Hitzarmen kolektiboak lan baldintzak jasotzen ditu: soldata, jardunaldia, oporrak, atsedenaldiak, eszedentziak, baimenak… Hala ere, enpresak, askotan, baldintza kaskarrago batzuk ezartzen ahalegiten dira (jardunaldi luzeagoak, aparteko ordu ez ordainduak, plusik ez aplikatzea, txanda aldaketak…). Langileek euren lan baldintzez daukaten ezjakintasunaz aprobetxatzen dira maiz. Horregatik, arras garrantzitsua da jakitea zein den dagokigun hitzarmena eta zer ezartzen den bertan eta ez fidatzea, besterik gabe, enpresak esango digun horretaz.

Artikulu honetan azaldurik daukazue, besteak beste, non konprobatu ahal duzuen ze hitzarmen aplikatzen ari den enpresa; zer gertatzen den zuk zeuk baldintza txarragoak sinatu badituzu (kontratuan, adibidez); zeintzuk hitzarmen mota existitzen diren: sektorekoak, enpresakoak, erkidego mailakoak, herrialde mailakoak, Estatu mailakoak…; zer den eragin mugatuko hitzarmen bat, eta askoz gauza gehiago.

Zer da hitzarmen kolektiboa? 

Azken eguneraketa: 2026/05/07

Jadanik beste artikulu batzuetan azaldu dugunez, lan harremanak testu legal biren bitartez arautzen dira nagusiki: Langileen Estatutua eta hitzarmen kolektiboak.

Langileen Estatutuak gutxienekoak ezartzen ditu, hau da, langile guzti-guztiei bermatu behar zaizkien gutxieneko eskubideak. Hala ere, gutxieneko hauek hitzarmen kolektiboan hobetu ahal dira.

Hitzarmen kolektiboak negoziazioaren emaitza dira. Negoziazio horretan alde bik hartzen dute parte: batetik, langileen ordezkariek eta, bestetik, enpresen ordezkariek. Hortik erdiesten diren akordioak, halere, ez dira izaten langileria osoarentzat, baizik eta negoziatu duen enpresa edo sektore zehatz horretarako.

Hitzarmen kolektiboak lan baldintzak jasotzen ditu: soldata, jardunaldia, oporrak, atsedenaldiak, eszedentziak, baimenak… Hala ere, enpresak, askotan, baldintza kaskarrago batzuk ezartzen ahalegiten dira (jardunaldi luzeagoak, aparteko ordu ez ordainduak, plusik ez aplikatzea, txanda aldaketak…). Langileek euren lan baldintzez daukaten ezjakintasunaz aprobetxatzen dira maiz. Horregatik, arras garrantzitsua da jakitea zein den dagokigun hitzarmena eta zer ezartzen den bertan eta ez fidatzea, besterik gabe, enpresak esango digun horretaz.

Gainera, enpresak ezin du aukeratu nahiago duen edo hobetoen datorkion hitzarmen kolektiboa; aitzitik, enpresa bakoitzari hitzarmen kolektibo zehatz bat dagokio, segun eta zein den bere esparru geografikoa eta bere jarduera ekonomikoa. Hau da, enpresa behartuta dago hitzarmen zehatz bat aplikatzera, nahi eta nahi ez. Segidan ikusiko dugu zelan jakin zein den aplikatzen zaigun hitzarmena eta zelan egiaztatu dagokiguna ote den.

⇒ Enpresak nahi duena esan ahal digu jardunaldiaz, soldataz, oporrez eta abarrez (izan ere, askotan ahaleginduko dira baldintza kaskarragoak dauzkagula sinestarazten) baina, enpresak esaten duena esaten duela, dagokigun hitzarmenak dakarrena da derrigorrez aplikatu behar zaiguna.

Zelan dakigu zein den aplikatzen zaigun hitzarmena?

Enpresak ez badauka hitzarmen propiorik, dagokigun hitzarmen sektoriala aplikatu behar digu. Jadanik esan dugunez, enpresak ezin du erabaki, bere apetaz, ze hitzarmen aplikatu. Eremu geografikoari eta jarduera ekonomikoari dagokiona aplikatzera behartuta dago. Adibidez, ezin digu maila estataleko hitzarmen bat aplikatu, herrialde mailakoa baldin badagokigu eta ezin digu adibidez, merkataritzako hitzarmena aplikatu, metalgintza badagokigu.

1. Lan kontratuan begiratu

Oro har, ze hitzarmen aplikatu behar zaigun lan kontratuan bertan adierazita azaltzen da. Normalean 7. klausulan aurkituko duzue:

SÉPTIMA: En lo no previsto en este contrato, se estará a la legislación vigente que resulte de aplicación y particularmente, el Estatuto de los Trabajadores aprobado por el Real Decreto Legislativo 2/2015, de 23 de octubre (BOE de 24 de octubre) y el Convenio Colectivo de…

Hemen utziko dizkizuegu bi kontratu eredu (SEPEren webgunetik ekarrinikoak):
            Kontratu mugagabea
            Aldi baterako kontratua

Beraz, kontratuan azaltzen den hitzarmena da aplikatu behar dizutena. Baina adi! baliteke enpresak ez dagokizun hitzarmena aukeratu izana (seguruenik, baldintza kaskarragoak dakartzan beste hitzarmen bat).

Kontratuak ez badakar ze hitzarmen kolektibo dagokizun, hala ere, enpresak esan beharko lizuke. Langile guztiek euren hitzarmen kolektiboa zein den jakiteko eskubidea daukate. Enpresak uko egiten badio edo zoroarena egiten badu eta enpresan ez badago ordezkari sindikalik, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari (TGSS deritzonari, alegia) ere galdetu ahal zaio.

2. Gizarte Segurantzari galdetu

Pertsona bat enpresa batean lan egiten hasten denean, enpresa hori Gizarte Segurantzari jakinaraztera behartuta dago eta, komunikatu behar dizkion gauzen artean, ze hitzarmen kolektibo aplikatuko dion ere jakinarazi behar dio.

IMPORTASS ataritik honako hauek kontsulta ditzakezu zure egoeraren berri izateko:
     — Bizi laboralaren txostena
     — Langilearen momentuko egoeraren inguruko txostena (ez baduzu lehenagotik kotizatu)

IMPORTASS zer den eta zelan erabiltzen den hobeto jakin nahi baduzu, jo Bizilaneko beste artikulu honetara:

Era berean, hemen dauzkazu bai telefono orokorra (901 50 20 50), bai eta bulegoetako helbide eta telefonoak bilatzeko orria ere:

3. Lan Harremanen Kontseiluari galdetu

Beste alde batetik, Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi bazara, Lan Harremanen Kontseiluari galdetu ahal diozu. Jarraian daukazun orrialdean zure datu pertsonalak eta enpresaren datuak sartzen badituzu, jakinaraziko dizute zein den enpresa horri dagokion sektore-hitzarmena.

Egiaztatu dagokizun hitzarmena dela

Jadanik aurreratu dugunez, enpresaren jarduera ekonomikoan erreparatzea garrantzitsua da. Hau kontratuan bertan aurkituko duzu, lehenbiziko atalean, enpresaren datuak azaltzen diren tokian (lehenago eskegi ditugun kontratu eredu bietan begiratu ahal duzu). 

Hortaz, ze hitzarmen aplikatzen zaizun dakizunean, ondo begiratu behar da ea hori den dagokizuna edo enpresak beste bat ezarri dizun. Esan barik doa baldintza txarragoak dauzkan hitzarmen bat aplikatzen dizutenean hau ez dela enpresaren “ezusteagatik” gertatzen. Zalantzarik badaukazu, ez pentsa birritan eta jo ezazu sindikatura.

Azkenik, eta berriro diogu, ze hitzarmen den jakitearekin ez da nahikoa. Hitzarmenak dakarrena ondo ezagutu behar duzu. Horrela jakingo duzu enpresak agintzen, ordaintzen edo galarazten dizuna legala den ala ez. Hitzarmenaren testua bilatu nahi baduzu, jo Bizilaneko beste atal honetara. Bertan, lau herrialdeetako ohiko hitzarmen sektorialen zerrendatxoa ez ezik, hitzarmen bilatzailea ere aurkituko duzu.

Enpresak ez badu hitzarmena betetzen

Esan bezala, enpresak ezin ditu bere kabuz baldintza kaskarragoak inposatu, ezta langilea horrekin “ados” badago ere. Egia esan, ezin daiteke “adostasunaz” berba egin, enpresak “edo hau edo ezer ere ez” mahaigaineratzen duenean. Horregatik legeak dio lan eskubideak lagaezinak direla (gazteleraz “irrenunciables”). Bestela esanda, langileek ezin diete inolaz ere euren lan eskubideei uko egin (Langileen Estatutuaren 3.5. artikulua).

Eta esango duzue, “bai, hori oso ondo dago, baina enpresak horretara behartzen nau”. Ikusten baduzu hitzarmenetik beherako baldintzak aplikatzen dizkizula enpresak, jarri kontaktuan sindikatuarekin. Kasuan kasu har daitezkeen bestelako neurri batzuekin batera, horrelako egoerak beti erreklama daitezke auzitegietan.

Legeak edo hitzarmenak aitortzen dizun edozein eskubideri uko egin izana baliogabea izango da. Nahiz eta zuk baldintza txarragoak sinatu (kontratuan, esaterako, edo beste edozein idatzitan), horrek ez du balio legalik izango.

Hitzarmen kolektiborik ezean, Langileen Estatutua 

Hitzarmen kolektiboek langile gehienak babesten dituzte. Oso gutxi dira hitzarmen kolektiborik ez daukatenak, baina azken hauen artean, kasurik lazgarriena eta langile gehien batzen dituena etxeko langileen sektorearena da.

Hitzarmenik ez edukitzea, hala ere, ez du esan nahi enpresak edo enplegatzaileak nahi duena egin dezakeenik. Hitzarmenik ez dagoenean, Langileen Estatutuak markatzen dituen gutxienekoak errespetatu behar dira edozein kasutan

Esan dugunez, etxeko langileek ez daukate, momentuz, hitzarmen kolektiborik. Momentuz diogu, borroka horretan ari baitira etxeko langileak eta, eurekin batera, LAB sindikatua.

Hitzarmen motak

Hitzarmenak askotarikoak dira, hainbat klasifikazioren arabera bereizten dira eta:

Aplikazio eremua

— Sektore mailako hitzarmenak: sektore zehatz bateko enpresa eta langileei eragiten diete.
— Enpresa mailako hitzarmenak: enpresa zehatz bati baino ez diote eragiten.

Eremu geografikoa:

Hitzarmenak barne hartzen duten eremu geografikoaren arabera ere bereizten dira. Honela, erkidego mailakoak, herrialde mailakoak edo Estatu mailakoak izan daitezke.

Honela, baliteke, sektore berbererako hitzarmen ezberdinak egotea (eduki ezberdinekin), eremu geografikoaren arabera. Esaterako, metalgintza sektorean, herrialdeko hitzarmenak dauzkagu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, erkidego mailakoa Nafarroan eta, hauetaz gain, metalgintza hitzarmen estatala ere badago.

Esan beharra dago Madrilen negoziatzen diren hitzarmen estatalak Hego Euskal Herrikoak baino okerragoak eta prekarioagoak izaten direla. PSOE eta PPk inposatutako lan eta negoziazio kolektiboaren erreformek, besteak beste, negoziazio kolektiborako gure eskubidea urratu eta hainbat hitzarmenen estatalizazioa ekarri dute, ondorio oso larriekin euskal langileon lan eta bizi baldintzetan.

Eraginkortasuna:

Eraginkortasunaren arabera ere bereiz daitezke, hau da, barne hartzen duten langile kopuruaren arabera. Honela, hitzarmenak estatutuaren araberakoak edo estatutuz kanpokoak izan daitezke:

— Estatutuaren araberakoak: Langileen Estatutuaren arabera egindakoak. Enpresa edo sektore osoko langileei eragiten diete, hau da, eraginkortasun osoa daukate.
— Estatutuz kanpokoak edo eraginkortasun mugatukoak: Ez daude Langileen Estatutuak ezartzen dituen baldintzen arabera negoziatuta eta ez diete eragiten sektore edo enpresako langile guztiei.

Negoziazioetan gehiengoak errespetatzen ez direnean, hau da, gutxiengo batek sinatzen dituenean, eraginkortasun mugatuko hitzarmenak izaten dira. Horrelako hitzarmenek sindikatu sinatzaileetako kideak baino ez dituzte barne hartzen, beste langile guztiak albo batera utzita. Jokabide hau ohikoa izaten da gurean, batez ere, CCOO eta UGTren aldetik. Enpresa eta sektore askotan gehiengoa ez izan arren, patronalarekin honelako hitzarmenak sinatzen dituzte, agian soldata igoera edo eguneraketaren batekin, baina hainbat funtsezko gai ikutu barik eta langileen borroka desaktibaturik (askotan langileen asanbladaren erabakiaren kontra egiten da). Opari borobila patronalarentzat, ogi papurrak langileentzat.

Honelako hitzarmen bat sinatzen denean, esan dugunez, sindikatu sinatzaileen kideei baino ez zaie aplikatzen. Beste langileek, hitzarmena eurei ere aplikatzea nahi izanez gero, banan-banan eskatu behar diote enpresari atxikitzeko eta banan-banan sinatu (zenbaitetan, enpresak honela borrokan izan diren langileei sorraraz diezaiekeen umiliazioekin).