Legeak hainbat baimen ordaindu aitortzen ditu. Hauen bitartez, langileek denbora zehatz batez lanera huts egin dezakete, soldatarik galdu gabe, beti ere justifikatutako arrazoiren batengatik eta beti ere enpresari aldez aurretik abisatuta.

Ekainaren 30ean 5/2023 Lege-Dekretua hasi zen indarrean. Dekretu honek, bestelako neurri askoren artean, berritasunak ekarri ditu kontziliazio arloan. Izan ere, atal oso bat familia eta lana bateratzea helburu duen Europako Zuzentarau baten transposizioa da (2019/1158 Zuzentaraua). Honela, zenbait baimen hobetu dira, hala nola senideen gaixotasun edo ospitaleratzeagatiko baimena, eta beste baimen berri batzuk sortu dira: gurasoentzako 8 asteko baimenaz gain, ezinbesteko kausengatiko 4 eguneko baimena ere bai.

Gure artikuluan baimen ordaindu hauek guztiak goitik behera azaldu dizkizuegu eta, honetaz aparte, aprobetxatu dugu egun libreak har ditzakegun beste kasu batzuk ere ekartzeko.

Egun libreak edota baimen ordainduak, ze kasutan daukagu horretarako eskubidea?

2018/02/27
Azken eguneraketa: 2023/09/04

Langileen Estatutuko 37. artikulua
6/2019 Lege-Dekretuaren 2. artikulua
5/2023 Lege-Dekretuaren 127. artikulua

 

Legeak hainbat baimen ordaindu aitortzen ditu. Hauen bitartez, langileek denbora zehatz batez lanera huts egin dezakete, soldatarik galdu gabe, beti ere justifikatutako arrazoiren batengatik eta beti ere enpresari aldez aurretik abisatuta.

Langileen Estatutuaren 37. artikuluan ordaindutako baimenak azaltzen dira. Gogoratu Langileen Estatutuak gutxienekoak markatzen dituela, baina, askotan, gutxieneko hauek hitzarmen kolektiboan hobeturik daudela. Hortaz, kontsultatu zure hitzarmena, bertan zehazturik izango baituzu zeintzuk kasu hartzen diren barne zure enpresan eta zenbat denbora har dezakezun kasu bakoitzean.

Ekainaren 30ean 5/2023 Lege-Dekretua hasi zen indarrean. Dekretu honek, bestelako neurri askoren artean, berritasunak ekarri ditu kontziliazio arloan. Izan ere, atal oso bat familia eta lana bateratzea helburu duen Europako Zuzentarau baten transposizioa da (2019/1158 Zuzentaraua). Neurri hauetako batzuek segidan zerrendatuko ditugun zenbait baimen hobetu eta baimen berriak sortu dituzte.

Hala ere, gogoratu hemen dakartzagunak Langileen Estatutuak ezartzen dituen gutxienekoak direla, baina hitzarmen kolektiboetan hobeturik egon daitezkeela.

 

Ezkontza edo izatezko bikotearen erregistroa (Langileen Estatutuko 37.3.a artikulua):
15 egun natural. Lehen aipatu dugun Europako Zuzentarauak ezkontza eta izatezko bikoteen egoera parekatu beharra ezarri du (gainontzeko baimenetan ere parekaturik daudela ikusiko dugu). Edozelan, esan genezake praktikan, honezkero, hau hala zela, hitzarmen gehien-gehienetan onarturik baitzegoen.

Etxez aldatzea (37.3.c artikulua):
Egun bat

Senideen ospitaleratzea (37.3.b artikulua):
Senideen istripu edo gaixotasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo, ospitaleratzerik ez dakarren arren, etxean osatu beharreko ebakuntzagatik.

Eskubide hau ere zabaldu da 5/2023 Lege-Dekretuaren bitartez:

Bost egun (lehen egun bi baino ez ziren; lau egun, desplazamendua beharrezkoa bazen)

Honako senide hauek sartzen dira:

– bikotekidea (izan ezkontidea edo izatezko bikotekidea)
odolkidetasun edo ahaidetasun bigarren gradura arteko senideak (izatezko bikotekidearenak barne)
– langilearen zaintza behar duen eta berarekin etxe berean bizi den beste edozein pertsona

Honetaz gehiago jakin nahi baduzu, ondoko artikulu hau kontsulta zenezake

• Senideen heriotza (37.3.b-bis artikulua)
Egun bi. Desplazamendurik beharrezkoa balitz, lau egun.

Honako senide hauek sartzen dira:

– Bikotekidea
– Odolkidetasun edo ahaidetasun bigarren gradura arteko senideak

• Ezinbesteko arrazoiengatiko baimena (37.9 artikulua)
Baimen berria da, 5/2023 Lege-Dekretuak sartuta.

Senideek edo gurekin bizi diren pertsonek, gaixotasun edo istripuren batengatik, gure berehalako laguntza behar badute, lanera huts egiteko eskubidea izango dugu. Hutsegite hauek orduka zenbatuko dira eta ordainduak izango dira, urtean lau egun bete arte (hitzarmen kolektiboak edo enpresa itunak ezartzen duenaren arabera). Hau da, demagun 8 orduko jardunaldia daukagula; hortaz, 32 orduz hitz egiten ariko ginateke. Esan nahi baita, lau egun baino gehiagoz huts egin genezake, baldin eta jardunaldi osoz huts egiten ez badugu: adibidez, egun batean 5 orduz huts egin behar izan dugu, beste batean 4 orduz… horrela, harik eta lau eguneko besteko denbora bete arte.

Hainbat betebehar edo zeregin publiko betetzeko (37.3.d artikulua):

Hala nola hauteskundeetan parte hartzeko (mahaian egotea egokitu bazaigu edota botoa emateko) edo epaiketetara joateko (zinpeko moduan aritu behar dugulako; zenbait hitzarmenetan lekuko moduan ere bai). Hitzarmen askotan bestelako premia batzuk ere jasotzen dira, adibidez, NANa berriztatzea. Honelakoetan beharrezkoa den denbora eman beharko digu enpresak.

Betebehar edo zeregin honengatik langileak kalte-ordainik jasoko balu, enpresak kantitate hori soldatatik kendu ahal izango dio.

Zeregin publiko honek lan egitea eragozten badigu (erreferentziazko epea: gutxienez, jardunaldiaren %20, hiru hilabeteko sasoian), enpresak nahitaezko eszedentzia egoerara pasatu ahal izango gaitu. Kasu hau izan liteke, adibidez, aipatu dugun zinpeko epaimahaikidea (gaztelerazko “juzgado popular”) izateko hautatu zaituztela. Egoera honetaz eta nahitaezko eszedentziaz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat ondoko artikulu honi:

Funtzio sindikalak edo langileen ordezkaritza lanak egiteko (37.3.e artikulua).

• Haurdunaldia, harrera edo adopzioa (37.3.f artikulua):
Enpresak behar besteko denbora eman behar digu azterketa medikoak egiteko eta erditzea prestatzeko teknikak lantzeko, hauek lan orduetan egin behar badira.

Era berean, harrera edo adopzio kasuetan, behar besteko denbora eman beharko digu informazio eta prestaketa saioetara joateko, baita administrazioak, aldez aurretik, prestatu behar dituen txosten psikologiko eta sozialak egiteko, beti ere lan orduetan izan behar badira.

Edoskitzea (37.4 artikulua):
Umeak 9 hilabete bete arte edoskitzerako denbora hartzeko eskubidea daukazu: ordubete egunean, bi zatitan banatu daitekeena. Bikiak edo hirukiak izan badituzu (erditze, harrera zein adopzioetan), denbora hau ere horren arabera handituko da; hau da, hiru ume, hiru ordu, esaterako. Beste aukera bat da jardunaldia ordu erdiz laburtzea edo jardunaldi osoetan batzea, hitzarmenak ematen dituen aukeren arabera. Baimen hau guraso biek har dezakete eta 2019ko maiatzetik transferiezina izatera pasatu zen.

Guraso biek enpresa berean lan egiten badute, enpresak baimena aldi berean disfrutatzea mugatu ahal du. Edozelan, langile biek baimena aldi berean hartzeak enpresaren funtzionamendua oztopatu beharko luke eta enpresak arrazoi objektibo horiek idatziz azaldu beharko lituzke. Honetaz gain, alternatiba bat eskaini beharko luke, langile biek baimena disfrutatuko dutela eta kontziliazio eskubideak errespetatuko direla bermatzeko.

Guraso biek eskubide hau iraupen berberarekin eta erregimen berean gauzatzen dutenean, baimena umeak 12 hilabete bete arte luza liteke. Hala ere, 9 hilabete betetzen dituenetik aurrera soldata murriztuko litzateke, jardunaldia murrizten den hein berean.

• Ume goiztiarrak (37.5 artikulua):
Umea goiztiar jaio bada eta ospitalean geratu behar bada, gurasoak lanera huts egin ahal izango du egunean ordubetez. Honekin batera, aukera izango dute jardunaldia, gehienez, bi orduz murrizteko. Hori bai, jardunaldia murriztuko bagenu, soldata ere proportzio berean murriztuko litzaiguke eta, hortaz, hau ez litzateke “baimen ordaindua” izango, baizik eta jardunaldi murrizketa.

• Zaintza betebeharrak (37.6 artikulua):
Langileen Estatutuaren 37. artikuluan bertan bestelako jardunaldi murrizketa batzuk aipatzen dira, hala nola, 12 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko, desgaitasunen bat daukaten eta lan ordaindurik egiten ez duten senideak zaintzeko edo gaixotasun larriren batek jota dauden seme-alabak zaintzeko (23 urte bete arte). Oraintxe esan dugunez, nahiz eta artikulu berean egon, ez dira ordaindutako baimenak, baizik eta jardunaldia -eta soldata- murrizteko aukera.

Jardunaldi murrizketa hauetaz gehiago jakin nahi baduzu:

• 8 asteko baimen berria gurasoentzat (48-bis artikulua)
Aipatutako 5/2023 Lege-Dekretuak baimen berri hau ere sortu du. Seme-alabek 8 urte bete arte har daitekeen baimena da. Adi! Baimen hau EZ da ordaindua, momentuz, behintzat, bere artikulu espezifikoan azaldu dizuegun bezala:

• Kaleratze objektiboak (53.2 artikulua):
Kaleratze objektiboen kasuan, eta kontratu mugagabea badaukazu, aurreabisuko denbora osoan zehar (15 egunetan, alegia) astean sei ordu har zenitzake lan berri bat bilatzeko. Behin-behineko kontratua badaukazu eta kaleratzea kontratu amaieragatik bada, ez zenuke izango aukera hau. Bestetik, jardunaldi erdiz arituz gero, baimena hiru ordutakoa izango litzateke.

Lizentzia hau ez da Estatutuaren 37. artikuluan islatzen, 53.2 artikuluan baino.

Norberaren eginkizunetarako egun libreak.
Gaztelerazko “asuntos propios” moduan ezagutzen direnak, alegia. Baimen hau ez da Estatutuan islatzen. Hala ere, hainbat hitzarmen kolektibotan honelako egunak jasota daude. Hortaz, ez da langile guztiek daukaten eskubidea eta, hitzarmenaren arabera, ordainduak izan daitezke ala ez. Honetaz gehiago jakin izanez gero:

Aurreabisua

Honelako baimen bat hartu nahi duzun guztietan, enpresari aldez aurretik jakinarazi behar diozu. Beti gomendatzen dugun bezala, egin idatziz, eskatu enpresak sinatzeko edo zigilatzeko eta gorde kopia bat zuretzat. Honela, arazorik egonez gero, enpresak ezin izango du esan ezer ez zekienik edo abisatu ez zenionik.

Zenbateko aurreabisua izan behar da? Estatutuak 15 eguneko epea ezartzen du lehentxoago aipatu ditugun edoskitze, ume goiztiarren eta zaintza betebeharren kasuetarako (37.7 artikulua). Beste kasuetarako ez du ezer zehazten, baina behar besteko aurrerapenaz egiteko gomendatzen dizuegu. Edozelan, begiratu beti zure hitzarmen kolektiboan, bertan azalduko baita -gehienetan- zenbat egun lehenago abisatu behar duzun eta zein izan behar den prozedura.

Abisuaz gain, arrazoia justifikatu ere behar izaten da eta dokumentazioa aurkeztu. Dokumentazio hau, jakina, batzuetan ezinezkoa da aldez aurretik ematea, oraindik ez baitaukagu. Kasu horietan egiaztagiria gerora eman liteke, nahiz eta, edozein modutan, aldez aurretik abisatu behar izan dugun.

Kaleratze objektiboen kasuan, enpresak kaleratzearen aurreabisua eman behar dizu (15 egun lehenago), baina ez dago behartuta jakinaraztera 6 ordu libre hartzeko eskubidea daukazula. Aitzitik, langileak egin behar du ordu libre horiek hartzeko eskaera.

 

Etxeko langileak

Etxeko langileek Langileen Estatutuan azaltzen diren baimen guztiak hartzeko eskubidea daukate. Gogoratuko dugu etxeko langileek, gaur gaurkoz, negoziazio kolektiborako eskubiderik ez daukaten soldatapeko langile bakarrak direla. Hori dela eta, ez daukate baimen hauek hobetu ahal dituen hitzarmenik, baina Langileen Estatutuak aitortzen dizkien gutxienekoak bai. 

 

Soldata

Langileen Estatutuan jasotzen diren baimen ordainduak lan efektibotzat jotzen dira eta, hortaz, ez ditugu berreskuratu behar. Bestela esanda, enpresak ezin dizu eman, esaterako, egun bat etxe aldaketa egiteko eta gerora esan lan egun hori berreskuratu behar duzunik. Esan bezala, lan efektiboko denboratzat hartzen dira.

Eta lan efektiboko denbora denez, soldata ere berdina izan beharko da. Hau da, ezin dizute soldatatik ezer deskontatu baimen hauek erabiltzeagatik eta oinarrizko soldata gehi osagarriak jaso beharko zenituzke berdin-berdin.