Erretiroagatiko pentsio kontributiboa
2018/02/26
Azken eguneraketa: 2023/01/11
Zenbat urterekin erretiratu ahal gara?
Pentsio erreformen atalean azaldu dugunez, 2011an jubilazio adina 67 urtera atzeratu eta kotizatu beharreko urteak luzatu zituzten. Hemen daukazu taula:
URTEA | Zenbat urte kotizatuta | Zenbat urterekin |
2017 | Gutxienez 36 urte eta 3 hilabete | 65 urte |
36 urte eta 3 hilabete baino gutxiago | 65 urte eta 5 hilabete | |
2018 | Gutxienez 36 urte eta 6 hilabete | 65 urte |
36 urte eta 6 hilabete baino gutxiago | 65 urte eta 6 hilabete | |
2019 | Gutxienez 36 urte eta 9 hilabete | 65 urte |
36 urte eta 9 hilabete baino gutxiago | 65 urte eta 8 hilabete | |
2020 | Gutxienez 37 urte | 65 urte |
37 urte baino gutxiago | 65 urte eta 10 hilabete | |
2021 | Gutxienez 37 urte eta 3 hilabete | 65 urte |
37 urte eta 3 hilabete baino gutxiago | 66 urte | |
2022 | Gutxienez 37 urte eta 6 hilabete | 65 urte |
37 urte eta 6 hilabete baino gutxiago | 66 urte eta 2 hilabete | |
2023 | Gutxienez 37 urte eta 9 hilabete | 65 urte |
37 urte eta 9 hilabete baino gutxiago | 66 urte eta 4 hilabete | |
2024 | Gutxienez 38 urte | 65 urte |
38 urte baino gutxiago | 66 urte eta 6 hilabete | |
2025 | Gutxienez 38 urte eta 3 hilabete | 65 urte |
38 urte eta 3 hilabete baino gutxiago | 66 urte eta 8 hilabete | |
2026 | Gutxienez 38 urte eta 3 hilabete | 65 urte |
38 urte eta 3 hilabete baino gutxiago | 66 urte eta 10 hilabete | |
2027tik aurrera | Gutxienez 38 urte eta 6 hilabete | 65 urte |
38 urte eta 6 hilabete baino gutxiago | 67 urte |
Kasu guztietan, erretiroagatiko pentsio kontributiboa jaso ahal izateko, gutxienez gure bizi laboral osoan 15 urtez kotizatu behar izan dugu. Eta, honetaz gain, urte hauetatik gutxienez 2 izan behar dira jubilazioa eskatu baino lehenagoko 15 urteetan zehar. Betebehar hauei gabezia generikoaren betebeharra (“requisito de carencia genérica”) eta gabezia espezifikoaren betebeharra (“requisito de carencia específica”) deitzen zaie, hurrenez hurren.
Zer da oinarri arautzailea?
Oinarri arautzaileak pentsioan zenbat jasoko dugun ezartzen du. Aplikatuko zaigun oinarri arautzailea kalkulatzeko, azken urteetako kotizazio oinarria hartu behar dugu kontuan. Kotizazio oinarria nominan azalduta dago.
2013ko pentsio erreforma baino lehen, azken 15 urteetako kotizazioak hartzen ziren kontuan (180 hilabete), baina hau 25 urtetara luzatu zen. Urtez urte ari dira hau burutzen, 2022ra arte, jarraian datorren taularen arabera:
Urtea | Kotizazio urteak | Hilabeteak / zatitzailea |
2013 | 16 | 192 / 224 |
2014 | 17 | 204 / 238 |
2015 | 18 | 216 / 252 |
2016 | 19 | 228 / 266 |
2017 | 20 | 240 / 280 |
2018 | 21 | 252 / 294 |
2019 | 22 | 264 / 308 |
2020 | 23 | 276 / 322 |
2021 | 24 | 288 / 336 |
2022 | 25 | 300 / 350 |
Honela, adibidez, 2023an gure oinarri arautzailea zein den jakiteko, honako eragiketa hau egin beharko genuke: azken 300 hilabeteetako kotizazio oinarriak zati 350.
Kotizatu dugun urte kopuruaren arabera, oinarri arautzaileari portzentajeren bat edo beste bat aplikatuko zaio. Erretiroagatiko pentsioa jasotzeko, gutxienez 15 urte izan behar ditugu kotizaturik; kasu honetan oinarri arautzailearen %50 jasoko genuke. Zenbat eta urte gehiago kotizaturik eduki, orduan eta portzentaje altuagoa. Lehen ikusi dugunez, %100 jasotzeko, erreformaren ostean, 37 urte kotizaturik izan beharko ditugu.
Erreformaren ostean, portzentajeak honelaxe geratu ziren:
APLIKAZIO EPEA | LEHEN 15 URTEAK | URTE GEHIGARRIAK | GUZTIRA | |||||
URTEAK | % | HILABETE GEHIGARRIAK | KOEFIZIENTEA | % | URTEAK | URTEAK | % | |
2013tik 2019ra | 15 | 50 | 1etik 163ra gainerako 83ak | 0,21 0,19 | 34,23 15,77 | |||
15 | 50 | Guztira 246 hilabete | 50,00 | 20,5 | 35,5 | 100 | ||
2020tik 2022ra | 15 | 50 | 1etik 106ra gainerako 146ak | 0,21 0,19 | 22,26 27,74 | |||
15 | 50 | Guztira 252 hilabete | 50,00 | 21 | 36 | 100 | ||
2023tik 2026ra | 15 | 50 | 1etik 49ra gainerako 209ak | 0,21 0,19 | 10,29 39,71 | |||
15 | 50 | Guztira 258 hilabete | 50,00 | 21,5 | 36,5 | 100 | ||
2027tik aurrera | 15 | 50 | 1etik 248ra gainerako 16ak | 0,19 0,18 | 47,12 2,88 | |||
15 | 50 | Guztira 264 hilabete | 50,00 | 22 | 37 | 100 |
Azkenik, gogoratu behar dugu, pentsioaren oinarri arautzailea hilabete guztien bataz bestekoa denez, emaitza ez dela izango azkenengo kotizazio oinarriaren berbera. Normalean, baxuagoa izaten da eta, hortaz, pentsioa azken soldata baino txikiagoa, oro har.
Hainbateko denboraz kotizatu gabe egon bazara:
Bizi laboralean zehar kotizatu barik egondako denboraldiei “kotizazio hutsarte” deitzen zaie (“lagunas de cotización”). Kotizatu ez badugu ere, sasoi hauek bai hartzen dira kontuan oinarri erregulatzailea kalkulatzeko.
Hutsarteen lehenbiziko 48 hilabeteak momentuan indarrean dagoen gutxieneko oinarriaz kalkulatuko dira eta hemendik aurrerako hilabeteak gutxieneko oinarriaren %50az. Hau Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorreko langileentzat da. Hau da:
– Ez kotizatutako sasoiak, gehienez 48 hilabete (4 urte):
Momentu eta kasu bakoitzerako gutxieneko kotizazio oinarriaz betetzen dira
– Bizi laboralaren beste hutsarte guztiak:
Gutxieneko kotizazio oinarriaren %50
Jardunaldi partzialaz lan egin baduzu, kotizazioa eten den momentuan lan egiten zenituen orduak hartuko da kontuan. Esaterako jardunaldiaren 2/3 lan egiten egon bazara, gutxieneko kotizazio oinarriaren 2/3 aplikatuko zaizu.
Zaintza lanengatik jardunaldia murriztu baduzu edo eszedentzia hartu baduzu, honako kasu hauetan ez da kotizazioa jaitsiko, %100agatik kotizatuko duzu berdin-berdin (Langile Estatutuaren 46.3 eta 37.6 artikuluak):
– Zaintza legal (“guarda legal”) kasuan egon bazara: egoera honetan emandako lehen bi urteetako kotizazioak.
– Senide bat zaintzeko jardunaldia murriztu behar izan baduzu: egoera honetan eman duzun lehen urteko kotizazioak.
– Seme-alabak zaintzeko eszedentzia hartu baduzu: lehen hiru urteetako kotizazioak.
Langile Autonomoen Erregimen Berezian kotizatu izan duten langileentzat, ordea, kotizazio hutsarte hauek ez daukate kalkuluan txertatzeko formularik; hau da, kotizatu diren urteak baino ez dira kontuan hartzen kalkulua ateratzeko.
Desgaitasun mailaren bat egiaztaturik badaukazu
Desgaitasun mailaren bat badaukazu lehenago erretiratzeko aukera daukazu.
– %65eko desgaitasuna badaukazu: Lan egin duzun denborari 0,25 koefizientea aplikatzen zaio (eta 0,50 koefizientea, baldin eta eguneroko bizitzarako norbaiten laguntza beharrezkoa daukazula egiaztatu ahal baduzu). Honek, zelanbait esateko, kotizazio urteak “luzatzen” ditu eta, hortaz, erretiro adina aurreratu. Edozein modutan, ezin izango zara 52 urte izan aurretik jubilatu.
– %45eko desgaitasuna badaukazu zerrendatuta dauden gaixotasunengatik: Ez da koefizienterik aplikatzen. 56 urterekin jubilatzeko aukera ematen da, edozein kasutarako.