Gaixotasun profesional ohikoenak
Eragile kimikoek eragindako gaixotasunak
Hiru talde ezberdinetan aurkitu ahal izango ditugu honelako gaixotasunak:
Lehen esan bezala, 1. talde osoak honelakoak barnebiltzen ditu. Honako jarduera eta ogibideak aurkituko ditugu bertan, besteak beste: larrua ontzea, disolbagarriak, plastikoak, zementuak, itsasgarriak eta abarrak fabrikatzea…
Bestetik, 4. taldeko arnas aparatuko gaixotasunak ere harrapa ditzakegu eragile kimikoen kontaktuan. Gaixotasun oso ezagunak dira, hala nola, silikosia, asma, asbestosia… Jarduera eta ogibide ohikoenak: meategietan, tuneletan eta harrobietan lan egitea; elikagaien, kosmetikoen eta botiken industria; amiantoa daukaten instalazioen muntaia eta desmuntaia…
Azkenik, 5. taldekoak dauzkagu, hau da, eragile kimikoek sorrarazten dituzten azaleko gaixotasunak. Jarduera eta ogibide ohikoenak: garbiketan aritzen diren langileak, ile-apaindegiak, laka eta margoen fabrikazioa…
Eragile fisikoek eragindako gaixotasunak
Hauen artean, zentzumenak mintzen dituzten eragileak aurki ditzakegu, hala nola, entzumena kaltetzen dituzten zaratak. Edo gihar eta hezurretako patologia anitz, batez ere mugimendu errepikakorrak egiteagatik edo jarrera behartuetan aritzeagatik. Honetaz gain, bestelako patologia batzuk ere aurki ditzakegu, fonazio-aparatuan, esaterako.
Jarduera eta ogibide ohikoenak: garbiketan aritzen diren langileak, manufaktura industria, herri lanak eta bestelako obrak, makinaria astuna erabili beharreko lanak, irakasleak, teleoperadoreak…
Eragile biologikoek eragindako gaixotasunak
Honelako gaixotasunak, gehienbat, infekziosoak izaten dira eta, hortaz, osasun arloa izaten da kaltetuena. Esan barik doa, osasun arloan ez ezik, arlo sozio-komunitarioan ere ohikoak izaten direla, hala nola erresidentzietan eta bestelako zentroetan aritzen diren langileen kasuan.
Hauetaz gain, substantzia biologikoek nekazaritzan eta, batez ere, abeltzaintza sektorean daukate eragina, animaliek kutsa ditzaketen gaixotasun eta sorrarazi ditzaketen arazoak direla eta.
Substantzien arnasketak eragindako gaixotasunak
Arestian esan dugunez, arnas aparatuko gaixotasunak eragile kimikoek eragiten dituzte batez ere. Nabarmenenak eragile kimikok eragindako gaixotasunen atalean zerrendatu ditugu. Hala ere, badira bestelako substantzia batzuk, landare edo animalia jatorria izanagatik ere, guztiz kaltegarriak izan daitezkeenak eta, besteak beste, asma, errinokonjuntibitisa edota fibrosia sorrarazi ahal dutenak.
Azalaren kalte eta gaixotasunak
Aurreko atalean bezala, jadanik aipatutako substantzia kimikoez eta hauek sorrarazten dituzten gaixotasunez aparte, landare edo animalia jatorriko beste substantzia batzuek ere azala kaltetu ahal dute.
Honetaz gain, eragile infekziosoek ere honelako gaixotasunak sorrarazi ahal dituzte eta, hortaz, osasun arloko eta arlo sozio-komunitarioko langileek hauen eragina paira dezakete.
Eragile kartzinogenoek eragindako gaixotasunak
Substantzia hauetako batzuk jadanik aipatu ditugu. Talde honetan aurki ditzakegu amiantoak edo artsenikoak, besteak beste, sorrarazten dituzten bronkio eta birikietako neoplasia gaiztoa; hainbat mesotelioma ezberdin; angiosarkomak; linfomak; laringe, azal edo beste organo batzuetako minbiziak…
Gaixotasun profesional hauek guztiak fitxa sistema batean bilduta daude: