Nora jo erroldatzeko?

Zertarako balio du erroldak?

Migrantea bazara, egin behar duzun lehenbiziko papera errolda da. Dokumentu honek bizilekua daukazula egiaztatzen du. Hau oso inportantea da errotzeagatiko erresidentzia eskatu ahal izateko, adibidez.

Laguntza sozialak eta osasun txartela eskatzeko edo umeak eskolan apuntatzeko ere beharrezkoa da errolda.

Non egin behar da?

Erroldatzeko zure udaletxera edo udalak auzoetan dauzkan bulegoetara joan behar zara. Zenbait kasutan online ere egin daiteke. Berdin da non bizi zaren, informazioa 010 telefonoan eskatu dezakezu (tarifa arrunta daukan zenbakia da). Edozelan, hemen dauzkazu hiriburuetako informazio telefonoak:

Bilbo: 944 010 010
Donostia: 943 481 000
Gasteiz: 945 161 100
Iruñea: 948 420 100

Eta honako dokumentazio hau eraman behar duzu:

– Nortasun agiri bat (pasaportea)

– Etxearen alokairuaren kontratua zure izenean. Seguruenik ez daukazu nahiko baliabiderik etxe bat zure izenean alokatzeko. Horrela balitz, alokairu kontratua (edo jabetza dokumentua) eraman behar duzu, etxebizitza alokatuta daukan pertsonaren (edo jabearen) nortasun agiriaren kopia bat eta sinatutako baimen bat. Gela bat alokatu baduzu, eskatu dokumentu hauek alokatu dizun pertsonari.

Paperik ez badaukazu ere, ez izan erroldatzeko beldurrik

Askotan paperik ez daukaten migrateak erroldatzearen beldur dira. Hala ere, erroldako datuak legez babestuta daude eta, hortaz, udalak ez dizkio poliziari emango; areago, poliziak ezin dizkio udalari bertan erroldatu diren migranteen datuak eskatu.

Errolda berriztatzea

Migrantea bazara, izan kontuan errolda ez zaizula automatikoki berriztuko eta, hori dela eta, urte bitan behin zeuk berriztu beharko duzu.