Aldi baterako ezintasuna edo ezintasun iragankorra (laneko baja)

Gaixotasun edo istripu baten ondorioz, eta medikuak horrela esanda, ezin dugunean lanik egin, bajan edo aldi baterako ezintasun egoeran gaude.

Baja mota bi daude

Kontingentzia arruntak: lanarekin zerikusirik ez daukan gaixotasun edo istripu baten ondorioz.
Kontingentzia profesionalak: lan istripua izan dugunean edo lanean zein lanaren ondorioz hartutako gaixotasunagatik.

Bien artean ezberdintasunak badaude, hala nola bajan gauden bitartean kobratuko dugun kopuruari dagokionez, besteak beste. Edozelan, hemen adierazten ditugunak legeak ezertzen dituen gutxienekoak dira, baina hitzarmenak hobetu ditzake (hainbat kasutan %100era ere hel liteke).

Kontingentzia arruntengatik bada, aurreko 5 urteetan gutxienez 180 egun kotizaturik izan behar ditugu prestazioa jaso ahal izateko

• lehen 3 egunetan ez da ezer kobratzen
• 4. egunetik 20. egunera oinarri arautzailearen %60 kobratzen da
• 21. egunetik aurrera oinarri arautzailearen %75

Kontingentzia profesionalengatik bada, ez da gutxieneko kotizaziorik behar

• bajaren hurrengo egunetik aurrera oinarri arautzailearen %75 kobratzen da
• lanean istripua izan badugu, egun horretako soldata osoa jasoko dugu

Baja, berrespen eta alta parteak

Esan dugunez, aldi baterako ezintasun egoera medikuak eman behar du. Medikuak hasieran baja partea emango digu eta parte hau berresten joan beharko da, harik eta alta partea eman arte.

2015eko abendutik aurrera (625/2014 Dekretua, uztailak 18) zenbait aldaketa izan dira:

Baja lan gaixotasun edo istripuaren ondorioz izan bada, mutualitatea da baja partea emateko arduraduna. Gaixotasun edo istripu arrunta izanez gero, familia medikuak eta, azken aldaketen arabera, baita larrialdietako medikuak ere.

Bajak, iraupenaren arabera, lau multzotan banatu dira eta, honekin batera, berrespen parteen maiztasuna ere aldatu da (orain arte edozein bajatan astero joan behar ginen medikuarengana berrespen partea jasotzera)

Iraupen oso laburreko bajak: 5 egunetik behera. Kasu hauetan ez gara berrespen partea jasotzera joan behar, medikuak baja eta alta partea batera emango baititu.
Iraupen laburreko bajak: 5-30 egun artean. Baja hauetan lehen berrespen partea zazpi egunetara egingo da eta, honen ostean, berrespen parteak bi astetan behin. 5 egun baino gehiagoko baja guztietan adierazi beharko da noiz joan behar garen berriro medikuarengana azterketa egitera.
Iraupen ertaineko bajak: 31-60 egun artean. Lehen berrespen partea 7 egunen buruan eta hurrengoak 28 egunetan behin.
Iraupen luzeko bajak: 61 egun baino gehiago. Lehen berrespen partea 14 egunetara eta hurrengoak 35 egunetan behin.

Esan beharrik ez dago honelako erreformek medikuak behartzen dituztela aldez aurretik gaixoak atal zurrunetan sailkatzera, gaixotasunek pertsona bakoitzarengan izan dezaketen garapen indibidualak kontuan hartu gabe.

Honetaz gain, hiru hilabetetan behin jarraipen txostena egitera eta mutualitatera bidaltzera behartuta daude, baja berrestea nahikoa arrazoi ez bailitzan. Hau da, langileok ez ezik, familia medikuak ere kontrolatzeko moduak dira, gure osasunaren kontura beti iruzurretan ibiliko bagina bezala.

Izan ere, azken erreforma guztiak balizko iruzur horretara bideratuta egon dira (eta ez lan baldintzak kontrolatzera, baja gehienen arrazoia lan baldintza kaskarrak badira ere). Honela, mutualitateak azterketa medikoa egitera deitu ahal digu nahi duen momentuan eta, joango ez bagina, prestazioa galduko genuke.

Bajak 365 egun baino gehiago irauten badu, kontrola Gizarte Segurantzaren Institutuak (INSSek) hartuko du.

Baja zein berrespen parteak enpresari hurrengo hiru egunetan zehar helarazi behar diogu. Alta ematen digutenean, hurrengo 24 orduetan zehar jakinarazi behar dugu.

BAJA PARTEAREN EREDUA
Zenbat denboraz egon daiteke bajan?

Aldi baterako ezintasun egoerak, gehienez, 365 egun iraun lezake. Denbora hau pasaturik, hiru gauza gerta litezke:

• alta ematea
• baja 180 egunez luzatzea (sendatzeko aukera dagoela aurreikusiz gero)
ezintasun iraunkorra aitortzeko izapideetan hastea

Eta alta ematen badizute eta ez bazaude ados?

Inpugnatu zenezake. Edozelan, sindikatuarekin kontaktuan jartzeko gomendatzen dizugu, prozedura konplexua delako eta ezberdina izango delako alta eman dizun erakundearen eta momentuaren arabera.

Gizarte Segurantzak edo Osakidetzako/Osasunbideako medikuak lehen 365 egunetan zehar alta eman badizu:

Gizarte Segurantzan erreklamazioa aurkeztu behar da, hurrengo 11 egunetako epean. Gizarte Segurantzak 7 egun dauzka erantzuteko. Ezezkoa erantzuten badu edo ez badu erantzuten (erantzunik eza ezezkotzat jotzen da), lan arloko epaitegietan salatu daiteke 20 eguneko epean.

Honelakoetan ohikoa da INSSek baino, medikuak berak ematea alta, Osakidetzakoak edo Osasunbideakoak. Kasu honetan erreklamazioan osasun zerbiztu publikoa ere demandatu beharko litzateke INSSarekin batera.

Mutualitateak lehen 365 egunetan zehar alta eman badizu:

Gizarte Segurantzan errekurritu behar da. 10 egun dauzkazu honetarako eta idatziarekin batera zure historial medikoa atxiki beharko duzu. Mutualitateak ez badizu historiala eman, eskatu izanaren kopia eman beharko duzu.

Enpresari jakinarazi beharko diozu, zeren eta, alta berrikusi arte, baja egoeran jarraituko baituzu. Gizarte Segurantzak 15 egun dauzka erantzuteko. Erantzuna baiezkoa izan ahal da (hau da, zure aldekoa) eta orduan baja luzatuko litzateke; aitzitik, kontrakoa bada eta Gizarte Segurantzak mutualitateak emandako alta berresten badu, baliteke egun horietan jaso duzun prestazioa itzuli behar izatea.

Gizarte Segurantzak bajaren 365. egunean alta eman badizu:

Lau egun dauzkazu Gizarte Segurantzan altarekin ados ez zaudela azaltzen duen idatzia aurkezteko. Enpresari jakinarazi behar diozu altaren berrikuspenari ekin diozula, denbora honetan zehar baja egoera luzatuko baita.

Osasun Zerbitzu Publikoak erabaki lezake altarekin ados ez dagoela (7 eguneko epea) eta berrikusteko proposatu lezake. Orduan Gizarte Segurantzak beste zazpi egun izango lituzke alta bertan behera uzteko. Aiztitik, Osasun Zerbitzuak alta berretsi lezake; era berean, 11 egunetan erantzungo ez balu, alta berretsita dagoela ulertuko da.

Gizarte Segurantzak 365 egun pasatu eta gero alta eman badizu

11 egun daude Gizarte Segurantzaren aurreko erreklamazioa aurkezteko. Honen ostean, lan arloko epaitegietan ere salatu liteke. Hala ere eta zoritxarrez badakigu prozedura judizialek luze jotzen dutela eta bien bitartean lanera itzuli beharko zinateke.