Izurrite bitartean erabili den bitarteko hau ere aldatu du lan erreformak. Arrazoi ekonomikoengatiko zein ezinbesteko kausengatiko espedienteak moldatzeaz gain, RED mekanismoa ere sortu da. Azken mekanismo hau krisi ekonomiko orokorretarako edo sektore zehatz bat krisian sartzen denerako pentsaturik dago.

Artikuluan hiru espediente mota hauen ingurukoak aletu dizkizuegu eta, honetaz gain, azaldu dugu zelan osatu behar den negoziazio batzordea lantokian ordezkaritza legalik ez dagoen kasuetan.

A! eta gogoratu hilabeteko beste luzapen bat adostu dela martxan dauden espedienteetarako (6. luzapena otsailaren 28an amaitu behar zen eta).

👉🏼 IRAKURRI GEHIAGO

Aldi baterako espedienteak erreformaren ostean eta RED mekanismoa

2022/02/25

Lan erreformarako premiazko neurrien 32/2021 Dekretuaren 1.6 eta 1.7 artikuluak
Langileen Estatutuko 47. artikulua
Langileen Estatutuko 47.bis artikulua (RED mekanismoa)

 

Izurrite bitartean erabili den bitarteko hau ere aldatu du lan erreformak. Arrazoi ekonomikoengatiko zein ezinbesteko kausengatiko espedienteak moldatzeaz gain, RED mekanismoa ere sortu da. Azken mekanismo hau krisi ekonomiko orokorretarako edo sektore zehatz bat krisian sartzen denerako pentsaturik dago. Artikulu honetan hiru puntu hauek azalduko dizkizuegu, baina aurrera jarraitu baino lehen…

Covid-19aren ondorioz martxan jarri ziren espedienteen VI. luzapena, berez, otsailaren 28an amaitu behar zen. Gobernuaren asmoa zen espediente hauek guztiak RED mekanismoren bitartez arautzen hastea. Hala ere, hilabete gehiago luzatzea adostu da Madrilen, enpresek tarte handiagoa izan dezaten mekanismo berrira egokitzeko (2/2022 Dekretuko Lehen Xedapen Gehigarria eta Bigarren Xedapen Gehigarria).

Martxoaren 31ra arte helduko den azken luzapen honetan ez da aldaketarik egongo langileek jasotzen duten prestazioetan: %70 jasotzen jarraituko dute. Enpresen kotizazio salbuespenak, ordea, aldatu egingo dira:

10 langiletik gorako enpresak:

  • %60eko kotizazio salbuespena, langileei prestakuntza emanez gero (lehen %80 zen)
  • %20eko salbuespena, prestakuntza eman ezean (lehen %40 zen)

10 langile arteko enpresak:

  • %60eko kotizazio salbuespena, langileei prestakuntza emanez gero (lehen %80 zen)
  • %30eko salbuespena, prestakuntza eman ezean (lehen %50 zen)

 

Arrazoi ekonomikoengatiko espedienteak

Arrazoi ekonomiko eta teknikoengatik zein antolakuntza eta ekoizpen arrazoiengatik, gaztelerazko “ETOP”.

Arrazoiak (ez dago aldaketarik):

  • Arrazoi ekonomikoak: enpresaren emaitzek egoera ekonomiko negatiboa adierazten dutenean. Egoera ekonomikoa negatiboa izateko ez da ezinbestekoa enpresak galerak pairatu izana, galerak aurreikustearekin nahikoa da. Era berean, salmenten edo mozkinen jaitsiera iraunkorra nahikoa izango litzateke. Jaitsiera iraunkorra dela ulertuko da, baldin eta bi hiruhilekotan, jarraian, mozkin edo salmenten maila txikiagoa izan bada aurreko urteko hiruhilekoekin konparatuta.
  • Arrazoi teknikoak: ekoizpenerako bitarteko edo tresnetan aldaketak izan badira.
  • Antolakuntza arrazoiak: lan sistema eta metodoetan eta ekoizpena antolatzeko moduetan aldaketak izan badira.
  • Ekoizpen arrazoiak: enpresak ematen dituen zerbitzuen edo saltzen dituen produktuen eskaeran aldaketak izan badira merkatuan.

Espedienteen izaera:

Jardunaldi murrizketa aplika daiteke (jardunaldiaren %10etik %70ra bitartean) edo kontratua aldi baterako eten.

Prozedura:

— Enpresak lan agintaritzari komunikatu behar dio.

— Honekin batera, kontsulta epealdiari hasiera emango zaio langileen ordezkaritzarekin.

    • Kontsulta epealdiak (edo, bestela esanda, enpresa eta langileen arteko negoziazioak), gehienez, 15 egun iraun ditzake. 50 langiletik beherako enpresetan epe hau, gehienez, 7 egunekoa izango da.

— Negoziazio batzordea langileen ordezkaritza legalak osatuko du. 5 egun daude, gehienez, honetarako. Enpresan ez balego langileen ordezkaritza legalik, epe hau 10 egunekoa izango da. Negoziazio batzordea zelan osatu behar den aurrerago azalduko dugu.

    • Denbora hau behin pasaturik, negoziazio batzorderik ez bada osatu, hala ere enpresak kontsulten epealdiaren hasiera komunikatu ahal die formalki, bai langileen ordezkaritzari, bai eta lan agintaritzari ere. Batzordea ez osatzeak ez du eragozten kontsulta epealdia hastea.

— Kontsulta epealdia amaituta, enpresak langileei eta lan agintaritzari jakinarazi beharko die jardunaldien murrizketei edo kontratuen etendurei buruzko erabakia. Jakinarazpen horren barruan adierazi behar da ze sasoi edo denbora tarte iraungo duten neurri hauek.

— Kontsulta epealdian egin zen azken batzarretik 15 egun pasatzen badira eta enpresak oraindik ez badu ezer komunikatu, prozedura iraungi egingo da.

— Kontsulta epealdia adostasunez ixten bada, espedienteari ekiteko arrazoi ekonomikoak justifikaturik daudela suposatuko da.

Espedienteen luzapena:

Honelako espediente bat martxan dagoela, enpresak edozein momentutan espedientearen luzapen bat proposatu ahal dio langileen ordezkaritzari. Prozedura berbera jarraitu beharko litzateke: kontsulta epealdia zabaldu, lan agintaritzari komunikatu… Hala ere, denborak ezberdinak izango dira:

  • Kontsulta epealdiak, gehienez, 5 egun iraungo ditu
  • Enpresaren erabakia lan agintaritzari jakinaraziko zaio, gehienez, 7 eguneko tartean.
 
Ezinbesteko kausengatiko espedienteak (gaztelerazko “fuerza mayor”)

Kasu honetan ere espedienteak jardunaldiak murriztu ahal ditu (%10etik %70era) ala kontratuak aldi baterako eten.

Prozedura:

— Enpresak lan agintaritzari eskaera helarazi behar dio. Honekin batera, langileen ordezkaritza legalari ere jakinarazi behar dio.

— Lan agintaritza:

    • Enpresak lan agintaritzari eskaera egiten dionean, ezinbesteko kausen frogak atxiki beharko ditu.
    • Lan agintaritzak baiezkoa eman behar dio espedientea, hau da, espedientea justifikatzen duten ezinbesteko kausarik ote dagoen aztertu behar du eta, hala izatekotan, espedientea baimendu
    • Ebazpena eman baino lehenago, Lan Ikuskaritzari txostena eskatu beharko dio. Txosten honen funtsa berbera izan behar da: ea ezinbesteko kausengatiko espedientea justifikaturik dagoen.
    • Lan agintaritzak 5 eguneko epea dauka ebazpena emateko. Ebazpena espedientea baimentzea edo atzera botatzea ekarriko du, baina jardunaldi murrizketen edo kontratu etenaldien inguruko erabakia enpresari dagokio. Hau da, ezinbesteko kausa ote dagoen ala ez ebaztera mugatuko da.
    • Lan agintaritzak ez badu epe horretan ebazpenik ematen, espedientea baimenduta dagoela ulertuko da.

— Ezinbesteko kausengatiko espedienteen kasuan ez dago luzapenik adosteko aukerarik. Aitzitik, espedientea amaitzen denean, oraindik ezinbesteko kausek baldin badiraute, enpresak espediente berri bat eskatu beharko du.

Ezinbesteko kausa administrazioak edo agintaritza publikoak hartutako neurriren baten ondorioa denean:

— Izurrite bitartean martxan jarritako jarduera eragozpen edo mugapenagatiko espedienteak arauan txertatu dira. Honela, administrazioak erabakiren bat hartukko balu (osasun publikoaren ingurukoak barne) eta honek enpresaren jarduera eragotzi edo mugatuko balu, honelako espediente bat jar liteke martxan.

— Enpresak, lan agintaritzari eskaera egiten dionean, justifikatu beharko du ze modutan mugatzen edo eragozten den bere jarduera.

— Kasu honetan ere lan agintaritzaren baimena beharrezkoa da espedientea martxan jartzeko. Hala ere, Lan Ikuskaritzaren txostena ez litzateke beharrezkoa izango.

 

Edozein espedientetarako neurriak (arrazoi ekonomikoengatik, zein ezinbesteko kausengatiko espedienteetarako):

— Jardunaldi murrizketa %10etik %70era bitartekoa izan ahal izango da.

— Jakinarazpen edo eskaerarekin batera, honelakoak ere komunikatu beharko ditu enpresak:

    • Noiztik noiz arte aplikatuko den espedientea
    • Espediente barruan sartuko diren langile guztien zerrenda
    • Langile bakoitzari aplikatuko zaion neurria, bakoitzari murriztuko zaion jardunaldi portzentajea edo zenbat egunez etengo zaion kontratua.

— Espedienteak dirauen bitartean, enpresak langileak espedientetik atera edo berriro sartu ahal izango ditu. Hau aldez aurretik komunikatu beharko die bai langileen ordezkaritzari, bai prestazio sozialak kudeatzen dituen entitateari eta Gizarte Segurantzari.

Aparteko orduak, jardueraren kanporaketa eta kontratazio berriak: Espedienteak dirauen bitartean, ezin izango da aparteko ordurik egin, enpresaren jarduera ezin izango da kanporatu eta ezin izango da kontratazio berririk egin.

Hala ere, jardueraren kanporaketaz eta kontratazio berriez salbuespen bat dago: enpresak halakoak egin ahal izango ditu, baldin eta espedientean dauden langileek ez balute lan horiek egiteko prestakuntza edo gaitasunik. Edo bestelako arrazoi objektibo eta justifikaturen batengatik. Edozelan, langileen ordezkaritza sindikalari asmo hau aldez aurretik jakinarazi beharko litzaioke.

Enpleguaren babesa. Izurrite bitartean hartutako neurri hau araudian txertatu da Zoritxarrez, lehengo moduan ekarri da: kotizazioetan salbuetsita dauden enpresek espedientea amaitu eta hurrengo sei hilabeteetan enplegua babestera “behartuta” egongo dira.

Hala ere, ez da egia kaleratzeak debekatu direnik. Enpresak ez daude ezertara behartuta eta ez da euren kontra ondoriorik edo zehapenik aurreikusten. Ondorio bakarra izango litzateke enpresak kotizazio horiek itzuli beharko lituzkeela. Beraz, botatzen bagaituzte, gehienez, kaleratze hori epaitegietan borrokatuz gero, bidegabetzat joko litzateke eta kalte-ordaina zertxobait handiagoa izango litzateke, baina kalera bota ahal gaituzte berdin-berdin (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 44.4 Xedapen Gehigarriaren 10. atala)


⇒ Arrazoi ekonomikoengatiko espedienteen epeak laburtu dira:
                      • Kontsulta epealdia 7 egunetara murriztu da 50 langiletik beherako enpresen kasuan
                     • Negoziazio batzordea eratzeko epea 5 egunekoa izango da (lehen, 7 egunekoa zen). Langileen ordezkaritza legalik ez dagoen kasuetan epe hau 10 egunekoa izango da (lehen, 15 egun ziren).

⇒ Arrazoi ekonomikoengatiko espedienteak luzatzeko aukera sartu da, prozedura laburrago batekin (kontsulta epealdia 5 egunekoa izango litzateke).

⇒ Ezinbesteko kausengatiko espedienteak: jardueraren mugapen edo eragozpenagatiko espedienteak txertatu dira.

⇒ ADI! Ezinbesteko kausengatiko espedienteen kasuan lan agintaritzak BAIMENA eman behar du. Arrazoi ekonomikoengatiko espedienteen kasuan, ordea, lan agintaritzari JAKINARAZI besterik ez zaio egin behar.


 
RED mekanismoa

32/2021 Dekretuak enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente mota berri hau txertatu du Langileen Estatutuko 47.bis artikulu berrian.

RED mekanismoa Estatuko Ministroen Kontseiluak aktibatu behar du.

Eredu bi egongo dira:

  • Ziklikoa: egoera makroekonomikoak neurriak hartzera bultzatzen duenean. Gehienez, urtebete iraun lezake.
  • Sektoriala: sektoreren baten edo batzuen egoeragatik malgutasun neurriak hartzera bultzatzen duenean. Gehienez, urtebete iraun lezake, baina 6 hilabeteko luzapen bi izan ditzake.

Esan bezala, mekanismo hau aktibatzeko aukera beti izango da Estatuko Gobernuarena. Hala ere, sektoriala denean, Estatuko patronalak edo sindikatuek ere eskatu ahal izango dute.

Bestetik, nahiz eta Gobernuak RED mekanismoa martxan jarri, honek ez du suposatuko enpresek automatikoki espedienteak sartu ahal izango dituztenik. Aitzitik, enpresan arrazoi ekonomiko, tekniko zein antolakuntza edo ekoizpen arrazoiak egon behar dira eta espedienteak negoziatzeko prozedura jarraitu beharko da.

Prozedura:

  • Gobernuak RED mekanismoa aktibatu behar du
  • Enpresek lan agintaritzari eskaera egin diezaiokete euren espedientea martxan jartzeko. Aldi berean, langileen ordezkaritzari jakinarazi behar diote.
  • Negoziazio batzordea osatu behar da (5 egunetan). Gogoratu enpresan langileen ordezkaritza legalik ez balego, epe hau 10 egunetara luzatuko dela.
  • Epe hau pasaturik, enpresak kontsulten epealdiaren hasiera komunikatu behar die, bai langileen ordezkaritzari, bai eta lan agintaritzari ere.
  • 47bis artikulu honek dioenez, prozedura 47.5 artikuluak dakarrena izan beharko da. 47.5 artikuluak ezinbesteko kausengatiko espedienteak azaltzen ditu; hortaz, eskaerarekin batera, enpresak egoera justifikatzeko dokumentazioa eman beharko luke eta, gainera, lan agintaritzak, lan ikuskaritzari txostena eskatu ostean, baimendu beharko luke.
  • Espedientea sektoriala bada, eskaerarekin batera, espediente barruan dauden langileak birgaitzeko (gaitasun berriak emateko) plana ere aurkeztu beharko du.
  • Kontsulta epealdia adostasunez amaitzen bada, lan agintaritzak espedienteari bidea emango dio.
  • Kontsulta epealdia adostasunik Gabe amaitzen bada, lan agintaritzak espediente eskaerari bide emango dio, baldin eta dokumentazioan frogatzen bada espedientea justifikaturik dagoela.

RED mekanismo barruko espedienteei ere beste espedienteei aplikatzen zaizkion neurriak aplikatuko zaizkie:

— Enpresak edozein momentutan luzapen bat proposa lezake. Epeak eta prozedura arrazoi ekonomikoengatiko espedienteek jarraitu beharreko berbera izango lirateke.

— Jardunaldi murrizketa %10etik %70era bitartekoa izan ahal izango da.

— Jakinarazpen edo eskaerarekin batera, honelakoak ere komunikatu beharko ditu enpresak:

    • Noiztik noiz arte aplikatuko den espedientea
    • Espediente barruan sartuko diren langile guztien zerrenda
    • Langile bakoitzari aplikatuko zaion neurria, bakoitzari murriztuko zaion jardunaldi portzentajea edo zenbat egunez etengo zaion kontratua.

— Espedienteak dirauen bitartean, enpresak langileak espedientetik atera edo berriro sartu ahal izango ditu.

— Espedienteak dirauen bitartean, ezin izango da aparteko ordurik egin, enpresaren jarduera ezin izango da kanporatu eta ezin izango da kontratazio berririk egin.

— Kotizazioetan salbuetsita dauden enpresek espedientea amaitu eta hurrengo sei hilabeteetan ezin izango dute kaleratzerik egin.

Langabeziagatiko prestazioa:

RED mekanismo barruko espedientean dauden langileek aparteko langabezia prestazioa jaso ahal izango dute. Zenbatekoa azken 180 egunetako oinarri arautzailearen %70 izango litzateke. Aparteko prestazio hau ez da bateragarria langabeziagatiko prestazio arruntarekin edo langabezia subsidioekin eta, hortaz, ez du pilatutako kotizaziorik kontsumituko (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 41. Xedapen Gehigarria).

 

Zelan osatu behar da negoziazio batzordea kontsulta epealdirako?

Hasieran esan dizuegunez, espediente bat martxan jartzen denean, langileen ordezkaritzak negoziazio batzorde bat osatu behar du. Honek ez du aparteko azalpenik behar enpresa komitea dagoen tokietan. Baina eta enpresan langileen ordezkaritza legalik ez balego? Zelan osatu beharko litzateke?

Arauak Langileen Estatutuko 41.4 artikulura bidaltzen gaitu.  Eta honelaxe dio:

— Prozedurak lantoki bakar bati eragiten badio:

  • Enpresa komiteak edo langileen ordezkariek (personal-ordezkariek) osatuko dute.
  • Enpresan ez badago langileen ordezkaritza legalik, aukera bi daude:
    • Ordezkariak demokratikoki aukeratu ahal dira enpresako langileen artean. Gehienez, hiru kide izan daitezke.
    • Hiru kide hauek ordezkaritza handieneko sindikatuek hauta ditzakete (ordezkaritza mailarik handiena oro har, zein sektorean).

— Prozedurak lantoki bat baino gehiagori eragiten badio:

  • Zentro arteko komiteari egokituko litzaioke, baldin eta hitzarmen kolektiboan funtzio hori egotzi bazaio. Honen ezean, batzordea honelaxe osatu beharko litzateke:
  • Lantoki guztietan langileen ordezkariak baleude, hauexei egokituko litzaieke.
  • Lantoki batzuetan ordezkariak baleude, baina beste lantoki batzuetan ez:
    • Lantoki horietako ordezkariek osatu ahal dute batzordea eta zentro guztietako langileak ordezkatu.
    • Ordezkaririk ez daukaten lantokietako langileek euren ordezkariak aukera ditzakete, aurreko puntuan azaldu dugun bezalaxe (edo langileen artean aukeratuta edo ordezkaritzarik handieneko sindikatuek izendatuta).
  • Ez balego langileen ordezkaritza legalik ezein lantokitan: berdin aukeratuko litzateke, edo langileen artean aukeratuta edo ordezkaritzarik handiena daukaten sindikatuek izendatuta.

Edozein kasutan, batzordea, gehienez, 13 lagunek osatuko dute.