar batez jasoko dena.
Laguntza hau hurrengo urteko errenta aitorpenean deklaratu beharko da. Hau da, zergapetua izango da eta irabazitzat hartuko da 2024n egingo dugun PFEZ aitorpenean.
Eskatzeko epea
2023ko otsailaren 15etik martxoaren 31ra arte
Non eskatu behar da?
Esan bezala, laguntza estatala izan arren, Foru Aldundiek kudeatuko dute, Ogasun Foralek, zehazkiago.
Eskaera online izan behar da derrigor. Ez dago aurrez aurre egiteko aukerarik.
Honako orrialde hauetatik egin behar da (zuzenean sartuko zara dirulaguntza eskatzeko orrialdera):
ARABA
BIZKAIA
GIPUZKOA
NAFARROA
Identifikazio elektronikorako moduren bat beharko duzu. Ziurtagiri digitala badaukazu, berau erabil zenezake lau herrialdeetan. Nafarroan NAN elektronikoarekin ere sar zaitezke. Hauen ezean, beste aukera batzuk badaude, baina ezberdinak dira EAE eta Nafarroarako. EAEn, Bak eta BakQ sistemak erabiltzen dira administrazioarekiko izapideetarako; Nafarroako administrazioan, ordea, Cl@ve erabiltzen da.
Identifikazio elektronikoa EAEn
Oraintxe eman ditugun orrialdeetara sartu eta izapidea egiten hasten bazara, lehenengo eta behin, Izenpen identifikatu beharko zara. Oraintxe esan bezala, hiru modu daude, oro har, EAEko administrazioarekin izapideak egiteko: ziurtagiri digitala, Bak edo BakQ. Orrialde hau zabalduko zaizu (Gipuzkoako Aldunditik sartutakoan topatuko genukeena jarri dugu, baina beste biak berdin-antzekoak dira):