Senideen ospitaleratzeagatiko baimen ordaindua
2021/03/29
Azken eguneraketa: 2023/09/14
Langileen Estatutuko 37.3.b artikulua
5/2023 Lege-Dekretuko 127.3 artikulua
Langileen Estatutuaren 37. artikulu honetan azaltzen da ze kasutan daukagun ordaindutako baimenak disfrutatzeko eskubidea. Baimenak zerrendatzeaz gain, zenbat egunetakoak izan behar diren ere ezartzen da. Jakina, baimen hauek hitzarmen kolektiboetan ere arautu ohi dira eta, hainbat kasutan, Estatutuak markatzen dituen gutxienekoak hobetu ahal dituzte.
Hemen senideen ospitaleratzeagatiko baimena zabalago ekarri dugu, baina baimen guztien zerrenda eta azalpena beste artikulu honetan kontsulta dezakezue:
Enpresei ez zaie batere gustatzen langileok baimen ordaindu hauetako bat eskatzen eta disfrutatzen dugunean eta senideen ospitaleratzeagatiko hau, sarritan, gatazkatsua izan daiteke. Izan ere, Estatutuak, gutxieneko egun kopurua eta senide zerrenda emateaz gain, ez du zehaztapen handirik egiten. Hori dela eta, garrantzia izango du, ezer baino lehen, zure hitzarmenak ezartzen duen horretan erreparatzea. Edozelan, hitzarmen askotan ez da askoz gehiagorik azaltzen eta, horregatik, jurisprudentzian ere erreparatu beharko dugu.
Ze kasutan har daiteke baimena?
5/2023 Lege-Dekretuak, kontziliaziorako hainbat neuri berri ezarri ditu, hala nola 8 asteko baimen berria gurasoentzat edo 4 eguneko baimena ezinbesteko kausengatik. Honetaz gain, beste baimen batzuk ere hobetu ditu, senideen ospitaleratzeagatiko baimena barne. Honela, har ditzakegun egunak handitu ditu eta zaintza beharra pertsona gehiagotara zabaldu du.
Momentura arte, senideen heriotzagatiko eta ospitaleratzeagatiko baimena berbera zen: egun bi eta, desplazamendurik behar izanez gero, lau egun. 2023ko ekainaren 30etik aurrera, ordea, baimen bitan bereiztu dira biak. Senideen heriotzagatiko baimena oraindik da egun bikoa – lau egunekoa, desplazamendurik behar izanez gero- (Langileen Estatutuko 37.3.b-bis artikulua), baina senideen ospitaleratzeagatiko baimena 5 EGUNEKOA da kasu guztietan (Langileen Estatutuko 37.3.b artikulua).
Honetaz gain, ezkontideak eta izatezko bikotekideak parekatu dira (esan genezake praktikan horrela zela, hitzarmen gehienetan hala aitortzen zen eta) eta beste kasu batzuk ere gehitu dira. Hortaz, honakoak dira kontuan hartzen diren senideak:
– bikotekidea (izan ezkontidea edo izatezko bikotekidea)
– odolkidetasun edo ahaidetasun bigarren gradura arteko senideak (izatezko bikotekidearenak barne)
– langilearen zaintza behar duen eta berarekin etxe berean bizi den beste edozein pertsona, senidea izan ala ez izan
⇒ ADI! Ospitaleratzeagatiko baimen deitu arren, ez da ezinbestekoa gure senidea ospitaleraturik gelditzea. Honelaxe dio Estatutuak:
“Cinco días por accidente o enfermedad graves, hospitalización o intervención quirúrgica sin hospitalización que precise reposo domiciliario”.
Beraz, hiru dira balizko kasuak:
– Ospitaleratzeagatik
– Ospitaleratzerik ez dakarren baina etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntzagatik
– Istripu edo gaixotasun larriagatik. Kasu hau zalantzagarriena izan daiteke, balizko “larritasuna” ez baitago juridikoki zehaztuta. Hortaz, gehienetan gakoa izango da medikuak larritzat kalifikatzea eta egiaztagirian hala islatzea.
Bestetik, odolkidetasun eta ahaidetasun graduei begirada bat bota ahal diezu honako artikulu honetan:
Noiz hartu behar dira bost egun hauek?
Langileen Estatutuak ez dio ezer egun hauen disfrutearen inguruan. Beraz, hitzarmenak ere ez balu finkatuko, jurisprudentzia ezartzen duen horretan erreparatu beharko genuke.
Alde batetik, baimena lan egunetan edo egun baliodunetan hartu beharko da. Jurisprudentziak baimen luze (ezkontzagatik) eta baimen laburrak bereizten ditu. Ezkontzagatiko baimena egun naturaletan eta gertaera (gaztelerazko “hecho causante”) suertatzen denetik hasi beharko litzateke, baina beste baimenen kasuan, ordea, lan egunetan disfrutatu beharko lirateke. Honela, larunbatean ospitalizatu arren, baimena astelehenean hasiko litzateke, adibidez. Hau Auzitegi Nazionalaren 98/2018 ebazpenean, azaltzen da, besteak beste.
Bestetik, Gaztela eta Leon/Burgoseko Justizia Auzitegi Gorenaren 2008/05/29ko ebazpenean adierazten denez, ez da derrigorrezkoa baimena hartzea lehenbiziko egunetan. Baimenaren helburua senidea zaintzea eta laguntzea bada, ospitaleratze lehen egunak ez dira zertan izan zaintza eta laguntzarik handiena behar dutenak.
Azkenik, eta aurrekoarekin lotuta, baimen ordaindua hartzeko eskubidea ez da amaitzen ospitaleak alta ematen duenean, baizik eta senideak alta medikoa jasotzen duenean, ez bada hitzarmenak beren-beregi ezartzen duela baimena ospitaleratze sasoian disfrutatu behar dela derrigorrez.
Senidearen ospitaleratzea erditzeagatik denean
Baimena senide baten erditzeagatik denean, ohikoa da enpresek galdetzea ea erditze hori naturala izan den ala ez. Naturala izan bada, baimena askotan ukatzen da, baimena hartzeko eskubidea amak aparteko osasun arazoak izan dituen kasuetarako baino ez balitz bezala.
Kontrako ebazpenak egon diren arren, gaur egungo irizpidea Auzitegi Gorenaren ebazpen honetan edo Auzitegi Nazionalaren beste honetan islatzen dena da: ospitaleratzeagatiko baimena gaixotasunagatik zein erditzeagatik izan daiteke. Izan ere, Estatutuak eta hitzarmen gehienek ez dute bereizketarik egiten. Hau da, arrazoia “ospitaleratzea” da, zergatia bereiztu barik. Erditzea ez da gaixotasuna, jakina, baina berdin-berdin dakar ospitaleko egonaldia arreta mediko-sanitarioa jasotzeko.
Bestetik, ezin da ahaztu sexuagatiko berezikeria izango litzatekeela baimena kasu hauetan ukatzea. Baimenaren helburua senidea laguntzea bada, onartezina da kasu honetan ukatzea, gizonezkoren bati garrantzi txikiko edozein ebakuntza egiteko onartzen den bitartean, adibidez.
Hortaz, ez litzateke beharrezkoa izango enpresari komunikatzea zeintzuk izan diren erditzearen ezaugarriak -naturala izan den edo zailtasunak izan diren, alegia-. Hala ere, badakizue, edozein arazo edo oztoporen aurrean, jar zaitezte kontaktuan sindikatuarekin.
Gaixotasun larriagatik. Noiz jotzen da larritzat gaixotasuna?
Ikusi dugunez, ospitaleratzea ez da kasu bakarra. Estatutuak ezartzen duenez, baimen hau istripu edo gaixotasun larri kasuetan ere har daiteke. Izan ere, ospitaleratzea eta gaixotasun larria bereizten diren egoera bi dira, hortaz, baimen ezberdinak hartzeko aukera ematen dute. Bestetik, baliteke hitzarmenean egoera bietako bakar bat hobetzea eta bestea ez, egun libre gehiago hartzeko aukerarekin, esaterako.
Gaixotasun bat larritzat jotzea, berez, nahiko ausazkoa da, ez baitago zehaztutako kontzepturik, ezta gaixotasun zerrendarik edo irizpide finkorik ere. Honela, “larritasunaren” interpretazioa egoera zehatzaren ezaugarrien arabera balioztatu beharko litzateke. Hori dela eta, 2010eko azaroaren 24ko ebazpen batean, Ciudad Realeko Epaitegiak zera ezarri zuen, baimen hau disfrutatzeko ez dela beharrezkoa berebiziko larritasunik edo arriskurik eskatzea; aitzitik, gaixoa laguntzeko senidearen presentzia beharrezkoa den kasu guztiak hartu beharko lituzke barne.
Hainbat ebakuntza edo ospitaleratze direnean, nahiz eta gaixotasun berbera izan
Urteetan zehar epaitegiek ebazpenak eman dituzte kasu zehatz honen inguruan, gure senidea, gaixotasun berberagatik, behin baino gehiagotan ospitaleratua izan behar denean. Hala ere, epaitegi hauek ez dira beti ondorio berberetara heldu.
• Prozesu patologiko berean ebakuntza bat baino gehiago egin behar izanez gero, horrenbeste baimen hartzeko eskubidea izango genuke (Aragoiko Auzitegi Gorena, 2000/03/06).
• Ekinbide mediko berberak ospitaleratze bi ekarriko balitu, ospitaleratze hauen artean egun bakar bat pasatuko balitz eta gaixoa ez balitz ospitalean gelditu beharko, baimen bat eta bakarra disfrutatuko litzateke, lehenbiziko ospitaleratzetik zenbatzen hasiko litzatekeena (Gaztela-Mantxako Auzitegi Gorena, 2005/03/10).
• Aitzitik, beste kasu batzuetan ulertu da ospitaleratze bakoitza gertaera berezitua dela (gaztelerazko “hecho causante”), nahiz eta gaixotasun berberagatik izan, ospitaleratze bakoitzak familian sorrarazten diren premiei aurre egin behar izatea dakarrelako (Galiziako Auzitegi Gorena, 2010/12/21). Hala ere, interpretazio hau ez da beti baliogarria. Hala gertatu da hitzarmen kolektiboak gaixotasun luzeei edo birgaixotzeei aurre egiteko lizentzia ez ordaindua ekarri duenean (Madrileko Auzitegi Gorena, 2016/11/30).