Zer dira tramitazio soldatak?

Kaleratze bat epaitegian salatzen bada eta kaleratze bidegabea edo baliogabea izan dela ebazten bada, tramitazio soldatak jaso behar ditugu. Kaleratuak izan ginenetik epaiaren datara arte lanean jarraituz gero jaso behar izan genuen soldataren kopurua da. Hau da, lanean jarraitu izan bagina, kobratuko genukeen kopurua jaso behar dugu (adibidez, prozedura judizialak urtebete eman badu, urtebeteko soldata jaso beharko genuke).

Tramitazio soldatak konpentsatorioak dira, hau da, kalteordain izaera daukate. Horregatik, kotizatzen badute ere, ez dute, esaterako, oporrik generatzen.

Noiz jasotzen dira tramitazio soldatak?

Kaleratze baliogabeen kasuan, enpresak langilea berrartzera derrigortuta dago eta, hortaz, edozein kasutan tramitazio soldatak ordaindu behar dizkio.

Kaleratzea bidegabea izan bada, enpresak bi aukera dauzka:

– Langilea berriro hartu eta, beraz, tramitazio soldatak ordaindu behar dizkio
– Kaleratze bidegabeagatiko kalteordaina eman. Kasu honetan tramitazio soldatak ez dira ordaintzen. Aldaketa hau 2012ko lan erreformak ekarri zuen; alegia, erreforma baino lehen kalteordainaz gain, tramitazio soldatak ere jasotzen ziren.

Kaleratua langileen ordezkaria edo ordezkari sindikala izan bada, langileari dagokio erabakitzea enpresara itzuli nahi duen edo kalteordaina jasotzea nahiago duen. Edozein kasutan, tramitazio soldatak ordaindu beharko dizkio enpresak.

Tramitazio soldatak eta beste diru sarrera batzuk

Kaleratu eta gero beste lanen batean hasten bazara edo langabezia prestazioa jasotzen baduzu, tramitazio soldatak txikitu ahal dira:

– Beste lan bat lortzen baduzu: kaleratu zintuen enpresak tramitazio soldatak ordaintzen dizkizunean, lan berrian jaso duzun diru kopurua deskontatu ahal dizu.
– Langabezia prestazioa jasotzen egon bazara: enpresak ordaintzen dizkizun tramitazio soldatetatik prestazioaren kopurua deskontatuko du eta enpresak berak itzuliko dizkio SEPEri prestazioak. Zuk ez duzu ezer itzuli behar.

Edozelan, epaitegiak enpresa tramitazio soldatak ordaintzera behartuko balu, eta enpresa porrot egina balego edo hartzekodunen konkurtsoan balego, ez zenituzke langabezia prestazioak itzuli beharko