Kotizazio oinarriak
2022/01/25ean eguneratuta
Aurrekontu Orokorren 22/2021 Legearen 106. artikulua
Kotizazio oinarria zera da, langilearen hilabeteko soldata gordina gehi aparteko pagak prorrateaturik. Legez finkatzen dira zeintzuk diren gutxieneko eta gehieneko kotizazio oinarriak, kategoria profesional ezberdinentzat. Hauen arabera ezartzen da zenbat kotizatu behar duten langileek eta enpresek Gizarte Segurantzan.
Langile autonomoek, etxeko langileek, itsasoko langileek eta nekazariek erregimen bereziak dauzkate eta euren kotizazio oinarriak ere ezberdinak dira.
Hilabetero Gizarte Segurantzari egiten zaizkion ekarpenak “kotizazio” izena daukate eta hauen bitartez hainbat prestazio finantzatzen dugu, hala nola langabezia, erretiroa eta aldi baterako ezintasunak edo “bajak”.
Hortaz, enpresak eta langileak hilabetero kantitate bat ordaindu behar diote Gizarte Segurantzari, kotizazio oinarriaren ehuneko bat (“tipo” bat), alegia. Hau da, dagokigun tipoa edo ehunekoa gure oinarriari aplikatu behar zaio eta emaitza hori izango litzateke egin beharreko kenketa. Enpresa izaten da bere kotizazioak zein langilearenak ingresatzen dituena; honela, gure nominan soldata gordinari kenketa hauek egiten zaizkio. Etxeko langileen kasuan posible da kasu batzuetan langileak berak kotizazio hauek ingresatzea. Ikus. etxeko langileen erregimena
Esan bezala, talde ezberdinak daude eta bakoitzak bere oinarri sistema dauka. Gizarte Segurantzak bere orrialdeetan taulak eta zehaztapenak ematen ditu. Artikuluaren amaieran loturak aurkitu ahal izango dituzue. Edozelan, hona ere hiru erregimenetakoak ekarri dizkizuegu: erregimen orokorra, autonomoak eta etxeko langileak.
2021eko abenduaren 4ean, larunbatean, BOEn PCM/1353/2021 agindua argitaratu zen. Honen bitartez, kotizazio oinarrietan zenbait aldaketa egin ziren (erregimen orokorrean eta etxeko langileen sistema berezian). Oinarri berri hauek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasi ziren indarrean, abenduaren 5ean, alegia, baina atzeraeraginez egin zuten. Honen berri bere momentuan eman genizuen eta taula berriak argitaratu genituen.
Denarekin ere, abenduaren 28an argitaratu zen 2022. urterako Aurrekontu Orokorren Legea. Bertan aldaketa berriak etorri ziren kotizazio oinarrietan. Hauexek dira, hortaz, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatu behar diren kotizazio oinarri berriak.
Kotizazio oinarri eta tipoak 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera:
Erregimen orokorra
Ikusiko duzuenez, gehieneko muga igo egin da. Gutxieneko mugak, ordea, berdin iraungo du, harik eta lanbidearteko gutxieneko soldata igo arte. Hau igotzen denean, gutxieneko mugek ere portzentaje berean egingo dute.