Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa (BEM)
2023/02/06
• 21/2021 Legea, pentsioen erosahalmena bermatzeko eta pentsio sistema publikoaren iraunkortasun finantzario eta soziala indartzekoa, Azken Xedapenetako Laugarrena
• 31/2022 Legea, Estatuaren 2023rako Aurrekontu Orokorrena, 122 artikulua, 14. atala
• PCM/74/2023 Agindua, urtarrilaren 30ekoa, Gizarte Segurantzari kotizaziorako arau legalak garatzen dituena
Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa (BEM) 2023ko urtarrilean martxan jarri den kotizazio kontzeptu berri bat da. 0,6 puntukoa da, enpresa eta langile artean ordaindu beharrekoa (%0,5 enpresak eta %0,1 langileak). Gizarte Segurantzaren diru-sarrerak handitzea dauka helburutzat, pentsioen ordainketari aurre egiteko, eta iraunkortasun faktorea ordezkatzera dator.
Iraunkortasun faktorea indargabeturik
Hortaz, bitarteko berri hau iraunkortasun faktorea indargabetzera dator. Gogora dezagun iraunkortasun faktorea PPren Gobernuak 2013ko pentsioen erreformarako asmaturiko murrizketa tresna izan zela (23/2013 Legea, iraunkortasun faktorea eta pentsio sistemaren errebalorizazio indizea arautzen dituena).
Iraunkortasun faktorea 2019an indarrean sartu behar bazen ere, 2018rako Aurrekontu Orokorren Legean atzeratu egin zen. Hala ere, legean bertan adierazten zenez, iraunkortasun faktorea, beranduenez, 2023ko urtarrilean hasi behar zen martxan. Bada, data hori bete orduko, indargabetu egin da eta BEM edo Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa hasi da indarrean.
Sistema biek ez daukate zerikusi handirik. BEM kotizazio kontzeptu berria da, Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsa handitzeko erabiliko dena; iraunkortasun faktorea, ordea, 2023tik jasotzen hasiko ziren pentsioak murriztera zetorren.
Izan ere, iraunkortasun faktorea eragiketa matematiko konplexua zen, bizi-itxaropenaren aurreikuspenetan oinarritzen zena. Eragiketa horren emaitza portzentajea izango zen, beti-beti %100 baino txikiagoa. Honek esan nahi zuen emaitza, adibidez, %90 izanez gero, pentsioa %10 murriztuko zela.
Esan bezala, iraunkortasun faktore hau derogaturik geratu da (21/2021 Legea) eta ez da martxan jarriko.
Zertan datza Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa?
Kotizazio kontzeptu berri hau 21/2022 Legean ezarri zen eta 2023ko urtarrilean aplikatzen hasi da.
Bilduko den zenbatekoa %0,6 izango da, enpresa eta langileen artean banandurik (kotizazioak banatzeko ohiko egiturari jarraiki). Honela:
– Langileak %0,1 ordainduko du
– Enpresak %0,5 hartuko du bere gain
BEM gertakizun edo kontingentzia arrunten kotizazio oinarriari aplikatuko zaio. Hortaz, guztira, gertakizun arruntengatiko kotizazioa honako hau izango da:
– Orotara: %28,90 (%28,30 + %0,6)
– Enpresak: %24,10 (%23,60 + %0,5)
– Langileak: %4,80 (%4,70 + %0,1)
Kotizazio berri honek helburu finalista du. Hau da, hortik jasotzen den diru guztia -eta sortzen duen errendimendu ekonomikoa- Gizarte Segurantzaren Pentsioen Erreserba Funtsera bideratuko da, gastu-mailan egon daitekeen balizko desbiderapenari aurre egiteko.
Noiz arte aplikatuko da?
Kotizazio berri hau 2032. urtera arte egongo da indarrean (10 urtez, beraz).
Denbora hau behin pasaturik, egiaztatuko da ea pentsioen gastuan desbiderapenik aurreikusten ote den 2050. urterako. Aurreikuspenetarako, Europako Komisioaren Ageing Report txostena erabiliko da. Egiaztapen hau hiru urtetan behin egingo da. Desbiderapena %0,2ra helduko balitz, Erreserba Funtsa erabiliko litzateke, baina zenbateko hori baino handiagoa balitz, legean ohartarazten denez, neurri berriak hartuko lirateke.
Balizko neurri berri horien artean, honakoak aipatzen dira: kotizazioak handitzea edo bestelako sistemaren bat erabiltzea diru-bilketa areagotzeko edota pentsioen gastua jaistea. Hau da, pentsioak murrizteko aukera ez da alboratzen.
Nork ordaindu beharko du eta nork ez?
Esan bezala, erregimen orokorreko langileek eta enpresek ordaindu beharko dute, lehen azaldu dugun portzentajeetan.
Etxeko langileen kasuan berdin banatuko da (%0,5 gehiago enplegatzaileak eta %0,1 gehiago langileak). Gogoratu, bestalde, enplegatzaileek gertakizun arruntengatik egiten dituzten kotizazioak %20 murrizturik dauzkatela.
Autonomoek, hala ere, BEMaren %0,6 oso-osorik hartu beharko dute euren gain.
Erretiro pentsiorako kotizatzen den kasu guztietan aplikatuko da, alta zein alta pareko egoeran egonda ere. Hau da, langabezia egoeran erretirorako kotizatzen dugunez, halakoetan ere aplikatuko zaigu (kasu honetan, enpresari legokiokeen %0,5a SEPEk hartuko du bere gain).
Hala ere, erretiroagatiko pentsiodunei ez zaie kotizazio berri hau deskontatuko.