• Funtzio sindikalak edo langileen ordezkaritza lanak egiteko (37.3.e artikulua).
• Haurdunaldia, harrera edo adopzioa (37.3.f artikulua):
Enpresak behar besteko denbora eman behar digu azterketa medikoak egiteko eta erditzea prestatzeko teknikak lantzeko, hauek lan orduetan egin behar badira.
Era berean, harrera edo adopzio kasuetan, behar besteko denbora eman beharko digu informazio eta prestaketa saioetara joateko, baita administrazioak, aldez aurretik, prestatu behar dituen txosten psikologiko eta sozialak egiteko, beti ere lan orduetan izan behar badira.
• Edoskitzea (37.4 artikulua):
Umeak 9 hilabete bete arte edoskitzerako denbora hartzeko eskubidea daukazu: ordubete egunean, bi zatitan banatu daitekeena. Bikiak edo hirukiak izan badituzu (erditze, harrera zein adopzioetan), denbora hau ere horren arabera handituko da; hau da, hiru ume, hiru ordu, esaterako. Beste aukera bat da jardunaldia ordu erdiz laburtzea edo jardunaldi osoetan batzea, hitzarmenak ematen dituen aukeren arabera. Baimen hau guraso biek har dezakete eta 2019ko maiatzetik transferiezina izatera pasatu zen.
Guraso biek enpresa berean lan egiten badute, enpresak baimena aldi berean disfrutatzea mugatu ahal du. Edozelan, langile biek baimena aldi berean hartzeak enpresaren funtzionamendua oztopatu beharko luke eta enpresak arrazoi objektibo horiek idatziz azaldu beharko lituzke. Honetaz gain, alternatiba bat eskaini beharko luke, langile biek baimena disfrutatuko dutela eta kontziliazio eskubideak errespetatuko direla bermatzeko.
Guraso biek eskubide hau iraupen berberarekin eta erregimen berean gauzatzen dutenean, baimena umeak 12 hilabete bete arte luza liteke. Hala ere, 9 hilabete betetzen dituenetik aurrera soldata murriztuko litzateke, jardunaldia murrizten den hein berean.
• Ume goiztiarrak (37.5 artikulua):
Umea goiztiar jaio bada eta ospitalean geratu behar bada, gurasoak lanera huts egin ahal izango du egunean ordubetez. Honekin batera, aukera izango dute jardunaldia, gehienez, bi orduz murrizteko. Hori bai, jardunaldia murriztuko bagenu, soldata ere proportzio berean murriztuko litzaiguke eta, hortaz, hau ez litzateke “baimen ordaindua” izango, baizik eta jardunaldi murrizketa.
• Zaintza betebeharrak (37.6 artikulua):
Langileen Estatutuaren 37. artikuluan bertan bestelako jardunaldi murrizketa batzuk aipatzen dira, hala nola, 12 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko, desgaitasunen bat daukaten eta lan ordaindurik egiten ez duten senideak zaintzeko edo gaixotasun larriren batek jota dauden seme-alabak zaintzeko (23 urte bete arte). Oraintxe esan dugunez, nahiz eta artikulu berean egon, ez dira ordaindutako baimenak, baizik eta jardunaldia -eta soldata- murrizteko aukera.
Jardunaldi murrizketa hauetaz gehiago jakin nahi baduzu: