Zer egin kaleratzen bazaituzte, erresidentzia baimenaren iraupena amaitu delako?
Ez dago honen inguruko araudirik, baina bai langileen aldeko Epaitegi Gorenaren ebazpen bat. Epaitegi honen ebazpenak arau bihurtzen dira eta, hortaz, honelako kasuetan arau hau aplikatu beharko litzateke: langile migrante baten dokumentuak kadukatzen badira, hau ez da arrazoi nahikoa langilea kaleratzeko.
Esan dugunez, lan arautegiak langile guztiak babesten ditu eta, epaiak ezartzen duen bezala, kaleratzearen arrazoia ezin da izan langilearen esku, hau da, bere kontrolpean, ez dagoen zerbait; esan nahi baita, arrazoia ez da langileak egin duen edo egiteari utzi dion ezer.
Hala ere, egoera hau enpresa askok erabiltzen dute, batzuetan ez dakitelako zelan jokatu behar duten, eta beste askotan espero dutelako langile migranteak bere eskubideak ez ezagutzea eta, hortaz, ez aldarrikatzea. Egoera konplexua da. Aldeko epairen bat egoteak ez du esan nahi kasu guztietan horrela izango denik. Horregatik, aholkularitza bilatzeko gomendatzen dizugu.
Sindikatuan afiliatu ahal zara batere arazorik gabe. Inork ez dauka zure datuak eskatzeko eskubiderik eta, are gutxiago, poliziak, baina garrantzitsuena da sekretuak direla eta ez zaizkiola inori emango. Era berean, egiten duzun ezein kontsulta, ezta ematen diguzun ezein informazio ere, ez zure egoeraz ez enpresarekiko harremanaz, ez da irtengo sindikatutik. Eta hau aholkuak emango dizkizuten kideek ez ezik, beste guztiok ere errespetatuko dugu beti; izan ere, afiliatu guztiok elkar zaintzen dugun komunitatea osatzen dugu.