Langile autonomoek, inoren konturako langileek bezala, aldi baterako ezintasun kasuetan baja hartzeko eskubidea daukate eta, hortaz, prestazioa jaso dezakete.

Ikusiko duzuenez, babes mailari dagokionez, antzekotasun handiak daude, hala nola prestazioaren zenbatekoan edo bete beharreko baldintzetan. Hala ere, berezitasunak badira, jakina, erregimen ezberdin bi direnez gero.

Autonomoak eta aldi baterako ezintasuna edo ezintasun iragankorra

2023/12/14

— Autonomoen Estatutuko IV. Titulua (langile autonomoen babes soziala)
— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko II. Tituluko V. Kapitulua (aldi baterako ezintasuna)— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko IV. Tituluko III. Kapitulua (Autonomoen Gizarte Segurantzaren Erregimen Berezia)

Langile autonomoak, berezitasun batzuekin bada ere, Gizarte Segurantzaren babes sistema barruan daude. Aldi baterako ezintasun kasuetan, inoren konturako langileek bezala, estaldura eta prestazio berberak jasotzeko eskubidea daukate; hau da, baja medikoa hartu eta prestazioa kobratu ahal dute, oso baldintza antzekoetan. 

Kontzeptu honengatik kotizatzea derrigorra al da?

Gogora dezagun gaixotasun edo istripuak multzo handi bitan banatzen direla: gertakizun arruntek eta gertakizun profesionalek eragindakoak. Kotizazioak -eta prestazioak- ere sailkapen honen arabera izaten dira.

Kotizazio oinarri eta tipoen inguruko informazio gehiago nahi baduzu, artikulu hau kontsulta dezakezu:

Gertakizun arruntengatik kotizatzea autonomoentzat derrigorra da 2008tik eta gertakizun profesionalengatik 2019tik. Salbuespenen bat badago, hala ere, adibidez, pluriaktibitatean aritzen diren autonomoak edo euren konturako nekazarien sistema berezi barruan dauden langileak.

Badakizuenez, autonomoek, alta ematen dutenean, mutualitate bat ere aukeratu behar dute. Enpresa hauek Gizarte Segurantzaren prestazioak kudeatzen dituzte, hauen artean, aldi baterako ezintasuna.

Izan ere, duela zenbait urte “Gizarte Segurantzaren mutualitate laguntzaile” deitura eman zitzaien, sistema publikoaren pribatizazioan itzelezko aurrerapausoa ekarri zuen “Mutualitateen Legeari” esker.

Bizilanen kritikatu behar dugu mutualitateak, gobernuz gobernu, paper gero eta handiagoa jokatzen dutela eta esku hartze handiagoa daukatela langileon osasunean. Ez ahaztu euren interes propioak zaintzen dituzten enpresa pribatuak baino ez direla.

Pribatizazio prozesu honek zera bilatzen du, sistemarentzat produktiboak diren langileek mutualitate patronalen bidezko arreta izan dezatela, ahalik eta lasterren lanera buelta daitezen lortzeko; eta produktibotzat jotzen ez diren horientzat, berriz, baliabidez hustutako osasun sistema publikoa. Horixe da epe laburrerako daukaten helburua. Halaxe islatzen du Gizarte Segurantzak eta AMATek, mutualitateen patronalak, sinatu behar zuten dokumentu-zirriborroak, LAB sindikatuak azalarazi eta zabaldu zuena.

Denarekin ere, esan bezala, autonomoak kontingentziak mutualitate batekin kontratatzera behartuta daude. Hortaz, eskaera mutualitateari egin beharko diogu eta berak kudeatuko du prestazioa.

Bete beharreko baldintzak

— Altan egon behar zara

— Kuoten ordainketan egunean egon behar zara. Hau horrela ez balitz, Gizarte Segurantzak 30 eguneko epea emango dizu zor duzuna ordaintzeko (ordaintzeko gonbidapen mekanismoa, 2530/1970 Dekretuaren 28. artikulua).

— Gutxieneko kotizazioak:
               • Gaixotasun arruntagatik bada, gutxienez 180 egun kotizatu behar izan dituzu azken 5 urteetan zehar.
               • Istripuagatik bada -izan hau lan istripua, izan istripu arrunta- edo lan gaixotasunagatik bada, ez da aldez aurretiko kotizaziorik behar.

Zer jotzen da lan istriputzat eta lan gaixotasuntzat?

Baja gertakizun arruntengatik edo lan gertakizunengatik izan bada, honek ondorio ezberdinak dauzka prestazioaren ordainketan, hurrengo atalean ikusiko dugun bezala.

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 316. artikuluak honelaxe azaltzen ditu autonomoen lan istripu eta gaixotasunak:

Lan istripua:

Autonomoak egiten duen lanaren ondorio zuzen eta berehalakoaz gertatu den hori. Era berean, jarduera ekonomiko edo profesionala garatzen den tokirako joan-etorrietan gertatutakoak ere lan istriputzat joko dira. Hau da, lan egitean suerta daitezkeenaz gain, in itinere deitutakoak ere bai.

Lan gaixotasuna:

Lan gaixotasunak, bai autonomoentzat, bai inoren konturako langileentzat, zehaztu eta murrizturik daude. Esan nahi baita, lan gaixotasunen zerrendan zehazten diren elementu eta jarduerek eragindakoak izan behar direla. Zerrenda hau 1299/2006 Dekretuaren gehigarrian kontsulta daiteke.

Prestazioaren zenbatekoa

Esan bezala, prestazioaren zenbatekoa ez da berdina gertakizun arruntengatik edo lan gertakizunengatik gertatu bada:

Gertakizun arruntengatik (istripu edo gaixotasun arrunta):
            – Lehen 3 egunetan ez da ezer jasoko
            – 4. egunetik 20. egunera oinarri arautzailearen %60 jasoko da
            – 21. egunetik aurrera oinarri arautzailearen %75 jasoko da

Lan gertakizunengatik (lan istripu edo gaixotasuna):
            – Oinarri arautzailearen %75, baja hartu eta hurrengo egunetik aurrera

Bajan egon bitartean kotizatzen jarraitu behar da?

Lehen 60 egunetan bai. Hau da, lehen hilabete bietan kotizatu beharko duzu. Hortik aurrera, mutualitateak ordainduko ditu kuotak, gertakizun guztiengatik.

Dokumentazioa

— Eskaera-orria.
               Adibide bi ekarri dizkizugu: HEMEN Gizarte Segurantzaren Institutuarena eta HEMEN mutualitate batena.

— NAN edo atzerritarren nortasun txartela (TIE)

— Baja partea.

— Azken hilabete bietan kuotak ordaindu izanaren egiaztagiria

— PFEZren 145 Eredua.
               HEMENDIK jaitsi ahal duzu dokumentua.

— Jardueraren egoeraren aitorpena.
               Dokumentu honen bitartez, azaldu behar duzu zure jarduera ze egoeratan geratuko den: nork kudeatuko duen bajan zauden bitartean edo jarduera tarte horretan bertan behera geldituko ote den. 15 egun dauzkazu aurkezteko, baja hasieratik zenbatuta.
               HEMEN daukazu Gizarte Segurantzaren dokumentua, adibide moduan.

Baja parteak: 2023ko apiriletik ez da beharrezkoa langileak baja, berrespen eta alta parteak mutualitateari helaraztea, Gizarte Segurantzak egingo du zuzenean. Honetaz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat hurrengo artikuluari:

Aldi baterako ezintasuna eta jarduera amaiera

Bajan egon bitartean zure negozioa utzi behar baduzu, hau da, jarduera amaiera egoerara pasatu behar bazara, baja kobratzen jarraituko duzu. Kasu honetan jarduera amaieragatiko prestazioaren zenbatekoa jasoko duzu (%70).

Aldi baterako ezintasun egoera behin amaituta (alta hartuta, alegia), jarduera amaieragatiko prestazioa kobratzen hasiko zinateke. Izan kontuan bajan egon bitartean gastatu duzun prestazio denbora kontsumitutzat joko dela.

Beraz, laburbilduz, praktikan, bajan bazaude eta jarduera uzten baduzu, jarduera amaieragatiko prestazioaren besteko zenbatekoa kobratzen hasiko zinateke eta, baja behin amaituta, baldintzak betetzen badituzu, jarduera amaieragatiko prestazioa kobratzen jarraituko zenuke, agortu arte.

— Jarduera amaieragatiko prestazioa kobratu bitartean baja hartu behar baduzu, egoera ezberdin bi daude:

 • Jarduera amaiera baino lehen hasitako gaixotasun prozesu baten birgaixotzeagatik bada: aldi baterako ezintasuna (baja) kobratzen hasiko zinateke, jarduera amaieragatiko prestazioaren zenbateko berean. Jarduera amaieragatiko prestazioa behin amaituta, oraindik bajan bazaude, aldi baterako ezintasun prestazioa jasotzen jarraituko zenuke.

• Gaixotasun berri batengatik bada: kasu honetan ere, aldi baterako ezintasun prestazioa jasoko zenuke, jarduera amaieragatiko prestazioaren zenbateko berean. Hori bai, jarduera amaieragatiko prestazioa behin amaituta, oraindik bajan bazaude, IPREMaren %80 jasoko zenuke.

Jarduera amaieraz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat hurrengo artikuluari:

Aldi baterako ezintasuna jarduera aniztasunean edo pluriaktibitatean

Pluriaktibitatean aritzen diren autonomoek, Autonomoen Erregimenean ez ezik, Erregimen Orokorrean ere kotizatzen dutenez, aukera dezakete autonomoetan ez kotizatzea aldi baterako ezintasunagatik. Hau da, kotizazio hau hautazkoa da.

Edozelan, aukeratu ahal dute prestazioaren estaldura Autonomoen Erregimenetik egitea. Aukera hau egin daiteke autonomoetan alta ematean edo nahi den momentuan, idatziz eta urteko urriaren 1a baino lehen (hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko litzateke indarrean).

Era berean, autonomoen estaldurari uko egin nahi badiozu, hau ere idatziz egin beharko zenuke urriaren 1a baino lehen (hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginekin).

Azkenik, autonomoetan bazeunde eta inoren kontura ere hasi bazara lanean, hau da, jadanik autonomoetan zeundela hasi bazara pluriaktibitatean eta autonomoen estaldurari uko egin nahi badiozu (Erregimen Okorreko estaldurarekin geratzeko), Erregimen Orokorrean alta eman eta hurrengo 30 egunetan egin beharko duzu eskaera.

Jarduera aniztasunaz edo pluriaktibitateaz gehiago jakin nahi baduzu: