Gaztelagun, Madrilgo Gobernuaren alokairu bonua eta Emantzipa
Baliteke Madrilgo Gobernuak martxan jarri zuen gazteentzako alokairu bonoaz entzun izana. Laguntza hau 2022an onartu zen (42/2022 Dekretua).
Lege estatala izan arren eta funtsak Madriletik ipini arren, kudeaketa erkidego autonomikoei dagokie. Hala ere, laguntza hau ez zen Hego Euskal Herrian aplikatu:
“El Bono Alquiler Joven es de aplicación a todas las comunidades autónomas y las ciudades de Ceuta y Melilla, con excepción del País Vasco y Navarra” (2. artikulua)
EAEn Gaztelagun eta Nafarroan Emanzipa programak bageneuzkan martxan (ez nahasi EAEko Emantzipa programa berriarekin) eta horiexek jarraitu zuten indarrean, bakoitza bere betebehar, arau eta baldintzekin.
Edozelan, bai EAEk, bai Nafarroak, nahiz eta euren programa propioei eutsi, funts estatal berriak jasotzen dituzte, gainontzeko erkidegoek egin bezala. Honela, lege estatalaren eta finantziazio berriaren harira, aldaketaren bat egin zen Gaztelagun programan:
–Diru sarreren muga:
Norbanako bat: 18.000 eurotik 24.500 eurora
Familiak: 24.500 eurotik 30.000 eurora
Familia ugariak: 28.000 eurotik 32.000 eurora
Lege estatalak ezarri zituen diru-sarreren mugak askoz probetxugarriagoak ziren Gasteizko Gobernuak markaturik zeuzkanak baino: 24.318,84€ (IPREM x 3). Honela, EAEkoak ere altxatu egin ziren.
– Errolda: Laguntza eskatu ahal izateko, hasieran beharrezkoa zen aldez aurretik, gutxienez, urtebetez EAEn bizi izana. 2022tik, 6 hilabete baino ez dira egiaztatu behar. Esan beharra dago lege estatalean ez dela gutxieneko erroldarik eskatzen. Ez dakigu hori izan ote zen eskakizuna jaisteko arrazoia, baina, harrigarriki (edo ez horren harrigarriki), Emantzipa programa berriaren kasuan, urtebeteko errolda eskatzen da berriz ere.
– Alokairuaren prezioa: puntu honetan ere aldaketaren bat egin zuen Jaurlaritzak. Hiriburuetako etxebizitzen gehienezko prezioa 775 eurotik 800 eurora altxatu zuen. Hala ere, alokairuen prezioek gurean gora baino ez dute egiten (neurri handi batean, turismoa neurrigabe bultzatzen duten Eusko Jaurlaritzaren politikei esker) eta zenbateko hauek ez dira ordudanik berriro berrikusi. Bestetik, Emantzipako laguntzak eskatzeko, etxebizitzen prezioa ez dago mugaturik, ez alokatuz, ez erosiz gero.
– Denbora muga: lehen, gehienez, hiru urtez jaso zitekeen, orain aukera dago 36 urte bete arte jasotzeko. Hau da, 18 eta 35 urte bitartekoa bazara, laguntza jaso zenezake baldintzak betetzen dituzun bitartean, gehienezko urte mugarik gabe. Bestetik, Emantzipako laguntzak 25 eta 29 urte bitartekoentzat dira, baina, gehienez, 24 hilabetez jaso daitezke.
– Zenbatekoa: errentaren erdia ordaintzetik errentaren %60 ordaintzera pasatu zen. Gehienez, 300€ jaso daitezke. Emantzipa programako diru-laguntza, bestetik, 300€ dira kasu guztietan.
Edozelan, beti esaten dugun bezala, egiturazko arazoei ezin zaie halako txaplatekin ekin. Gazteen emantzipazioan benetan lagunduko duten politika bakarrak lan baldintza duinak bermatzea, behar bezalako soldatekin, eta etxebizitza politika eraginkorra dira. Enpleguaren prekarietateak eta ezegonkortasunak beren horretan badiraute, gazteen batezbesteko soldata gero eta baxuagoa bada (Eusko Jaurlaritzak berak emandako datuen arabera, 2023an 100€ baxuagoa izan zen 2010ean baino) eta etxebizitza, espekulaziora eta turismora bideratutako ondasun bihurturik, ez bada eskubide moduan bermatzen, ez dago zereginik.