Azken Dekretu honekin, agidanez, pentsio sistemaren azken erreformarekin amaitu du Madrilgo Gobernuak. Eta, laburbilduz, ezer baino lehen, esan behar da Gobernuaren eta CCOO eta UGT sindikatuen artean lotutako akordio hau urriegia dela, ez baitu pentsio duinik bermatzen. Azken urteotan, erreformaz erreforma, erretiroa hartzeko baldintzak gogortzen joan dira eta, sistemaren iraunkortasunaren izenean, pentsioen sistema publikoa ahulduz joan da. Ezinezkoa da pentsio duinak bermatzea aurreko murrizketa horiek guztiak lehengoratu gabe.
Dekretu honetako neurri batzuk diru-bilketa areagotzera bideratuta daude. Hau positiboa da, baina ez da nahikoa: Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa eta elkartasun kuota labur gelditzen dira eta, gainera, gehienezko kotizazio oinarriak altxatu diren arren, ez zaie topea kendu.
Bestetik, pentsioen gastua ere murriztu nahi da, legean bertan azaldu moduan. Eta, denok dakigu zer esan nahi duen pentsioen gastua murrizteak, hartutako neurri batzuen ondorioz gure pentsioak jaitsiko direla. Horrelaxe gertatuko da kasu gehienetan, esaterako, pentsioen kalkulurako sartu den aldaketarekin: urte gehiago hartuko dira aintzat.
Azken dekretu honek hainbat eta hainbat puntu ikutu ditu eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra hainbat artikulutan moldatu du. Hemen aldaketa nagusienak laburbildu dizkizuegu, baina, horretaz gain, bakoitza zabalago azalduko dugu dagokion artikulu espezifikoan.
Honako eduki hauek aurkitu ahal izango dituzue artikulu honetan:
• Pentsioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko modu berria
• Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa
• Gehienezko oinarriak eta gehienezko pentsioak
• Elkartasun kuota
• Gutxieneko pentsioak
• Genero arrakalagatiko osagarria eta kotizazio hutsarteak
• Autonomoen kotizazio hutsarteak
• Praktikak egiten dituzten ikasleak
• Minbiziak edo gaixotasun larriren batek jota dauden seme-alabak zaintzeko prestazioa
• Zaintza betebeharrengatiko eszedentziak eta jardunaldi murrizketak
• Jaiotza eta adin txikikoen zaintzagatiko prestazioa