Autonomoen “langabezia” (kotizazioa jarduera amaieragatik)

Autonomoentzako langabezia edo, zehazkiago, jarduera amaieragatiko prestazioa 2010ean hasi zen indarrean (32/2010 Legea). 2015ean hainbat berritasun sartu ziren 35/2014 Legearen bitartez (Mutualitateen Legea). Hala ere, hauetan urte guztietan prestazio hau eskuratu ahal izatea benetan zaila izan da autonomoentzat, jarduera amaiera egiaztatzeko mutualitateek ipintzen dituzten oztopo guztiak direla eta. Hau da, kasu askotan, prestazio eskaerak atzera botatzen dituzte, nahiko “akreditaturik” ez daudela argudiatuta.

Jarduera amaieragatik kotizatzea hautazkoa izan da bere sorreratik, harik eta 2019ko urtarrilera arte. 28/2018 Lege-Dekretuak 2019ko urtarriletik aurrera autonomo guztiek jarduera amaieragatik kotizatzera beharturik daudela ezarri zuen. Hala eta guztiz ere, dekretu hau martxan jarri zenetik, kotizatzeko beharra bai, baina prestazio eskubidea oraindik dago kolokan, ezeztatu diren hainbat eta hainbat eskaerak erakusten duten bezala.

Jarduera amaieraren arrazoiak eta dokumentazioa

Hasteko, autonomoen jarduera amaiera arrazoitua egon behar da. Hau da, autonomo batek bere jarduera bertan behera uzten badu, beste negozio mota batekin hasi nahi duelako edo soldatapeko moduan lanen bat aurkitu nahi duelako, ez luke izango prestazio eskubiderik. Jarduera amaitzera beharturik egon behar dira prestazioa jaso ahal izateko.

Kasu guztietan jardueraren amaieraren arrazoia azaltzen duen zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko da. Arrazoia ekonomikoa bada, dokumentazio fiskala ere aurkeztu ahal da, hala nola, BEZaren aitorpenak edo diru-sarrerak islatzen dituen Zerga Agentziaren egiaztagiria.

Legeak dakartzan arrazoiak honako hauek dira:

• Arrazoi ekonomiko edo teknikoak zein ekoizpen edo antolaketa arrazoiak. Arrazoi ohikoenetako bat da. Jarduera ekonomiko edo profesionalarekin jarraitzea ezinezko egiten duten arrazoiak dira:

– Galerak: urtean %10eko diru-galerak izan direla egiaztatu behar da.

– Betearazpen judizialak: epaitegiak autonomoaren zorrak kobratzeko ebazpena ematen duenean. Zor hauek, gutxienez, autonomoaren diru-sarreren %30ekoak izan behar dira. Kasu honetan, ebazpen judizial edo administratiboak atxiki beharko ditugu.

– Hartzekodunen konkurtsoan egotea: porrot zein ordainketa etendura kasuetan. Hartzekodunen konkurtsoan egoteak, berez, jarduerarekin ezin jarraitzea dakar berarekin batera. Kasu honetan bulegoen edo establezimenduen itxiera agintzen duen autoa aurkeztu beharko da.

• Ezinbesteko kasuak (gaztelerazko “fuerza mayor”): ezinbesteko kasutzat hartzen dira Aseguru Legean barnebiltzen direnak, hala nola suteak eta bestelako hondamen naturalak.

– Beste kasu batzuk dira: lizentzia administratiboaren galera, genero indarkeria (kasu honetan auto edo ebazpena aurkeztu beharko duzu) eta dibortzioa edo banaketa kasuetan, bikotekide biek elkarrekin lan egiten bazuten (dibortzio ebazpena edo horren parekoa atxiki beharko duzu).

Zeintzuk dira prestazioa jasotzeko baldintzak?

• Jarduera amaieragatik 12 hilabetez segidan kotizatu behar izan duzu. 12 hilabete hauek jarduera amaiera aurrekoak izan behar dira. Hortaz, 2019ko urtarrilean hasi bazinen jarduera amaieragatik kotizatzen, ezingo zenuke prestazioa eskatu harik eta 2020ko urtarrilera arte, hau da, 12 hilabete horiek pasatu direnean.

• Gizarte Segurantzan alta egoeran egon behar zara eta kuoten ordainketa eguneraturik izan behar duzu.

• Jarduera konpromisoa sinatu behar duzu

• Ezin zara jubilazio adinean egon.

Eskaera egiteko epeak

Jarduera amaiera gertatu eta hurrengo hilabetea daukazu eskaera egiteko. Hau da, hurrengo hilabeteko azken egunean epea amaituko zaizu. Erabakia 30 lan egunetan emango da.

Prestazioaren zenbatekoa

Prestazioaren zenbatekoa azken 12 hilabeteetako kotizazio oinarrien batezbestekoaren araberakoa izango da. Kotizazio oinarria eta kuotak zenbat eta altuagoak, orduan eta handiagoa izango da prestazioa. Jasoko den kopurua oinarri erregulatzailearen %70 izango da.

Prestazioaren gehienezko zenbatekoa IPREMaren %175 izango da. Autonomoak bere kargupean seme-alabarik izanez gero, zenbateko hau igoko da IPREMaren %200ra (seme edo alaba bakar bat) edo %225era (seme-alaba bat baino gehiago)

Prestazioaren gutxieneko zenbatekoa IPREMaren %107 edo %80 izango da, segun eta autonomoak seme-alabarik daukan ala ez.

Prestazioaren iraupena

Prestazioaren iraupena kotizazio epeen araberakoa izango da. Esan dugunez, gutxienez aurreko 12 hilabeteetan zehar jarduera amaieragatik kotizatzen egon behar izan zara:

– 12 eta 17 hilabete artean kotizaturik: lau hilabeteko prestazioa
– 18 eta 23 hilabete artean: sei hilabete
– 24 eta 29 hilabete artean: zortzi hilabete
– 30 eta 35 hilabete artean: hamar hilabete
– 36 eta 42 hilabete artean: urtebete
– 43 eta 47 hilabete artean: 16 hilabete
– 48 hilabete edo gehiago: bi urte

Zenbat kotizatzen da jarduera amaieragatik?

Esan dugunez, 2019ko urtarriletik autonomoen erregimenean izan den berritasunik handiena kotizazioei dagokie.

Jarduera amaieragatik, berez 0,70% kotizatzen da. edozelan, lehen hainbat kotizazio mota borondatezkoak ziren, hau da, autonomoak ez zeuden behartuta kontzeptu horiengatik kotizatzera: kontingentzia profesionalak, etengabeko prestakuntza edo jarduera amaiera. Orain autonomo guztiek kotizatu behar dute hauengatik.

Honela, gutxieneko oinaria %1,25 handitu da eta, guztira, 944,40 euro dira 2019. urterako. Kotizazio ehunekoa ere igo da %29,80tik %30era.