Genero arrakala murrizteko pentsio-osagarria

2021/02/17

3/2021 Dekretuaren 1. artikulua
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 60. artikulua

Amatasun osagarritik genero arrakala murrizteko osagarrira (aurrekariak)

Seme-alaben zaintza lanak emakumeen bizkar egoteak ondorio anitzak ditu lan ibilbideetan: kotizazio etenaldiak, jardunaldiaren murrizketak, kotizazio oinarri txikiagoak, eszedentziak eta honek guztiak izan ditzakeen ondorioak lan ibilbidearen garapenean eta sustapen laboralean… hala ere, amatasuna ez da soldata eta pentsio arrakala sorrarazten duen aldagai bakarra.

Osagarri hau 2016tik existitzen da eta amatasun edo seme-alabengatiko osagarri moduan ezagutzen dugu. PPren Gobernuak onartu zuen bere momentuan eta, funtsean, nolabait pentsioetan gizon eta emakumeen artean dagoen arrakala samurtzeko helburua bazeukan ere, PPk ez zuen hau ezein momentutan esplizitatu.

Izan ere, “Familiei Laguntzeko Planaren” barruan fomulatu zuen, seme-alabak ekarri dituzten emakumeei “ekarpen demografikoa” egiteagatiko “sari” moduan (Francoren sasoian familia aniztunei sariak ematen zitzaizkien antzera). Honela, genero arrakala nahita ezkutatu zuten eta “jaiotzak edo natalitatea sustatzeko” bitartekoa zela defendatzera ere heldu zen; hau da, emakumeen kontrako diskriminazio bat konpontzeko bitartekoa izan behar zena, funtsean, zaintza lanak emakumeen bizkar uzten eta sustatzen zuen tresnatzat konfiguratu zen.

Bada, arrazoi hauengatik, 2019ko abenduan Europako Auzitegiak ebatzi zuen, formulaturik zegoen moduan, Europako Berdintasun Zuzentarauaren kontrakoa zela. Ekarpen demografikoa egin izana baldin bada arrazoia, gizonezkoek ere, ekarpen horretan parte hartzen dutenez, osagarria jasotzeko eskubidea izan beharko lukete. Honela, hainbat gizon hasi ziren eskatzen eta hainbat epaitegi arrazoia ematen. Esan barik doa honek guztiak pentsio arrakala samurtu beharrean, areagotu baino ez duela egiten.

Hau guztia dela eta, osagarri hau berformulatu beharra zegoen eta horixe da, hain zuzen, 3/2021 Dekretuarekin egin dena. Zenbait aldaketa eta berritasun dakartza, segidan azalduko dugunez; bestetik, osagarri berriak ordezkatu badu ere, osagarri zaharra jasotzen hasi ziren langileek jasotzen jarraituko dute.

Aurreko osagarriarekiko ezberdintasun nagusiak

⇒ Lehenbiziko seme edo alabatik aurrera kobratuko da. Osagarri zaharra seme-alaba bi edo gehiago ekarriniko emakumeek baino ezin zuten eskatu.

⇒ Zenbateko finkoa izango da. 2021. urtean 27 euro hilean dira seme edo alaba bakoitzeko. Lehen, ehuneko bat kobratzen zen (seme edo alaba birengatik %5, hirugatik %10; lau edo gehiagogatik, %15).

⇒ Pentsio osagarria denez gero, pentsio kontributiboak eguneratzen diren neurri berean eguneratuko da eta eguneratzea automatikoa izango da Aurrekontu Orokorrek ezartzen duten portzentajean.

⇒ Aurreko osagarriak borondatezko jubilazio aurreratuak kanpoan uzten zituen. Osagarri berria, ordea, kasu hauetan ere eskatu ahal izango da.

⇒ Osagarria pentsio arrakala dirauen artean egongo da indarrean (%5etik behera jaisten ez den artean, alegia).

Zenbatekoa

Zenbateko finkoa izango da (errebalorizatzen joango dena, jakina): 27 euro hilean seme-alaba bakoitzeko, 14 pagatan (pentsio kontributiboa jasotzen den bezala) edo, bestela esanda, 378 euro urtean.

Seme-alaba kopurua

Euroak/hilean (14 ordainsaritan)

Euroak/urtean

1

27

378

2

54

756

3

81

1.134

4 edo gehiago

108

1.512

Kopuru osoa jasoko da kasu guztietan, baita gutxieneko eta gehienezko pentsioetan; hau da, ez da honengatik xurgatuta edo absorbatuta geratuko. Bestela esanda, ez da kontuan hartuko gutxieneko pentsioa emateko; aitzitik, osagarria gutxieneko pentsioaren zenbatekoari gehituko zaio.

Ze pentsiotan aplikatuko da?

— Erretiro-pentsio kontributiboak, ezintasun iraunkorragatiko pentsioak eta alarguntza pentsioak.

— Seme edo alaba bakar batekin ere eskatu ahal izango da (lehengo osagarria seme-alaba bitik aurrera jasotzen zen).

2021eko otsailaren 4tik aurrerako pentsioetan aplikatuko da. Ezin da atzeraeraginez eskatu, hau da, aurretiaz jubilatutako emakumeek ezin izango dute eskatu.

— 2016an sortu zen amatasun osagarria jasotzen ari den jendeak jasotzen jarraituko du. Ez da osagarri berria eskatu beharko.

Borondatezko jubilazio aurreratuak: esan dugunez, aurreko osagarriak modalitate hau kanpoan uzten zuen. Gogoratu behar da borondatezko erretiroen atzean, askotan, eta emakumeen kasuan bereziki, ez dagoela benetako borondaterik, baizik eta aldi baterako kontratuen amaiera. Osagarri berri hau, ordea, eskatu ahal izango da.

Jubilazio partziala: jubilazio partziala hartzen badugu, ez zaigu osagarria jasotzeko eskubiderik aitortuko. Hori bai, erretiro partzialetik erretiro osora pasatzen garenean, orduan bai hasi ahal izango gara osagarria jasotzen.

Guraso biak ama direnean: pentsio baxuena jasotzen duenari aitortuko zaio (pentsio publikoak hartuko dira kontuan).

Bikotekidea gizonezkoa bada: Osagarri hau emakumeei aitortuko zaie berez; gizonezkoak jaso ahal izateko, hala eskatu beharko luke eta, gainera, hurrengo atalean azalduko ditugun egoeretako batean egon.

Gizonezkoek eskatu ahal izango dute?

Osagarri hau emakumeek jasoko dute berez. Beti aitortuko zaie eurei. Gizonak eskatu ahal izateko, ondoko kasuren batean egon beharko litzateke:

1. Alarguntza pentsioa: alarguntza pentsioa jasotzeko eskubidea izan beharko luke eta seme-alabetako batek, gutxienez, umezurztasun pentsioa jaso beharko luke.

2. Erretiro pentsioa edo ezintasun iraunkorragatiko pentsioa: jasotzen duen pentsioa kasu guztietan emakumezkoari dagokiona baino baxuagoa izan beharko da eta bere lan ibilbidea, zelanbait esateko, kalteturik egon behar izan da. Azken puntu hau honelaxe neurtuko da:

• 1994ko abenduaren 31ra arte jaiotako edo adoptatutako umeen kasuan: 120 egun baino gehiago izan behar ditu kotizatu gabe, umea jaio aurreko bederatzi hilabeteetan eta jaio edo adoptatu ondorengo hiru urteetan zehar.

• 1995eko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako edo adoptatutako umeen kasuan: jaiotza edo adopzioaren ondorengo 24 hilabeteetako kotizazio oinarriak %15 baxuagoak izan behar dira, jaio edo adoptatu aurreko 24 hilabeteetako kotizazio oinarriekin konparatuta.

Guraso biak gizonezkoak badira: pentsio publiko txikiena jasotzen duenari aitortuko zaio, beti ere oraintxe azaldutako egoeratan baldin badago, hau da, kotizaziorik eza edo kotizazio txikiagoak denbora tarte horretan.

Esan bezala, betebeharretako bat da amak baino pentsio baxuagoa jasotzea. Pentsioa baxuagoa ote den konprobatzeko momentua izango da guraso biak prestazioa jasotzeko egoeran daudenean. Honela, demagun, bikote heterosexual baten kasuan, aita lehenago jubilatzen dela. Honek ezin izango luke osagarria eskatu, harik eta amak jubilazio pentsioa jasotzeko eskubidea izan arte.

Eskaera

Erretiro pentsioa eskatzeko orria betetzen dugunean, hantxe azalduko zaigu osagarria ere eskatzeko aukera. Bertan datuak eman baino ez dugu egin beharko.

Eskaera orria, osorik, jaitsi nahi baduzu, HEMENDIK egin dezakezu.

Bestetik, zalantzarik izanez gero, hemen daukazu Gizarte Segurantzaren informazio telefonoak pentsio eta beste prestazioen inguruan:

91 542 11 76
901 16 65 65

Eta bulegoetara jo nahi izanez gero, gogoratu beharrezkoa dela aldez aurretiko hitzordua eskatzea. Bulegoen bilatzailea HEMENTXE daukazu.

Pentsio arrakala

Pentsioen sistema publikoa lanaren banaketa sexista eta diskriminatzailearen gainean dago eraikita. Emakumeok lan munduaren parte garen arren, gure lan baldintzak ez dira gizonezkoen lan baldintzekin parekatu eta, honetaz gain, zaintza lanen erantzunkidetasunik ere ez da lortu. Bereizkeria sexistaren emaitzetako bat soldata arrakala da. Baina bidegabekeria hau, emakumeen momentuko bizi baldintzetan eta independentzia ekonomikoan kalte larria eragiteaz gain, pentsioetan ere badauka eragin beltza: emakumeon soldatak %25 baxuagoak diren bitartean, pentsioak %40 txikiagoak izatera heltzen dira.

Hasieran esan dugun bezala, seme-alaben zaintza emakumeen bizkar egoteak gure lan ibilbidean eragina izan badauka: kotizazio etenaldiak, promozio eta sustapenik ez enpresetan, jardunaldi murrizketak… baita kaleratzeak ere. Baina hau ez da soldata arrakalaren eta pentsio arrakalaren arrazoi edo faktore bakarra.

Bestetik, esan behar da lan bazterkeria indar handiagoz pairatu duten eta pentsio are baxuagoak jasotzen dituzten gure aurreko belaunaldiak kanpoan uztea sekulako bidegabekeria dela. Areago, honelako osagarri batez hitz egiten ari garela, emakume horientzat umeak ekartzea ia ekidin ezineko betebeharra izan baitzen, zaintza ehuneko ehunean euren bizkar.

Soldata arrakala hobeto ulertu nahi baduzu, koaderno sindikal honetan gako nagusiak topatuko dituzu:

Koaderno sindikalak. Irizpide feministak. Soldata arrakala